Diktadurako lau polizia zigortu dituzte Argentinan

Atxiloketa zentro klandestino batzuetan 1976tik 1983ra hainbat krimen egin izana egotzi diete

Erredakzioa
2012ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
Argentinako auzitegi batek diktadura militarraren garaian—1976tik 1983ra— polizia izan ziren lau lagun zigortu ditu, hiru atxiloketa zentro klandestinotan egindako krimenengatik. Zazpi eta 21 urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri dizkiete polizia ohiei. «Askatasuna legez kanpo mugatzea» eta «oinazea eragitea» egotzi diete. Beste akusatu bat, Guillermo Roque Mendoza polizia medikua, berriz, absolbitu egin dute.

Argentinan, baina, beste epai baten zain zeuden atzo gehienak. Izan ere, bart ziren ematekoakdiktadurako haur lapurtuen inguruko sententzia. Akusatuen aulkian 11 lagun daude, tartean Jorge Rafael Videla eta Reynaldo Bignone diktadoreak.

Duela hamasei urte salatu zuen Maiatzeko Plazako Amak elkarteak diktadura garaian haurrak sistematikoki lapurtu zituztela. Argentinan diktadura garaian desagerrarazi zituztenen amek osaturiko elkarteak, hain justu ere, zigor «handiak» eskatu zituen atzo. «Badakigu zigor gogorrak eskatzen direla, baina badakigu, halaber, gertatu zena oso larria eta inoiz ez bezalakoa izan zela. Horregatik, auzitegiak zentzu horretan ebaztea espero dugu», adierazi zuen Ala Iud Maiatzeko Plazako Amen abokatuak. Urte hauetan guztietan hainbatetan egin bezala, atzo ere justizia eskatu zuten kaltetuek. «Genozida horiek, amak hiltzeaz gain, haien haurrak lapurtu zituzten. Baina lehenago edo geroago justizia egingo da», aldarrikatu zuen elkarteko buru Taty Almeydak.

Maiatzeko Plazako Amek haur lapurtuen kasuak salatu zituztenetik, 105 lagunek berreskuratu dute euren identitate biologikoa. Baina salatu dute oraindik 400 kasu inguru argitzeko daudela.

Lapurreta sistematikoak

Epaiketan, lapurtutako 34 haurren kasua ikertu dute, baina horietatik hogeik besterik ez dute deklaratzea onartu, tartean Libres del Sur alderdiko diputatu Victoria Dondak. Diputatuak adierazi duenez, garrantzitsuena da epaiketa honekin egiaztatu dela haurren lapurreta gobernu militarrak antolatutako plan sistematiko bat izan zela.

Horixe ukatu dute, hain justu ere, akusatuek. Haurrak lapurtu baziren banako batzuen ekimenak izan zirela diote. Gaur arte, 25 sententzia egon dira Argentinan haurrak lapurtu zituztenen aurka. Maiatzeko Plazako Amak elkarteak kontrakoa frogatu nahi du: estatua zegoela kasu horien guztien atzean.

Bestalde, Videla baldintzapean aske geratzea eragotzi nahi dute diktadurako biktimek, sententzia gogor batekin. Izan ere, bizi osoko espetxe zigorra betetzen ari bada ere, baldintzapean aske geratu ahal izango litzatekeela azaldu du Iudek. 86 urte ditu Videlak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.