Desertzioaren bidetik

«Jakina alde egin nahi dudala, baina ezin diot nire soldatari uko egin. Nola mantenduko nituzke nire 11 seme-alabak bestela?». Siriako gerra proba nekeza izaten ari da herritar guztientzat, baita BERRIArekin hitz egin duen Al-Assaden poliziakidearentzat ere.

Gazte bat, Gundik Xalal herrixka kurduko polizia postuaren alboan, joan den asteartean. K. ZURUTUZA.
Gundik Xalal
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Furat Azir ezizenaz agertu nahi du polizia gizon honek. Gundik Xalal herrixka kurduan elkartu gara —Damaskotik 750 kilometro ipar-ekialdera—, etxebizitza batean. Duela bi urtetik bere barrakoia dena hemendik kilometro batera dago; handik beste batera, Turkiako muga. «Hamahiru ginen,baina gutako zortzik alde egin zuten, orain hogei egun. Batzuek Siriako Armada Askearekin egin zuten bat; besteek, Irakeko Kurdistanerantz jo zuten. Gelditu garenok Deir ez-Zor eta Alepokoak gara», dio zibilez jantzitako poliziak, te zurruta eta Libanoko pasta gozoen artean.

Uztailean piztutako hainbat protesten ondorioz, Siriako ipar-ekialdean, Kurdistanen, kurduen kontrolpean daude hainbat herri. Damaskok bere poliziakide guztiak erretiratu ez baditu ere, apenas ateratzen dira beren barrakoi eta eraikinetatik. Furat bat dator baieztapen honekin. «Egunak barrakoi barruan igarotzen ditugu. Telebistan baino ez dugu ikusten herrialdean gertatzen ari dena. Zorionez, ez dugu tiro bakar bat ere bota matxinada piztu zenetik», azaldu du poliziak.

Siriako kurduen PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia eta Baxar al-Assaden gobernuaren arteko negoziazioen inguruko zurrumurruak zabaldu dira azkenaldian. PYDko presidente Salah Muslimek, baina, ukatu egin dio BERRIA-ri inolako akordiorik egin izana. Hainbat analisten aburuz, Damasko Ankara mehatxatzen ari da bere mugetan beste eskualde autonomo kurdu bat onartzearekin. Gainera, Damaskoren maniobraren helburua kurduak eta arabiar matxinoak elkarrengandik urruntzea izan daiteke.

Furatek dio ez duela arazorik PYDrekin. Baina nekez ezkuta dezake berehalako etorkizunakekar dezakeenaren inguruko beldurra. «Turkiara alde egiten saiatu nintzen baina Siriako armadak atxilotu ninduen, eta hamar egun eman nituen preso. Gaur ezingo nintzateke etxera bueltatu, ugariak baitira matxino nahiz gobernuaren kontrol postuak», damu du Furatek. «Bataloikide asko Siriako Armada Askearen zain daudela diote, baina inork ez daki zer gertatuko den erreboltariak guganaino iristen direnean», azaldu du gizonak, eta «Turkiara ala Irakeko Kurdistanera» joango dela gaineratu. «Oraingoz, bertako familien elkartasunaz gozatzen dugu. Denek dakite oso egoera zailean gaudela, beraz, ezinbesteko laguntza eskaintzen digute; janaria, umeentzako arropa…», nabarmendu du polizia kideak, bere eguneroko errutina astunari ekin aurretik.

Alde egin zutenak

Gundik Xalal herrixka kurdutik atera gabe, Al-Assaden soldadu ohi Dilhar bere desertzioaz mintzo da. «Damaskoko Qatanako kuartelean neukan postua. Gerrak soldaduskan harrapatu ninduen, eta behar baino zortzi hilabete gehiago atxiki ninduten, hamabost hilabeteko nahitaezko epea beteta izan arren», gogora ekarri du kurdu horrek. Duela bi aste eskas iritsi zen bere herrixkara; ez zen, alabaina, erraza izan: «kuartelean ezinezkoa zen kanpoan gertatzen ari zenaz jabetzea. Ofizialek nahiz estatuko telebistak Al-Qaedako kide eta mundu osoko jihadisten erasoez hitz egiten zuten beti. Gainera, sakelakoak debekatuta daude barruan».

Antza, hark bezala, beste askok ere lortu zuten beren sakelakoak ezkutuan gordetzea; huraxe baita ezinbesteko tresna familiarekin harremanetan jartzeko. «Damaskorako baimena eskatu nuen, eta hiru ordukoa eman zidaten. Aita zain neukan, etxera eramateko prest. Honainoko kontrolguneak gurutzatzeko nire lehengusuaren nortasun agiriaz baliatu nintzen. Izan ere, soldaduskan gure dokumentazio guztia gordetzen dute».

Dilharren eskarmentu latza ikusirik, Salah bere lehengusuak hiru hilabeteren buruan alde egingo du herritik. Izan ere, 24urtekoheziketa fisikoko irakaslea epe horretan errekrutatuko dute Siriako armadan soldaduska egiteko. «Europara joaten ahaleginduko naiz, baina jakin badakit oso zaila dela. Sekulako dirutza ordaindu ostean, nire senide batek Etiopiaraino iristea baino ez zuen lortu», adierazi du gazte kurduak. Arabiar Emirerri Batuena du bigarren aukera. «Ez dut Libanoko errefuxiatuen gune batean bukatu nahi. Hori egin baino, nahiago dut Turkiara edo Irakeko Kurdistanera jo», gaineratu du, etsita.

Joan den uztailean, Irakeko Kurdistango Gobernuak Baxar al-Assaden 650 desertore —kurduak denak— entrenatu izana onartu zuen. Jakiteko dago oraindik Siriako Armada Askearekin bat egingo duten geroan, edo beren kaxa borrokatuko diren Damaskoren kontra. Edonola ere, Irakeko kurduen keinuak Damasko eta Ankara haserrearazi ditu, Turkiak ez baitu begi onez ikusten Siriako kurduek beren eremuan bereganatu berri duten boterea.

Baina nekez geldiaraz daitezke «mugaz gaindiko» joan-etorriak. Siriako armada atzean utzi, eta Arbilera —Iraken menpeko Kurdistango hiriburua— jo zuen Massudek. «Iritsi eta berehala pexmergen taldean [Irakeko kurduen segurtasun indarretan] sartzea eskatu nuen; hiru hilabete badira 250 dolarreko soldata jasotzen ari naizela», azaldu du Massudek harro, estreinatu berria den kamuflatze uniformez jantzita. «Jakina familiaren falta nabaritzen dudala maiz, baina bizitza berri bati ekin nahi diot mugaren alde honetan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.