«Espero dut konferentzia honek nazioartearen sostengua biltzea, [errefuxiatu eta desplazatuei] babes eta laguntza gehiago emateko», nabarmendu du Banek.
UNHCRren esanetan, 2,3 milioi errefuxiatu irakiar daude Ekialde Hurbileko hainbat herrialdetan sakabanatuta, eta beste 1,9 milioi desplazatuta Iraken barrena.AEBek eta honen aliatuek 2003an hasitako okupazioaren ondoren sortutako indarkeria da desplazamenduon eragilea. NBEk salatu du estatu gehienek ez diotela errefuxiatu irakiarren egoera larriari behar bezala kasu egiten.
NBEk nahi du nazioarteak Siria eta Jordaniari laguntzea, hauek baitira iheslari irakiar gehien hartzen dituztenak. Siriak 1,2 milioi errefuxiatu irakiar ditu, eta Jordaniak 750.000. Halaber, AEBei eta Europako Batasunari errefuxiatu gehiago onartzeko eskatu die.
Errefuxiatu eta barne desplazatuetako asko pobrezia handian bizi dira, eta osasun zerbitzuak eta hezkuntza jasotzeko aukera gutxi dute. Errefuxiatuetarako goi komisionatu Antonio Guterresen hitzetan, nazioartea Irak barreneko gatazkan jarri du arreta, baina krisi humanitarioaren arlo horren aurrean utzikeriaz jokatu du. «Ez zaio arreta aski jarri lau milioi pertsona desplazatu izanari eta horietako batzuk oso-oso egoera zailean egoteari, bai Iraken barrenean bai kanpoan».
Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren Nazioarteko Federazioak 11,25 milioi euroko diru laguntza eskatu dio nazioarteari, Sirian eta Jordanian dauden Irakeko errefuxiatuen arazoari aurre egiteko. Diru horrekin, urte batez, oinarrizko mediku artatzea eta laguntza psikologikoa eskaini nahi diete iheslariei. Halaber, elikagaiak eta oinarrizko gai eta gailuak emango dizkiete.
«Siriako eta Jordaniako herri zein gobernuek laguntza eskuzabala eskaini diete iheslari irakiarrei, baina azpiegitura askotako -ospitale eta ikasguak kasu- ahalmena beren mugara iritsi dira, eta ezinbestekoa da hauei laguntzea», nabarmendu du Federazioko ordezkari Ahmed Gizok.
UNHCRen arabera, Irakeko errefuxiatuen krisia Israelgo estatua sortzean (1948) eragindako palestinarren ihesalditik gertatutako «handiena» da.
OME Osasunaren Munduko Erakundearen arabera, Iraken zauritutako 10 pertsonatatik zazpi ospitaleetan hil egiten dira, mediku, botika eta ekipamendu urritasunagatik. Gainera, irakiarren %80k ez dute osasun zerbitzuetarako aukera eta %70ek edateko ura lortzekoa.
KRITIKA GOGORRAK HAINBAT ESTATURI. HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko taldeak --egoitza AEBetandu-- Iraken auzoko estatuak eta herrialdea okupatzen duten bi potentziak, AEBak eta Erresuma Batua, gogor kritikatu ditu, arrazoi ezberdinengatik.
Irakeko auzoko estatuen kasuan, HRWk dio batzuek oso neurri gogorrak hartu dituztela errefuxiatu irakiarren sarrera gutxitzeko. «Jordaniak eta Egiptok askotan itxi dizkiete beren ateak errefuxiatu irakiarrei, eta Siriak kanpoan utzi ditu Iraketik ihesi joandako errefuxiatu palestinarrak». Ildo berean, HRWk azaldu du Saudi Arabiak 7.000 milioi dolar inbertitu dituela Irakeko mugan goi teknologiako hesi bat eraikitzeko, eta Kuwaitek asilo eskatzaileak errefusatu egiten dituela.
AEBez eta Erresuma Batuez mintzo, HRWk dioenez, haiek «erantzukizun berezia» dute Iraken barrenean zein kanpoan desplazatutakoei laguntzeko tenorean. « Milaka heriotza, izu eta sufrimendu orokorra eta behartutako desplazamenduak eragin dituen gerra hasi zuten haiek», salatu du HRWk errefuxiatuen arlorako duen zuzendari Bill Frelickek. «Indarkeria eta jazarpen gehiago eta kopuru handietako desplazamendua eragin dituen gatazka sektarioa sortu du horrek [gerrak]».
Hain justu, AEBek Genevara bidali duten ordezkari batek, Paula Dobrianskyk, iragarri du aurten 100 milioi dolar inbertituko dituela bere gobernuak Iraken, indarkeria jasandako irakiarrei laguntzeko, etxean nahiz atzerrian. «Alabaina, lehentasun nagusia Iraken segurtasuna eta egonkortasuna bermatzea da, milaka errefuxiatuak beren etxeetara itzuli ahal izateko».
Irakeko Atzerri ministro Hoshiar Zebarik, aldiz, iragarri du Bagdadek 25 milioi bideratuko dituela desplazatuak laguntzera.
INDARKERIAK, ETENIK EZ. Nolanahi ere, okupazioak dirau, baita bestelako indarkeriak ere. Hala, erresistentziak AEBetako bost soldadu hil eta beste sei zauritu ditu azken egunotan, Bagdaden eta Falujan.
Bagdadeko hegoaldean, Tigris ibaian bost pertsonaren gorpuak aurkitu dituzte. Falujan, ustezko hiru ekintzaile hil dira Poliziarekin izandako tiroketa batean. Irakeko iparraldean, bonba bidezko bi atentatutan gutxienez lau pertsona hil eta beste zortzi zauritu dituzte. Gainera, talde islamista batek adierazi du iragan asteburuan bahituta zituen 21 polizia eta soldadu irakiar hil zituela Dijalan.
Maiatzaren 14a arte atzeratu dute 'Calipari auzi'-ko epaiketa
Duela bi urte Bagdaden Nicola Calipari agente sekretu italiarra hiltzeaz akusatutako AEBetako marine Mario Lozanoren kontrako epaiketa heldu den maiatzaren 14ra atzeratu dute, akusazio zibilaren eskariz. Erroman ari dira epaiketa egiten, baina Lozano ez da egundaino auzitegira agertu.Calipari 2005eko martxoan hil zuten, Bagdaden, AEBetako armadaren kontrol batean. Ekintzaile batzuek Giuliana Sgrena kazetari italiarra askatu eta Italiako zerbitzu sekretuen esku utzi ondoren hil zuten agente sekretua. Sgrena sorbaldan zauritu zuten. Horrek salatu zuen AEBek «nahita» hil nahi izan zituztela.