Brexit-ari baietz esan ziotenean, Erresuma Batuko herritarrek aldaketa oldea eragin zuten, ohartu edo ez. Horietako bat eta nabarmenena lehen ministroarena izan da. Izan ere, EBn geratzearen aldeko defendatzaile sutsuenetariko bat izanik, logikotzat jo zuen gobernuburuak berak dimisioa ematea. Eta halaxe egin du gaur bertan, Theresa May buruzagi kontserbadoreari tokia utzita.
Komunen Ganberan izan da Cameron eguerdian, asteazkenero egin ohi duten eztabaidan, eta bertan jaso du lehen omenaldia. Izan ere, txaloka agurtu dute sei urtez lehen ministro izan dena. Buruzagi kontserbadorea bera harro agertu da urteotan egindako lanaz, eta nabarmendu du herrialdea "sendo eta egonkorragoa" dela orain.
Komunen Ganbera utzita arratsaldean agerraldia egin du Cameronek, Downing Streeteko 10. zenbakian. Bertan, familia ondoan duela, eskerrak eman ditu "inoizko ohore handiena" izan denaz gozatzeko aukera emateagatik. Bide batez, ordea, aitortu du hartutako erabaki guztiak ez direla zuzenak izan: "Politikariek gustuko dute politikaz hitz egitea, baina politika bera jendearen bizimoduek osatzen dute". Ondoren, sei urtez bere etxea izan dena utzi, eta Buckingham jauregira joan da Cameron, erreginari bere dimisioaren berri ematera.
Lehenik Gobernua
Theresa May izango da aurrerantzean Erresuma Batuko Gobernua zuzenduko duena. Orain arte Barne ministro izan denaren lehen eginbeharra izango da gobernu berria egituratzea. Brexit-aren aldekoen eta aurkakoen arteko oreka errespetatzen ahalegindu beharko du Mayk karguak banatzeko orduan —bihar bertan jakinaraziko ditu horietako batzuk—. Behin hori eginda, Erresuma Batuko herritarrek hartutako erabakiari egin beharko dio aurre Mayk, EBtik irteteko prozesuari, alegia.
Europako Batzordearen hurrengo bilera urriaren 20an egingo dute, eta, beraz, tarte hori baliatuko du Mayk EBko hainbat buruzagirekin banakako bilerak egin eta hurrengo urratsak aztertzeko. Dena den, adituek diote oso posible dela prozesua hainbat urtez luzatzea, hasieran bi urteko kontua izango zela esan zuten arren.