Hautsak harrotu ditu Alemanian Turingiako landerrean gertatutakoak. Die Linke ezkertiarrak irabazi zituen joan den urriko bozak, baina Bodo Ramelowk ez zuen gehiengo osoa eskuratu. Hala ere, asteazkenean egindako inbestidura saioan hirugarren bozketan gehiengo sinplearekin haren hautagaitza aurrera ateratzea espero zen, Ramelowk SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren eta Berdeen babesa baitzuen.
Parlamentuko saioa ez zen, ordea, espero bezala irten. Ezustean, CDU Batasun Kristau-Demokratak eta AfD Alemaniarentzako Alternatibak FDP liberaleko hautagaiaren alde egin zuten. Hala, Kemmerichek 45 boto eskuratu zituen. Ezkerraren eta ekologisten arteko koalizioak, berriz, 44.
Krisia baretze aldera, Kemmerichek dimisioa ematea erabaki du, eta FDP alderdiak parlamentua desegiteko eskatuko du, hauteskundeak berriz egin ahal izateko. Aldi berean, ordea, Kemmerichek ukatu egin du AfDrekin inolako akordiorik egin izana, eta «amarru gaiztoak» egitea egotzi dio eskuin muturreko alderdiari: «Ez dugu egin akordioarik AfDrekin, eta ez dugu egingo ere».
Lehen ministro hautatu berriak, ordea, ez du kargua uzteko erabakia bere kabuz hartu; edo behintzat ez soilik bere kabuz. Estu hartu dute Kemmerich, bai gainontzeko alderdiek eta baita alderdikideek eurek ere. Karguaren zina egin eta ordu gutxira, ARD telebista kateari eskainitako elkarrizketa batean, ohartarazi zuen muturreko jarrerak indartzeko soilik balioko zutela bozek, eta gogorarazi bera izan zela parlamentuan babes gehien eskuratu zuen hautagaia.
Egun berean, eta alderdiko buruzagitzarekin bildu ostean, atzera egin eta kargua utziko duela iragarri du lehen ministro hautatu berriak. Alderdiak komunikabideei helarazitako oharrean zehazten du dimisioarekin «eskuin muturraren babesak eragindako estigma» desagerrarazi nahi duela Kemmerichek. Itxura du, ordea, gobernuburuak berak bainoago, alderdiak egindako urratsa izan dela dimisioa.
Krisia CDUn
CDUk eskuin muturrarekin bat egin izanak Angela Merkel kantzilerraren haserrea eragin du. Gobernuburuak «barkaezin» iritzi dio gertatutakoari; izan ere, eskuin muturrarekin edo ezkerrarekin aliantzak eratzeko muga ezarria zuen hark, eta Turingiako alderdikideek gainditu egin dute marra gorria. «Egun ilunak dira demokraziarentzat; gaur [atzo], urratu egin dituzte CDUren oinarrietan dauden balioak».
Mike Mohring CDUko Turingiako buruzagiak begi onez ikusi du liberalak sostengatu izana, haren hitzetan ez baitira eskuin muturraren botoaren erantzule. Adierazi du bi bozketatan abstenitu ostean hirugarrenean egin zutela zentro-eskuineko hautagaiaren alde. Haren argudioek ez dute sostengurik izan gainontzeko taldeetan.
Asko izan dira Kemmerichen dimisioa eskatu dutenak, tartean CDUko presidente Annegret Kramp-Karrenbauer eta alderdiko idazkari nagusi Paul Ziemiak. Azken horrek hauteskundeak berriz egiteko eskatu du: «CDUk beti utzi du argi ezin dela elkarlanik egon AfDrekin. FDPk suarekin jolastu du, eta su eman dio Turingiari eta estatu osoari». CDUk eta SPDk osatzen duten gobernu koalizioa larunbatean elkartu da krisiaz aritzeko.
AfDk babes zabala du Turingian, baina, historikoki, gainontzeko alderdiek saihestu egin dute harekin koalizioa osatzea. Bjorn Hocke da Turingiako AfDko burua. Azaro hasieran Hockek jakinarazi zion Kemmerichi liberalek zuzendutako gobernu bat babesteko prest zegoela alderdia.
Eskuin muturreko alderdia naziekin ere alderatu dute hainbatek. Eurek ukatu izan dute halakorik, eta nabarmendu «legean eta demokrazian oinarritutako» alderdi bat dela eurena, eta «Alemanian juduak bizitzearen alde» daudela. Ordea, Berlingo erdigunean Holokaustoaren aldeko monumentu bat jartzea erabaki zenean aurka agertu ziren AfDkoak eta «lotsagarritzat» jo zuten.