Hautesleek baietza ematen badute, oraingoz Itsas Harandiko Lurralde egitura instituzionalpean dauden bi uharte hauek Itsasoz Haraindiko Erkidego bihurtuko lirateke. Guadalupe eta Martinikaren administrazioa bost urtean behin berrituko litzatekeen hautetsi biltzar bakar baten eskuko izango litzateke. Asanblea honek ordezkatuko lituzkeen Departamendu eta Eskualde Kontseiluen eskumenak eskuratzeaz gain, eskuduntza berririk jasoko luke, hala nola etxebizitza, hirigintza, garraio, fiskalitate, kultura edota kirol politiketan, baita Karibean kokatuta dauden uharte hauentzat oso garrantzizkoa den inguruko herrialdeekin itunak hitzartzeko legezko ahalmena ere.Guadaluperen administraziopean aurkitzen diren San Bartolome eta San Martin uharte txikietako hautesleei eskatuko zaie, haren menpekotasunetik irten nahi direnez, eurek ere Itsasoz Haraindiko Lurralde Erkidego bat osatzeko. Baiezkoa erantzunez gero, San Bartolomeko 8.000 bizilagunek eta San Martineko 35.000 egoiliarrek orain arteko aduana eta fiskaliteko abantaila bereziakgune frankoak dira gordeko lituzkete, beste eskumenez gain.Bozketa, erreferendum izendatua egon arren, kontsulta bat da, hots, Frantziak ez du baitezpada herritarren iritziari jarraitzerik. Hala ere, baia gailentzearen kasuan, behintzat, Parisek nekez hartuko du kontrako jarrerarik. Izan ere, Departamenduko eta Eskualde Kontseiluetako hautetsiak noizean behin bateratzen dituen Lurralde Kongresuek zuten gehiengoz Parisi eskatu botere gehiagorako estatutu berri bat. Eskari hau egin zuen 2001eko abenduaren 17an Guadalupeko Kongresuak eta 2002ko martxoaren 4an Martinikakoak. Bi herrialdeotako hautetsiek autonomia handiagorako guraria azaldu dute.1982an, dezentralizazioaren lehen legeak onartu zirelarik Parisen, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak arbuiatu zuen hautetsi biltzar bakar bat eratzea Guadalupe eta Martinikan. 2000ko Itsasoz Haraindiko Lurraldeen Norabide Legeak eta Frantziako Kongresuak 2003ko martxoaren 17an onartutako Lege Organikoak, haatik, funtsezko aldaketak ekarri zituzten.
Egoera ezberdinak
Konstituzioaren 72, 73 eta 74. artikuluei egindako mudantzek «Itsasoz Haraindiko jendetzak» kontzeptua finkatu zuten, nahiz eta «frantziar herriaren barne» jarri. Itsasoz Haraindiko Erkidegoen sorrera arautzen zuen lege hark zehazten zuen hautetsi biltzarrek Frantziako legeen eta araudien egokitzeko ahal mugatua izango dutela.
Uharteetako indar politikoak aski zatituta daude. Martinikan baiezkoak irabaztea espero da, zeren eta, Eskualde Kontseiluan, bigarren indarra den MIM Martinikako Mugimendu Independentista eta hirugarren indarra den autonomisten PPM Martinikako Alderdi Aurrerakoia estatutu berriaren alde baitaude. UDF eta UMP indar estatalen baitan, berriz, baiaren eta ezaren aldekoak badaude.Guadalupen, aldiz, baiaren garaipena ez da hain ziurra. Autonomia edo independentziaren aldekoek ez dute ordezkaritzarik Eskualde Kontseiluan eta ia gehiengo osoa (botoen %48,4 eta 25 hautetsi, 1998ko bozetan) lortu zuten RPR eta UDFko gehienak baiaren alde baldin badira, bigarren indar politikoa den PS alderdi sozialistakoak ez erantzutearen aldekoak dira, Lurralde Erkidego batean Michelle Michaux-Chevry (UMP) ministro ohiaren nagusikeria handiagoa litzatekeelakoan.
-
HURRENGO KONTSULTA
Guyanan ere galdeketa
Hego Amerika iparrean, Surinam eta Brasil artean den Guyana Frantziarreko herritarrak izango dira Lurralde Erkidego bat osatzeko kontuari buruz kontsultatuko diren hurrengoko itsasoz haraindikoak. 2001eko ekainean Guyana Frantziarreko Kongresuak ontzat jo zuen departamendua eta eskualdea desagerrarazteko eta erkidego bat osatzeko aukera.
Erkidegoak ahalmena izango luke legeak eta araudiak egokitzeko.