Herrialde arabiarretan desplazatuen kopurua asko hazi da 2011n matxinaden ondorioz; aurreko urtean baino sei aldiz handiagoa izan da, hain justu. Libiako, Siriako eta Yemengo gatazketan 830.000 lagunek etxeak atzean utzita herrialdearen barnean beste toki batera ihes egin dute, IDMC Barne Desplazatuen Ikerketa Zentroak Genevan aurkeztu duen urteroko txostenaren arabera. Hain zuzen ere, herrialde arabiarretako matxinadek eta Boli Kostako hauteskunde osteko gatazkak eragin dute 2011n mundu mailako desplazatu berrien kopurua haztea.
«Desplazatuen bizitza errotik aldatzen da, okerrerako, eta maiz betiko izaten da», ohartarazi du desplazatuen giza eskubideen aditu eta ikertzaile Chaloka Beyanik txostenean. Arabiar herrialdeetako matxinaden eraginez ihes egin dutenek, dena den, «epe laburreko desplazamenduak» egin dituztela adierazi du IDMCko zuzendari Kate Halffek.
Libiako gerrak 500.000 desplazatu eragin ditu, eta Yemengo liskarrek, berriz, 175.000. Sirian, 156.000 lagunek egin zuten ihes etxetik 2011n, baina IDMCk jakinarazi du datuak gora egin duela azken hilabeteotan. Hain zuzen ere, Baxar al-Assad presidentearen kontrako protestak hasi zituztenetik gaur egun arte 230.000 desplazatu baino gehiago eragin ditu Siriako gatazkak.
Mohammed Buazizi gazte tunisiarra 2011 hasieran hil zen bere buruari su eman ondoren. Ekintza hori udaberri arabiarra leherrarazi zuen txinpartatzat jotzen dute adituek. Tunisian jazo zen, hain justu, soka luzea ekarri duen lehen errebolta. Dena den, Tunisiako protestek ez zuten desplazaturik eragin, IDMCk jakinarazi duenez. Ezta Hosni Mubarak diktadorearen kargugabetzea eragin zuten Egiptoko Tahrir plazako protesta jendetsuek ere.
Desplazatu berri gehiago
Armatutako gatazken, indarkeriaren edo giza eskubideen urraketen eraginez, 26,4 milioi lagun daude desplazatuta gaur egun. Egoerak hobera egin du aurreko urtearekin alderatuta, orduan 27,5 milioi baitziren lekualdatuak. Dena den, desplazatu berrien kopuruak %20 egin du gora. 2011n, 3,5 milioi lagunek hartu dute euren herrialdearen barnean beste toki batera ihes egiteko erabakia, gehienak —kasik bi milioi— Afrikan. Horien zaurgarritasuna salatu du Beyanik, eta maiz horien giza eskubideak urratu egiten direla ohartarazi. «Euren beharrak eta jasotzen duten laguntza ez datozela bat baieztatu dugu», gaineratu du.
Boli Kostako hauteskundeen osteko krisia izan zen iaz desplazatu gehien eragin zuen gatazka: kasik milioi bat lagun. 2010eko azaroan Laurent Gbagbok hauteskundeak galdu bazituen ere, uko egin zion boterea uzteari, eta iazko apirilera arte eutsi zion indarrez. Bozetan garaitu zuen Alassane Ouattararen aldekoek ofentsiba gogorra egin zuten, eta krisi larria piztu zen herrialdean. Dena den, gatazkak eragindako desplazatu gehienak urte amaierarako jatorrira itzuli zirela azaldu du IDMCk.
Mundu osoan gatazkek eta indarkeriak eragiten dituzten lekualdatuak ikertzen ditu IDMCk urteroko txostenean. 2011ko datuen arabera, Kolonbia da munduan desplazatu gehien duen herrialdea: 3.876.000 milioi gobernuaren datuen arabera, eta 5.281.000 gobernuz kanpoko erakundeen esanetan. Iaz, 100.000 lagun gehiagok egin zuten ihes etxetik, IDMCk azaldu duenez.
Irak, Sudan, Somalia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Turkia eta Pakistan dira, Kolonbiarekin batera, desplazatu gehien duten herrialdeak munduan. Lehen lauretan, hain justu, milioi bat lagunetik gora daude lekualdatuta. Turkian eta Pakistanen ere milioitik gertu daudela bildu dute txostenean. Horrez gain, IDMCk Afganistanen egoera nabarmendu du, %80ko igoera jasan baitu hango desplazatuen kopuruak 2011n.
Arazoa betikotzearen arriskua
Leku aldaketa eta horiek eragiten dituzten arrazoiak betikotzea saihestu behar dela dio IDCMk. Norvegiako Errefuxiatuen Kontseiluko idazkari nagusi Elisabeth Rasmussonek txostenaren aurkezpenean nabarmendu du hainbat lagunek hamarkadak daramatzatela etxetik urrun eta horiei erantzun bat eman behar zaiela. Alde horretatik, Kolonbia «ahaztutako herrialdea» bilakatuko dela esan du, «nahiz eta desplazatuen beharrizanei erantzuteko legedirik garatuena izan».
Arazoari aurre egiteko erantzukizun nazionala eskatu du, hain zuzen, Erin Mooney iheslari eta desplazatuen inguruko adituak. IDCMk nabarmendu du herrialde gehienetan ez dutela desplazatuei laguntzeko inolako legedirik edo planik. «Herritarrei dokumentazioa ematea, kanpamentuetan egotera ez behartzea, segurtasuna bermatzea eta irtenbide bat topatzea da erantzukizun nazionala», azaldu du Mooneyk. Bestalde, desplazatuen %80 haurrak eta emakumezkoak direla adierazi du, eta horiek behar espezifikoak dituztela. «Emakumezkoen kasuan, sexu erasoen arriskua da arazo nagusia; etxerik gabe geratzean eta familiak banatu ostean erasotzaileentzat jomuga erraza bilakatzen dira», kontatu du. Haurren kasuan, berriz, hezkuntzaren hutsunea aipatu du arazo nagusi gisa.
Txostenarekin «bazter utzitako» milioika pertsonei ahotsa jarri nahi diela azaldu du Beyanik. Mooneyk ere desplazatuak «ikusezinak» direla dio. «Desplazatuak desplazatu gisa identifikatzeko, balio erantsi bat behar da. Babesa jasoko dutela bermatu behar da», nabarmendu du adituak.
Desplazatuen kopuruak gora egin du nabarmen herrialde arabiarretako matxinadekin
Barne Desplazatuen Ikerketa Zentroaren arabera, 3,5 milioi desplazatu gehiago egon dira munduan 2011n
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu