Giza eskubideen arloko Ding Jiaxi abokatuaren emaztea da Sophie Luo, eta ondotxo daki zein egoera gogorrean dagoen senarra Txinak 2023ko apirilean kartzelan sartu zuenez geroztik: hamabi urteko zigorra ezarri zion. Luok kontatu du horrek zer ekarri dion Ding-i egunerokoan, nola lagundu dioten fedeak eta adiskideek, eta zeinen asmo sendoa duen Txinan borrokan segitzeko eskubide zibilen eta demokraziaren alde. Gainera, xeheki azaldu du nolako gehiegikeriak egin dizkioten espetxean, eta zein garrantzizkoa den hark giza eskubideen alde egiten duen lana.
Nola zaudete Ding kartzelan sartu zutenez geroztik?
Zama emozional handia da senarra kartzelan egotea, eta zaila zait aurrera egitea. Hasieran, mina kontrolatzeko, ahaleginak egin nituen buruz sendo egoteko eta lanari emana ibiltzeko. Lehenbiziko hilabeteak arrunt zailak izan ziren, eta inoiz pentsatu nuen neure buruaz beste egitea ere. Kazetari batekin hitz egin eta gero, ordea, arindu txiki bat hartu nuen, eta, poliki-poliki, nire baitan indarra aurkitu nuen honi aurre egiteko. Lana funtsezkoa izan zen aurrera egiteko, eta, adiskideen laguntzaz, indarberritu egin nintzen.
Gogorra izan da familia guztiarentzat. Alabei oraindik ere kosta egiten zaie aitaren egoeraz hitz egitea, eta ez nire familian eta ez harenean guztiek ez dute ulertzen Dingen borroka, baina ahal duguna egiten dugu. Urteetan eta urteetan hau guztia eraman eta gero, orain uko egin diot lanari, eta jadanik badut nahiko kemen egoera honi egunero aurre egiteko. Alde onari begiratzen ikasi dut, eta amestu ere egiten dut laster itzuliko dela etxera, urtebete edo pare bat urte barru, ez zortzi edo hamar urte barru.
Kartzelara joan aurretik, zertan ari zen Ding?
Senarra merkataritza arloko abokatu zorrotz eta arrakasta handikoa zen, sozietateen zuzenbidean, fusioetan eta jabetza intelektualean espezializatua. Haren lanari esker, bizimodu ederra genuen, baina gizartea hobetzea da haren egiatako grina. Gizarte justiziari buruz duen ikuspegiagatik eta horretan egiten duen lanagatik, are gehiago maite dut, eta are gehiago miretsi. Hasiera-hasieratik, hura izan zen abokatu egiteko motibazioa: beren izenean ezin hitz egin dutenen ahotsa izan nahi zuen.
Haren helburu nagusia askatasuna sustatzea zen, gizarte justizia eta gizakienganako maitasuna sustatzea. Sinetsita zegoen garrantzizkoa dela herritarrek parte hartzea, eta laguntza ematen zien Txinan bere eskubideen alde borrokatu behar zutenei. Kartzelara joan baino lehen, lanean zebilen gizarte aldaketa sustatzeko egitasmo batzuetan, askatasunaren alde, eta herritarrak bultzatzen zituen modu aktiboan ari zitezen gizarte bidezko bat osatzen.
Nola eduki zuten atxilotu zutenean, eta nola daukate orain?
Bortitz-bortitza izan da kartzelatzeko modua. Atxiloturik eraman zutenetik, torturatu egin dute, eta gehiegikeria fisikoak egin. Azken hilabeteotan, are okerragoa da: bakartu egin dute, konfinatu, eta ezin du libururik izan, ezin da kanpokoekin komunikatu, salbu abokatuaren bisita bakan batzuetan. Bisitan joaten zaion abokatuak kontatuta dakit nola dagoen, baina bisita horiek mugatuta daude, oso kontrolatuta. Nolanahi ere, ikaragarri indartsu dago orain ere. Egoera latza bada ere, sendo eusten die bere printzipioei.
Zer lortu nahi duzu kasu honen gaineko kontzientzia kanpainaren bidez?
Nazioartea Dingen kasuari begira jarri nahi dut, eta, bide batez, gogorarazi nola zapaltzen dituzten giza eskubideak Txinan. Txinako Gobernuak ahaleginak egiten ditu nire senarra eta halako pertsonak isilarazteko, baina ez diogu halakorik onartuko. Nazioarteko komunikabideen lana funtsezkoa da, Txinakoetan ez baitute ezer esango: estatuak guztiz zentsuratuta eta kontrolatuta dauzka.
«Txinako Gobernuak gogorra ematen du orain, baina historiak erakutsi digu ez dagoela betiko irauten duen erregimen zapaltzailerik»
Xi Jinping boterera iritsi zenetik, okerrera egin du giza eskubideen egoerak?
Dudarik gabe. Okertuz eta okertuz joan da 2013tik, Xi Jinping boterera iritsi zenetik. Senarra lehenbiziko aldiz atxilotu zutenetik, erne erreparatzen diot egoerari, eta argi eta garbi ikusi dut nola gero eta gehiago zapaltzen duten herritarren askatasuna. Lege sistema diskretuagoa da, baina gero eta gogorragoa disidenteen errepresioa. Egunetik egunera, adierazpen askatasuna eta lege defentsa ahulduz doaz gero eta toki gehiagotan.
Etorkizunera begira, baduzu esperantza bai Dingi dagokionez eta bai giza eskubideen egoerari dagokionez?
Espero dut Dingen eta beste batzuen sakrifizioa ez dela alferrik izango. Oraingo erregimenak ezingo dio luzaroan eutsi. Txinako Gobernuak gogorra ematen du orain, baina historiak erakutsi digu ez dagoela betiko irauten duen erregimen zapaltzailerik. Azkenean, jendea altxatu egingo da, eta justizia eta askatasuna exijituko ditu.
Modurik izango bazenu Dingi mezu bat igortzeko, zer esango zenioke?
Esango nioke maite dudala, oso harro nagoela halako senarra edukitzeaz, eta nire heroia dela orain ere. Bolada gogorra da hau, baina esango nioke ez dagoela bakarrik. Gogoraraziko nioke ez dela alferrekoa izango egin duen borroka. Haren eta beste hainbaten sakrifizioaren haziak fruitua emango du noizbait.