Dinbili-danbala: transen eskubideak justiziaren balantzan

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenak ebatzi du Berdintasun Legean 'emakume' eta 'gizon' hitzek «sexu biologikoa» dutela oinarri. Sexua ez da «tramitea», Sex Matters-en arabera; transen aldeko ekintzaileen ustez, ordea, eragina «espantagarria» izango da.

Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren Berdintasun Legeari buruzko epaiaren kontrako manifestazioa, apirilean, Londresen. ANDY RAIN/EFE
Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren Berdintasun Legeari buruzko epaiaren kontrako manifestazioa, apirilean, Londresen. ANDY RAIN/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko ekainaren 25a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Jess O’Thomson zuzenbide ikerlariaren irudiko, «nahasmena» eragin du Erresuma Batuko Auzitegi Gorenaren sententzia batek, Berdintasun Legeari buruzkoak. «Ebatzi dutena baino urrunago joan dira zenbaitzuk, pertsona transen bazterkeria agintzen saiatzeraino. Horrek, zer esanik ez, epaiak baino inpaktu handiagoa eduki du», esan du bideo dei bidez. Helegiteak tarteko, Eskoziako Gobernua eta For Women Scotland emakumeen taldea dinbili-danbala ibili dira azken urteotan, epaileek arrazoia nori emango. Harik eta hango Auzitegi Gorenak taldearen alde egin zuen arte: 2010eko Berdintasun Legeari dagokionez, emakume transak ez dira emakumeak, eta gizon transak ez dira gizonak.

Auzitegi Gorenaren arabera, transek beren «sexu biologikoaren» araberako sexu diskriminazioa alegatu dezakete soilik, eta ez aitortutakoaren araberakoa. Horrek ez du galarazten ezin dezaketenik bereizkeria salatu: Berdintasun Legeak zenbait ezaugarri babesten ditu, eta transa izateagatik jasotako diskriminazioa generoa aldatzean jasotakoari dagokio, hain zuzen. «Zaurgarri izan daitekeen talde honek babesa izango du aurrerantzean ere», ondorioztatu du sententziak. Gorenak diona gorabehera, «pertsona transen duintasuna txiki-txiki egingo» dela ohartarazi du O’Thomsonek. Bi hilabete igaro dira ordutik hona, eta alde guztietatik entzun dira epaiaren aldeko eta kontrako iritziak.

«Ebazpena hain da klarua, non zalantzan jartzen duen ea paper puska batek sexua alda dezakeen beste lege batzuetan», adierazi du telefonoz Helen Joyce Sex Matters taldeko abokatutza zuzendariak —talde horrek epaiketan parte hartu zuen, eta For Women Scotlanden iritzi berekoa da—.  Haren ustez, sexua «biologia da, ez tramite hutsa», eta Gorenaren erabakia «zabala» da, nahiz eta kontu «jakin» batek eragin duen berez: Eskoziako Gobernuak 2018an onartutako lege bat, zeinaren helburua zera zen: kargu exekutiboetan izan ezik, erakunde publikoetako langileen erdia emakumeak izatea, izan zis zein trans. Bada, hainbat urteren ostean, Berdintasun Legean sexuari buruzko interpretazioa aldatzea eragin du auzibideak; egiari zor, epaileen argudioetako bat da sexu, emakume eta gizon hitzak biologian oinarritu direla beti diskriminazioari buruzko legerian.

«Pertsona transak ez atzera ez aurrera daude; inoiz baino handiagoa da erdibideko zona»

JESS O'THOMSONZuzenbide ikerlaria eta Good Law Project taldeko kidea

«Pertsona transak ez atzera ez aurrera daude, eta inoiz baino handiagoa da erdibideko zona», O’Thomsonek esan duenez. Keinu egin dio Erresuma Batuak genero aldaketa aitortu aurreko egoerari: Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren 2002ko ebazpen batek zioenez, transak «erdibideko zona» eta «egoera gogaikarri» batean bizi ziren; eta, transen giza eskubideak urratzen zirelakoan, 2004an Genero Aitortzarako Legea onartu zuten herrialdean. Zera dio legeak: transei kasu «orotan» aitortzen zaiela genero aldaketa, betiere legearen beraren edo beste edozein legeren salbuespenak salbuespen. Hain zuzen, azken zehaztapen horretan kokatu behar da Gorenaren sententzia. «Aldi berean, ikusteko dago legea nola aplikatuko den», erantsi du zuzenbide ikerlariak.

