«Uko egiten diot Israelgo armadan sartzeari. Uko egiten diot sortu zenetik beste nazio bat mendean edukitzeari, eta bere menpe dituen zibilak arpilatzeari eta beldurtzea helburu izan duen armadan sartzeari». Noam Gurrek ezezkoarekin erantzun zion martxoan Israelgo armadan soldaduska egiteko aginduarekin iritsi zitzaion gutunari, azken urteetan geroz eta gazte gehiagok egin duten bezala. Armadak, baina, desertore eta intsumisoen aurkako presioa handitzea erabaki du, eta horiek atxilotzeko hamar eguneko operazio berezia abiarazi zuen larunbatean. Sei egunean 474 lagun atxilotu dituztela jakinarazi zuen atzo Yediot Ahronot egunkariak.
Armadako ofizial batek esan du operazioa «arrakastatsua» izaten ari dela. 474 lagunetatik 218 desertoreak direla adierazi dute armadako iturriek, eta 62, berriz, intsumisoak. Gainontzekoek, kasik 200 lagunek, beren burua entregatu dutela azaldu dute. Operazio honetan atxilotu dituzten lagunen %75 espetxean izanak dira lehenago ere.
Israelen 18 urte betetzerakoan 21 hilabeteko soldaduska egin behar dute emakumezkoek, eta hiru urtekoa, berriz,gizonezkoek. Soldaduska amaitzean erreserbista bilakatzen dira, eta urtero-urtero 30 eta 45 egun artean egin behar dituzte armadan 24 urte bete arte emakumezkoek eta 45 urte bete arte gizonezkoek.
Gurrek aitzakiak alde batera utzi eta zuzenean ezezkoa ematea erabaki zuen. Gutun bat idatzi zuen bere arrazoiak azaltzeko eta bere erabakia jakinarazi zuen, refusenik-en edo palestinarren lurretan soldaduska egiteari uko egiten diotenen mugimendua hilda ez dagoela erakusteko. «Duela hamar urte refusenik-en mugimendu handia egon zen, baina azken bizpahiru urteetan desagertu egin dela dirudi», dio 18 urteko gazteak. Izan ere, 2002an 50 soldadu erreserbistek uko egin zioten publikoki 1967an okupatutako lurraldeetan borrokatzeari, eta «zibilen kontrako erasoak» gaitzesteko egiten zutela argudiatu zuten. Soldadu horien erabakiak zalaparta handia eragin zuen herrialdean, eta horien atzetik beste askoren uko egitea etorri zen. Gaur egun, baina, apenas entzuten den intsumisoen eta desertoreen berri, horien atxiloketen inguruko albisteez gain. Hala ere, isilik egoteaz nazkatu dela kontatu du Gurrek. «Desadostasuna familiartean bakarrik erakusten dugu. Munduak ez daki ez gaudela egiten dutenarekin ados, eta palestinarrek ere ez dakite. Ez dakit nire ezezkoarekin ezer aldatuko ote dudan, baina saiatu egin behar dut», aitortu du intsumisoak.
Sergio Yahni aurrenetako refusenik-a izan zen. 1987an 18 urte bete zituen eta, «israeldar guztiak bezala», soldaduska egin zuen. Israel Libanorekin gerran zegoen orduan. Herrialdearen hegoaldea inbaditu zuten PAE Palestina Askatzeko Erakundea bertatik kanporatzeko. Yahniri gatazka hartan parte hartzea egokitu zitzaion. Hango esperientzia gogorrak eta armadaren funtzionamendua barrutik ezagutzeak begiak ireki zizkiola kontatu du orain. Orduan erabaki zuen ez zuela Israelgo armadan jarraitu nahi, eta 1991n erreserbista zela Gazan armadarekin bat egiteko deitu ziotenean ezezkoa eman zuen. Erabaki hark 11 urte iraun zuen amesgaiztoa ekarri zion: zortzi aldiz erantzun behar izan zuen epailearen aurrean, eta lau aldiz atxilotu zuten. «Israel sortu zenetik, buruzagi guztiek bakea nahi dutela esan digute, eta eskua munduari luzatua dutela, baina ordainetan gerra bakarrik jaso dutela». Yahnik, baina, ez du mezu hori sinesten, eta argi dauka Israelek ez duela bakerik nahi. Horrexegatik erabaki zuen, hain justu, armadatik desertatzea.
Kartzeletan, tokirik ez
Desertoreen eta intsumisoen operazioa egin ahal izateko, kartzeletan tokia egin behar izan dute. Iaz ere saiatu ziren antzeko operazioa egiten, baina asmoa baztertu egin behar izan zuten, kartzelak goraino beteak zituztelako. «Arazo bat izango genuke desertore eta intsumiso guztiak batera entregatuko balira», aitortu zuen armadako ofizial batek operazioa martxan jarri zuten egunean.
Izan ere, 4.500 lagun ingururen bila hasi ziren, eta aste honetan egindako atxiloketen ostean 2.410 desertore eta 1.739 intsumiso geratzen direla adierazi dute armadako iturriek. Iaz legedian aldaketa egin zuen armadak, eta lehen 45 egunez huts egiten zuten soldaduak hartzen bazituzten desertoretzat, egun kopurua 21era jaitsi dute. Horrek desertoreen kopurua handitzea eragin du.
Palestinaren zapalkuntza
Yahnik eskutitz bat idatzi zion 2002. urtean Ben Eliezer orduko Defentsa ministroari, bere arrazoien berri emateko. Refusenik askok palestinarren lurretan soldaduska egiteari uko egin zioten, baina Yahnik armadarekin zerikusia zuen guztiari egin zion uko.Dena den, Israelgo armadak palestinarren aurka egindako «zapalkuntzak» eragin handia izan zuen bere erabakian, hark azaldu duenez.
Israel «gerra zikinaren» erantzule dela dio desertoreak. «Palestinarren exekuzioen, horien azpiegitura ekonomikoak suntsitzearen eta lurrak erretzearen» erantzule jotzen du Yahnikek Israelgo armada. Horrek guztiak gorrotoa eta desesperazioa eragin dituela dio, eta hori israeldarren kalterako ere badela, segurtasunaren izenean indarkeria besterik ekarri ez dutela sinetsita baitago. Israelgo armada «kolonien beso armatua» besterik ez dela dio, eta hala jakinarazi zion desertoreak Eliezer ministroari.
Gurrek, berriz, Nakbaren—hondamendia esan nahi du arabieraz, eta Israel sortu zen egunariegiten dio erreferentzia— inguruan irakurtzen hasi zela azaldu du, eta horrela konturatu zelakontatu ziotena ez zela egia. Orduan hartu zuen soldaduska ez egiteko erabakia.«Ezin dut krimen horietan parte hartu».
Gizartean oraindik gutxiengoa dira armadari uko egitea erabakitzen dutenak, eta justiziaren aurrean erantzun behar izateaz gain euren inguruan ere erantzun behar dute. «Traidoretzat» jotzen dituzte. Gur, dena den, ezkorra da, eta egoera aldatzea «kasik ezinezkoa» dela dio.
Desertore eta intsumiso ehiza
Desertoreak eta intsumisoak atxilotzeko kanpaina bat hasi du Israelgo armadak; sei egunean 474 lagun atzeman dituAzken urteetan nabarmen hazi da armadari uko egitea erabaki dutenen kopurua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu