Diktadurako immunitate legeak indarrean jarraituko du

Iraungitze Legearen aurkakoek ez dute lortu beharrezko babesa; %47,3k parte hartu dute erreferendumean

2009ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Diktadurako militarrei immunitatea ematen dien legeak indarrean jarraituko du Uruguain. Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozekin batera, herenegun, egin zuten herri galdeketa Iraungitze Legea bertan behera utzi edo ez erabakitzeko. Botoa eman zezaketen uruguaitarretatik %47,36k hartu zuten parte erreferendumean. Eta guzti-guztiak legea baliogabetzearen alde egin zuten. Izan ere, baiezkoaren aldeko papertxoak baino ez zeuden bozkalekuetan. Ezezkoaren papertxorik ez zegoen, beraz.

Hala ere, arau sorta baliogatzeko botoa eman zezaketenen erdia gehi baten babesa beharrezkoa zen, gutxienez. Hala, bozkatzera joan ez direnek ere, nahita edo nahi gabe lagundu dute Iraungitze Legeak indarrean jarrai dezan.

«Iraganeko mamuei baino gehiago, aurrera begira daude herritarrak» esanez azaldu du galdeketaren emaitza Julio Maria Sanguinettik. «Diktadura amaitzeko aukeratu genuen bide baketsua berretsi dute». Senataria da egun, baina bi alditan izan zen Uruguaiko presidente: 1985etik 1990ra, eta 1995etik 2000ra. Era berean, Sanguinetti izan zen Iraungitze Legearen babesle zurrunenetako bat berretsi zutenean.

Bigarren saioa

Uruguaiko Senatuak 1986an onartu zuen araua. Adituen arabera, militarrak berriz ere instituzioak bereganatzeari beldurra izan zen legearen alde egiteko arrazoi nagusia. Ordutik dago indarrean, beraz. Horri esker, ezin izan dituzte epaitu 1973 eta 1985. urte arteko diktaduran gizateriaren kontrako krimenak egin zituztenak. Ez dute zigorrik jaso estatu kolpea eman eta torturatu, bahitu eta hil zuten militarrak. Era berean, gertatutakoa ikertzea eragotzi du legeak.

Hori guztia amaitzeko, duela hogei urte egin zuten Iraungitze Legea baliogabetzeko lehen herri galdeketa. Orduan ere ezezkoak irabazi zuen, botoen %57 boto bilduta. Legearen aurka daudenek, baina, testuinguruak, militarren mehatxuak eta beldurrak emaitza nabarmen baldintzatu zutela diote. Egoera aldatu dela sinetsi, Iraungitze Legearen Baliogabetasunaren aldeko Plataforma eratu zuten 2007an. Eta bigarren erreferendum bat egiteko beharrezkoak ziren sinadurak bildu zituzten; beharrezko 255.000 baino gehiago, zehazki 340.000.

Baina bigarrengo saioak ere porrot egin du. Hala ere, ez daudela amore emateko prest ohartarazi du plataformako bozeramaile Luis Puigek: «Justiziaren eta egiaren aldeko borroka ez da amaitu». Fronte Zabala baliogabetzearen aldekoa denez, tristuraz hartu du emaitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.