Legearen aplikazioa

Sex Matters-eko Joycek ez du zalantzarik aplikazioari buruz: «Denek aldatu beharko zituzketen beren politikak epaia kaleratu eta biharamunean. Ez zuten egin. Konplexua dela diote, eta gida baten esperoan daude». Izan ere, Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordea arduratzen da Berdintasun Legea ikuskatzeaz Eskozian, Galesen eta Ingalaterran. Jokabide kodeak osatzen ditu, auzitegiek eta epaileek kontuan har ditzaten —hiru daude: enpleguari buruzkoa; soldata parekideari buruzkoa; eta zerbitzuei, funtzio publikoei eta elkarteei buruzkoa—.

Auzitegi Gorenaren ebazpenak azken kode hori moldatzea ekarri du; zirriborroa berrikusteko sei asteko epea ekainaren amaieran amaituko da, eta parlamentuak onartu beharko du ondoren. Aurreikusten da udazkenera arte atzeratuko dutela dokumentua behin betiko onestea.

Onartu bidean den zirriborro hori «espantua» dela deritzo O’Thomsonek: «Egungo egoera ez da ideala, baina hobe linboa infernua baino, ezta?». Berdintasun eta Giza Eskubideen Batzordeak xedatu du, esaterako, sexuaren arabera bereizitako espazioen kasuan —komunak, aldagelak, elkarteak, mediku kontsultak, kirola…— transek beren «sexu biologikoari» dagokienetara joan behar dutela; hots, emakume transek gizonenetara joan behar dute, eta gizon transek emakumeenetara. Horietara joan nahi ez badute, soluzio bakarra gune mistoetara joatea da —eta aintzat hartzekoa da sententziak ematen duen adibide hau: «neurrizkoa» izango litzateke trantsizioagatik itxura maskulinoa duen gizon trans bati emakumeen espazioetara sartzea eragoztea, eta hori ez litzateke diskriminatzailea izango transen kontra—.

«Pertsona transek besteen giza eskubideak ere errespetatu egin behar dituzte»

HELEN JOYCESex Matters taldeko abokatutza zuzendaria

Espazio mistorik ez badago, «beste nonbaitera joan beharko dute», azaldu du Joycek; «beren erabakia» izan da trantsizioa egitea. «Espero dut guztiek errespetatzea guztien giza eskubideak. Horrek barne hartzen du pertsona transek besteen giza eskubideak errespetatzea», gehitu du Sex Matters taldekoak.

Auzitegi Gorenarena ere erabakia besterik ez da, eta hura baliogabetu daitekeela adierazi du O’Thomsonek. Zuzenbide ikerlariaz gain, Good Law Project taldeko bozeramailea ere bada; talde horretakoek ez dute nahi erabakia bere horretan geratzea: «Uste dugu legez kanpokoa dela ebazpena, eta, legezkoa izanda ere, bateraezina dela Europako Giza Eskubideen Hitzarmenarekin». Hori aitortzea lortuz gero, legea egokitu beharko luke parlamentuak. «Beste aukera bat da instantziaz instantzia gora egitea, Estrasburgoraino [Giza Eskubideen Europako Auzitegiraino]». Prozedura horrekin lortu zen, duela bi hamarkada, transen eskubideen alde urratsa egitea eta Genero Aitortzako Legea onartzea. Gorabeheratsua izan da auzia, eta justiziaren balantza oraindik ez da geratu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.