brasil

Dilma Rousseff da Brasilgo presidente berria

Lularen alderdikideak botoen %56 lortu ditu bigarren itzulian. Urtarrilaren 1ean hartuko du kargua. Emakumeen eta askatasunaren alde egiteaz gain, txirotasunaren aurka ariko dela hitz eman du. Jose Serrak %44ko babesa bildu du.

2010eko azaroaren 1a
14:57
Entzun
Ez da ezusterik izan, eta Dilma Rousseff PT Langileen Alderdiko hautagaia aukeratu dute brasildarrek gobernuko presidente. Luiz Inacio da Silva Lula alderdikidearen lekukoa hartuko du, beraz, hark; urtarrilaren 1ean, hain zuzen. Brasilgo lehen emakume presidentea izango da; "gure herrian demokrazia aurreraka doan seinale da hori", esan du Rousseffek. Lularen politika bera jarraituko duela adierazi du.

Bart jakin dira bigarren itzuliko emaitzak: Rousseffek botoen %56 lortu ditu. Beste hautagaiak, Jose Serra PSDBko sozialdemokratak, %44, hark baino hamar milioi boto gutxiago. Aurreneko itzulian -urriaren 3an-, gertu geratu zen PTko burua gehiengo osotik: %46,9. Serrak %32,6 erdietsi zuen orduan, eta hirugarren Marina Silva PV Alderdi Berdeko presidentegaia gelditu zen, %19,5ekin. Lulak gogoratu du bera ere gobernuburu bigarren itzulian aukeratu izan zutela bi hauteskundeetan.

Emakumeen eta askatasunaren alde egiteaz gain, txirotasunaren aurka ariko dela hitz eman du presidente berriak. "Brasilek sortzeko daukan ahalmena sinestezina da. Horregatik, pobrezia bukatzeko ahalegina egingo dut". Arlo ekonomikoan "politika propioen" aldekoa dela adierazi du, "gero eta garrantzitsuagoa delako hori".

Ekologisten botoa

Silva ekologista, Lularen Ingurumen ministro izan zen 2008 arte, baina dimisioa eman zuen, Brasilgo presidenteak Amazonian bideratu dituen industria eta energia proiektuen ondorioz. Dena dela, aitortu izan du gertuago dagoela Rousseffengandik, Serrarengandik baino. Ekologisten botoak jaso bide ditu PTko hautagaiak.

Dena dela, kanpainako azkeneko egunetan bera ere saiatu da Brasilgo presidentetza ziurtatzen, abortuarekiko irizpidea aldatuta. Brasildarren %60 katolikoak dira eta %30 ebanjelikoak; hori dela-eta Rousseffek bigarren itzulian atzera egin du kanpainaren hasierako asmoetan. Lehen egunetan osasun publikoa hobetzeko abortua legalizatu beharraz aritu zen baina, Benedikto XVI.aren adierazpenen ondoren, abortatzeko eskubideari uko egin dio.

Porrot honen ondorioz ikusteko dago Serrak politika utzi egingo duen edo ez. 2002an Lulak lehia irabazi zion hari eta, gaur berriro galduta, 40 urteko politika jarduera azkenera iritsi dela esaten dute adituek.

Lulak zer egingo duen ere ikusi egin behar. Brasilgo Konstituzioaren aginduz orain ezin izan du hirugarren aldiz aurkeztu presidentetzarako. 2014an, ordea, aukera izango du.

Biztanleri -193 milioi lagun- eta hedadura aldetik munduko bosgarren herrialderik handiena da Brasik. Ekonomian, zortzigarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.