Ameriketako. VII. Goi Bilera

Diosalaren atarikoak

AEBen eta Venezuelaren arteko harremanak izango dira, zalantzarik gabe, Panaman egingo duten goi bilerako hizketagai nagusietako bat. Nicolas Maduro krisi politiko betean helduko da hitzordura.

Caracas
2015eko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Hiru urte joan dira Nicolas Madurok Barack Obamaren bostekoa estutu zuenetik. Kolonbiako Cartagenan izan zen, Ameriketako VI. Goi Bileran. Hugo Chavez bizirik zegoen artean; Venezuelako Atzerri ministro zen Maduro. Handik urtebetera, oraindik definitu ez den aro politiko berri bat hasia zen Venezuelan. 2013ko martxoaren 5ean Chavez hil zenetik, izan ere, ezer ez da lehengoa izan Karibeko herrialde honetan.

Azken bi urteotan, herrialdea gertakizun eta zailtasun zaparrada batek hartuta dago, eta dagoeneko politiko eta sozial bihurtzen ari den krisi ekonomikoak erasanda dago.

Venezuelako Banku Zentralaren (VBZ) arabera, %65etik gorako inflazioarekin ekin dio herrialdeak urte honi. Latinoamerikako tasarik handiena da hori. Horren ondorioz, oinarrizko elikagaien saskia duela bi urte venezuelar arruntak nekez pentsatuko lukeen neurrian garestitu da. Oinarrizko jakien prezioa kontrolatzeko saioek, espekulazioaren eta kontrabandoaren kontrako neurriek eta duela hamarkada bat gobernu chavistak ezarritako dibisa trukearen gaineko kontrola pixka bat arintzeak ez dute lortu helburua epe labur batean: Venezuelako ekonomiari behar beste arnasa ematea.

Egunerokoak dira gobernuak enpresaburuen kontra egindako salaketak. Nicolas Madurok sarritan egotzi izan die arlo pribatuko eragileei eta oposizio politikokoei gobernuaren kontrako «gerra ekonomikoa» antolatu eta herrialdea kolokan jarri izana. Patronalen arabera, berriz, indarrean dagoen eredu ekonomikoak eta inportaziorako dibisak banatzeak ekarri die bazter guztietako biztanleei lehentasuneko jakiak lortzearren dendetan ilara luzeak osatu behar izatea. Petrolio upelaren prezioa ere hondoratu egin da, eta, hori izanik herrialdearen diru iturri nagusia —ia bakarra ere bai—, egoera ekonomikoa are txarragoa da: aurrekontuak zorrotz egokitzera eta datorren urteko gastuak nabarmen kontrolatzera behartu du Maduroren gobernua.

Krisitik krisira

Egoera ekonomiko estuaren ondorio politikoak herrestan etorri dira. Politika nazionaleko jokalari nagusien inguruko iritzian izan du eraginik agerikoena: Nicolas Maduro da herrialdeko politikaririk estimatuena, baina %23ko estimazio tasan dago, urte hasierako hainbat inkestaren arabera. Tokitan dago Hugo Chavezek bere agintaldiko hainbat tenoretan erdietsi zuen ia %80ko tasa. Maduroren gobernuak aurre egin behar dio krisi ekonomiko gogorrari, noiz eta ahuldade politiko agerikoenean dagoenean eta herritar gehienak berehalako konponbideak eskatzen ari zaizkionean.

«Aurreikusten diren aldaketak egoera zuzentzeko izango dira, ez eredua aldatzeko. [...] Venezuelarrak ez dira errudun baten bila ari, erantzunen eta konponketen bila baizik». Hinterlaces inkesta etxeko Oscar Schemelen hitzak dira. Datanalisis etxeko Luis Vicente Leonen arabera, berriz, gobernuak «amesgaiztoa» du arlo ekonomikoan, «jakin badakielako zer egin behar duen, baina ezin izan duelako egin, ekarriko lizkiokeen ondorio ekonomikoengatik». Hauteskunde urtea izanik, are gehiago lirateke ondoriook, gainera.

Datarik ez dagoen arren, izan ere, datorren uda bukaeran egingo dira Chavez hil osteko Asanblea Nazionala osatzeko lehen hauteskundeak. Gaur egun, chavistak dira gehienak bertan.

Oposizio politikoa ere ez dago ataka onenean. MUD Batasun Demokratikoaren Mahaian bilduta dago, eta hauteskunde zerrendetan tokirik garrantzitsuenak eskuratzeko botere borrokan murgilduta daude batzuk eta besteak. Publikoak dira, gainera, estrategia politikoan MUDeko buruzagi eta eledunen artean dauden iritzi desberdinak. Maria Corina Machadok eta Leopoldo Lopezek gidatzen duten adar muturrekoenak epe laburrean egindako trantsizio politikoaren alde daude. Horretarako, Madurok kargua berehala uztea eskatzen dute. Ez dira iritzi berekoak oposizioko eragile guztiak. Beste batzuek nahikoa dute bozetan irabaztearekin. Iritzi kontrajarriokin, kaleko jendearen ezinegona beren alde erabiltzeko gaitasunik ez dauka oposizioak. Azken hilabeteetan agertu diren boz asmoen inguruko zenbait inkestak hala diote: chavismoak ez lituzke botoen %40 baino gehiago lortuko, baina Venezuelako indar politiko nagusia izango litzateke aurrerantzean ere.

