Askatasunaren II. Flotillako ontzi batek Greziaren debekua saihestu eta itsasoratzea lortu du. Gazarako bidea hartu dute, eta gaur da iristekoa. Dignite Al Karama ontzi frantziarra larunbat iluntzean atera zen Kastellorizo uhartetik. Ontzian hamar ekintzaile, hiru kazetari eta beste hiru kide doaz. «Ontzi txiki hau Gazako blokeoa hausteko eta 2007az geroztik atxiloturik dauden palestinarrei babesa emateko nazioarteko giza ekimenaren sinbolo bilakatu da», adierazi du Runbo a Gaza erakundeak.
Israelek, berriz, argi utzi du Dignite Al Karama Gazarantz badoa, atzeman egingo dutela. «Blokeoa gainditzeko edozein saio geldituko dugu», adierazi du Danny Ayalon Israelgo Atzerri ministroak; «blokeoa ezinbestekoa da Hamasek armarik jaso ez dezan».
Bestalde, Israelgo Parlamentuak zigorra ezarri dio Hanin Zuabi diputatu arabiarrari, iazko Askatasunaren Flotillan parte hartzeagatik. Zuabik ezingo du plenoetan hitz egin, ezta botorik eman ere.
Dignite Al Karama izan da Greziak ezarritako debekua saihestu eta Gazarako bidea hartzea lortu duten ontzi bakarra.
Hurrengo urtean ere bai
Hilaren 8an Zisjordaniara hegazkinez joaten saiatu ziren ekintzaileek ekimena «erabat arrakastatsua» izan dela adierazi dute, eta datorren urterako antzeko zerbait prestatzen ari dira. «Esperientzia honek hurrengoan parte hartu nahi duen jendea mobilizatu du», esan du antolatzaile batek. 400 ekintzaile inguruk ezin izan zuten hegazkina hartu ere egin, eta ehun bat Tel Avivek aireportuan atxilotu zituzten. Dena den, ekintzaileek adierazi dutenez «sartzea lortu ala ez, Israelgo politikari aurre egitea da kontua».
'Dignite Al Karama' gaur iristekoa da Gazara
Greziako blokeoa saihestea lortu du ontzi frantziarrak; Israelek argi utzi du ontzia atzemango dutela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu