Trumpek ez du presidente immunitaterik Kapitolioko auzian

Washingtongo Dei Auzitegiak ebatzi du AEBetako presidente ohia herritar arrunt gisara epaitu beharko dutela

(ID_13542325) -FOTODELDÍA- EEUU ELECCIONES DONALD TRUMP
Donald Trump, urtarril bukaeran, Errepublikanoetako primarioetarako ekitaldi batean. ALLISON DINNER/EFE
Ekhi Erremundegi Beloki.
2024ko otsailaren 6a
17:03
Entzun

2020an AEBetako hauteskundeak galdu ondotik Kapitolioaren kontrako erasoa sustatu izana leporatzen dioten auzian, Donald Trumpek ez du  izanen presidenteari dagokion immunitatea. Hala ebatzi du Washingtongo Dei Auzitegiak. «Auzi kriminal honen harira, Trump presidente ohia Trump herritar bihurtu da, beste edozein akusaturen eskubideekin. Baina presidente izan zen bitartean babestu ahal izan duen immunitate exekutiboak ez du babesten epaiketa honen aurka», adierazi dute auzitegi federaleko hiru epaileek. 

Instantzia apalago batek hartu zuen Trumpi immunitatea ukatzeko erabakia, eta hari jarritako helegiteari erantzunez ebatzi du Washingtongo auzitegiak. The Washington Post-en arabera, Trumpek jadaneko iragarri du erabakiari helegitea jarriko diola Estatu Batuetako Auzitegi Gorenean. Izan ere, azaroko hauteskundeetarako errepublikanoen primarioetan faborito nagusia da Trump, eta, lau auzi penaletan auzipetua dagoenez, prozesu judizialak ahalik eta gehien atzeratzen saiatzen ari da eskura dituen baliabide ugariekin, bere kontrako auziak presidentetzarako bozen ondoren iragan daitezen.

Estrategia horretan, argumentu nagusietako bat bilakatua da immunitatearen gaia Trumpen abokatuentzat. «Botereak banatzeko gure sistemaren pean, botere judizialak ezin ditu presidente baten ekintza ofizialak epaitu», adierazi zuten Trumpen abokatuek Dei Auzitegiari bidalitako idatzian, eta argudiatu zuten gertakarien egunean presidente ohiak «betebehar ofizialak» bete zituela, 2020ko hauteskundeen osotasuna zaintzen ari zelako.

Urtarrilaren erdialdera, Trump bera «erabateko immunitatearen» alde agertu zen Truth Social plataforman idatzi zuen mezu batean. Adierazi zuen, bestela, AEBko presidenteak «ezingo lituzkeela bere eginkizunak behar bezala bete», eta hori, baita «marra gorri bat zeharkatzen duten gertakariengatik» ere. Urtarrilaren 9an bere immunitate eskaera eztabaidatu zutenean, «kaosa» iragarri zuen auzitegiek haren kontrako auzibideei uko egiten ez bazieten.

91 delitu

Haren kontra zabalik dauden zigor auzibideetan 91 delitu egozten dizkiote Trump presidente ohiari. Hauek dira kasuak: Kapitolioaren aurkako matxinadaren erantzulea izatea; 2016an, aurrenekoz presidentegai izan zenean, 120.000 euro ordaintzea Stormy Daniels aktore pornografikoari, zabaldu ez zezan hogei urte lehenago harremanak izan zituztela; haren etxe batera sekretupeko dokumentuak eramatea baimenik gabe; eta 2020ko hauteskundeen emaitzan esku hartzen saiatzea. Lehen bi kasuen epaiketak martxorako daude programatuta —estatu askotan orduan egingo dituzte primarioak—; hirugarrena, maiatzerako; eta laugarrenak ez du datarik. 

Artean, Maine eta Colorado estatuek haren hautagaitza baliogabetu dute, argudiatuz 2021ean Kapitolioaren aurkako matxinadan parte hartu zuela. Izan ere, AEBetako Konstituzioaren 14. eranskineko 3. atalaren arabera, ezin da herrialdeko presidentegai izan matxinada batean parte hartu duena. Trumpen defentsak argudiatu du sezesio gerraren testuinguruan idatzi zutela zuzenketa hori, eta, gainera ,Kapitoliokoa ez zela matxinada bat izan, eta Trumpek ez zuela horretan parte hartu. Horrez gain, haren abokatuek defendatzen dute bozkatzaileei dagokiela presidentea aukeratzea, ez auzitegiei. Gaineratu dute, bide batez, 14. eranskineko 3. atala aplikatu behar izanez gero, Kongresuari eta hauteskunde batzordeari dagokiela hori egitea.

Coloradoren erabakiari helegitea jarri diote presidente ohiaren abokatuek Gorenean, eta auzitegi horrek ez du oraindik jakinarazi ea tramiterako onartzen duen. Halere, presidente izandakoak ez du, alde horretatik, gehiegi kezkatzeko motiborik, Gorenak gehiengo kontserbadorea baitu: bederatzi epaileetatik sei, eta horietako hiru Trumpek bere agintaldian izendatutakoak dira.

Kapitolioaren erasoa

2021eko urtarrilaren 6an eraso zion giza saldo handi batek AEBetako parlamentuko bi ganberak aterpetzen dituen Kapitolio eraikinari. Legebiltzarkideak Joe Biden bozen irabazlea presidente izendatzeko saioa egiten ari ziren. Trumpek milaka jarraitzaile bildu zituen Etxe Zuriaren aurrean. Esan zien bozak iruzur baten bitartez galdu zituela, eta Kapitoliora joateko eskatu zien. Bost pertsona hil ziren erasoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.