«Chavismoa ez da hil, baina hamasei urteotan izan dugun aukerarik onena daukagu egun. Ezin gara elkarren artean sesioan hasi irabazteko aukera daukagun aldi guztietan. Beti berdin gabiltza: aukeraren distirak itsutu egiten ditu batzuk», esan zuen gaur zortzi Jose Chuo Torrealbak,MUDeko idazkari nagusiak, telebista kate batean egin zioten elkarrizketan.

Venezuela «mehatxu»

Venezuelan bertan giroa nahiko nahasia ez, eta AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente Barack Obamak dekretua aurkeztu zuen martxoaren 9an, AEBen segurtasun nazionalerako «mehatxu izugarri eta ezohiko» izendapena emanez Venezuelari. Herrialde bien artean lehendik txartuta zeuden harremanak txarragotzeko urratsa egiteko erabakia, Obamaren esanetan, Maduroren gobernuak oposizioaren eta giza eskubideen aurka areagotu omen duen jazarpen politikoak eragin zuen. Madurok otsailaren 20an Antonio Ledezma Caracasko alkatea atxilotzeko agindua eman ostean —bere gobernuaren aurkako estatu kolpea antolatzea egotzi zion— etorri zen Obamaren dekretua. Venezuelako zazpi goi kargudunen kontu korronteak eta jabetzak AEBetan izozteko agindua eman zuen Washingtonek. Zazpiak ziren: Gustavo Enrique Gonzalez Lopez Inteligentzia Zerbitzu Bolivartarreko (SEBIN) zuzendari nagusia; Antonio Jose Benavides Torres Guardia Nazional Bolivartarraren (GNB) operazio zuzendari ohia; Justo Jose Noguera Pietri GNBko komandante nagusi ohia; Katherine Nayarith Haringhton fiskala; Manuel Eduardo Perez Urdaneta Polizia Nazionaleko zuzendaria; Manuel Gregorio Bernal Martinez SEBINeko zuzendari nagusi ohia; eta Miguel Alcides Vivas Landino Indar Armatu Bolivartarren inspektore nagusia. Zazpiak egin zituen Obamak Venezuelako ustezko jazarpen politikoko kasuen erantzule.

Zigor ekonomikook argitara eman eta biharamunean, Maduro presidenteak kanpaina jarri zuen abian herrialde osoan, Obamaren dekretua bertan behera uzteko eskatzeko. Martxo osoan, Caracasko erdigune historikoan hainbat manifestazio egin dira buruzagi bolivartarraren alde. Hasi petrolio arloko langileetatik eta indigenetaraino, Ali Primera kantariaren Yankees go home kantu ezagunaren erritmoan desfilatu dute Miraflores jauregi aurretik milaka eta milaka lagunek. Aspaldiko partez, chavismoak kalean erantzuteko gaitasuna berreskuratu, eta bere alde bozkatu dutenen zati bat mugiaraztea lortu du. Maduro presidentearen aldeko aire ufada bat izan da, AEBek markatutako oposizioaren kontrako jarrerak bigarren planoan utzi baitu krisialdi ekonomikoa, tarte batez bada ere, bai hedabideetan eta bai kalean. Datanalisisek egin berri duen inkesta baten arabera, Venezuelako plaza politikoan eragiteko kanpotik egindako esku hartze ororen aurka daude venezuelarren %65.

'Elkarrizketaren' goi bilera

«Venezuela prest dago Barack Obama presidentearen gobernuarekin hitz egiteko, nahi duen tokian, nahi duen tenorean eta nahi duen moduan, begirunea eta estatu bien parekidetasuna oinarri hartuta. Venezuelako errepublika bolivartarreko presidente gisa diot: pronto gaude», adierazi zuen Nicolas Madurok martxoaren 26an. Egun hartan baieztatu zuen ostiralean Panaman hasiko den Ameriketako Goi Bileran parte hartuko duela. Goi bilera baliatuko omen du, hain zuzen ere, Venezuelaren aurkako dekretua bertan behera utz dezan bildu asmo dituen hamar milioi sinadurak Obamari emateko. Elkarrizketaren eta elkarrekiko begirunearen aldeko mezuak indartu nahi ditu goi bileran Madurok. Panamako iturri diplomatikoetatik, Venezuelako presidenteak bere parte hartzea iragarri eta biharamunean, giroa baretzen saiatuko direla nabarmendu zuten. Aspaldi ikusi gabeko diosal egitea prestatzen ari dira ordutik alde biak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.