Donald Trumpek 550 mitin egin ditu, 2016an presidentetzarako hauteskunde kanpaina hasi zuenetik. Ordutik kanpaina jarrai batean segitzen badu ere, atzo ekin zion formalki 2020ko hauteskundeetan presidente kargua berritzeko kanpainari. Orlando hiria aukeratu zuen horretarako, Florida estatuan. Hain zuzen, Floridako botoak azken emaitzaren gakoetako bat izatea espero da. 20.000 jarraitzaileren aurrean hitz egin zuen AEBetako presidenteak. Ohi duen moduan, ahoan bilorik gabe. Gogor jo zuen, haren iritziz, "amets amerikarra" mehatxatzen dutenen kontra. Ez zuen mezu berririk eman. 2016ko kanpainako mezu berean oinarritu zuen hurrengo hauteskundeetarako kanpainaren hasiera. Horren adibide, aukeratutako leloa: Mantendu Amerika handi.
Hitzaldia AEBren gaitzen errudun jotzen dituenen kontra zuzendu zuen Trumpek. Alderdi Demokrata da horietako bat. "Demokratak gorrotoz, amorruz eta aurreiritziz jokatzen dute. Suntsitu egin nahi zaituztete eta gure herrialdea ezagutzen duzuen bezala suntsitu nahi dute". Trumpen esanetan, demokratei bozkatzea "sozialismo erradikala" babestea litzateke.
"Klase politikoa" eta "presio taldeak" ere jopuntuan jarri ditu. Adierazi du herritarren bizkar aberastu direla. Trumpek ziurtatu duenez, bere gobernuak aurre egin die talde horiei, eta jazarpena jasan du horregatik. "Gure mugimendu abertzalearen aurka ari dira lehenengo egunetik".
"Legez kanpoko migrazio masiboa" ere AEBentzako arriskua dela ohartarazi du. Herritar "zaurgarrienei" "amets amerikarra lortzeko bidea moztu" egiten die, presidentearen esanetan. Hori dela eta, dokumentaziorik gabeko immigranteak deportatzeko asmoa berretsi du. Herritarrei babesa eskatu die Kongresu errepublikar bat lortzeko. Trumpek horma bat eraiki nahi du AEBen eta Mexikoren arteko mugan migratzaileen sarrera eragozteko, baina demokraten esku dagoen Kongresuak ez dio horretarako baimena ematen. "Demokraten politikei esker, herrialde osoko eskoletako umeak MS-13 talde kriminalaren mehatxupean daude", adierazi du.
Horrez gain, hurrengo legealdirako finkatu dituen lehentasunen berri eman du. Lehentasun horien artean dira migrazioari lotutako legediaren erreforma, merkataritza akordioen negoziazioa, 2010eko osasun legea ordezkatzea eta "pribatutasunaren defentsa, adierazpen askatasuna eta armak izateko eskubidea". Hiesa AEBetan desagerraraztea eta minbiziarentzako sendagaia aurkitzea ere aipatu ditu. Azken hori Bidenek ere ezarri du bere lehentasunen artean.