Dozenaka biktima eragin dituzte Dahab hirian hiru atentatuk

Poliziak hiritik ateratzea debekatu die bisitariei; Israelen, berriz, alarma egoera ezarri du Gobernuak

Erredakzioa
2006ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Dahab hiri turistikoko bi kafetegiren aurrean Nelson eta Aladdin eta Gazala merkataritza gunean jarritako hiru lehergailu eztandarazi zituzten atzo. Segurtasun indarren arabera, urrutitik eztandarazi zituzten lehergailuak. Leherketak izan ziren inguruak itxi egin zituen Poliziak. Al Jazeera telebista katearen arabera, 30 izan daitezke hildakoak. Aldiz, Barne Ministerioak hamar hildako izan zirela esan zuen, horien artean lau atzerritar. Zaurituak, berriz, 150etik gora dira. Erietxeko iturrien arabera, horietatik 30 inguru oso larri daude, eta beraz, hurrengo orduetan hildako kopuruak gora egin dezake.

Egiptoko presidente Hosni Mubarakek erasoa «ekintza terrorista» izan zela salatu zuen eta erantzuleak aurkitu eta zigortuko zituztela nabarmendu zuen. Barne Ministerioak Egiptoko mugak itxi egin zituen eta hiritik ateratzea debekatu zien turistei. Lerro hauek idazteko unean inork ez zituen erasoak bere gain hartu. Arratsaldeko zazpiak aldera izan ziren hiru leherketak. «Kea ikusi nuen lehenik eta gero jende asko korrika, ihesi», esan zuen lekuko batek. «Gorputz atalak ikus zitezkeen nonahi», zioen beste batek. «Kaosa zen. Jendea korrika zihoan. Zaurituak lurrean etzanda zeuden, mugitu ezinik», azaldu zuen erasoak izandako lekutik gertu lan egiten zuen gazte batek. Berehala joan ziren anbulantziak eta salbamendu taldeak eztandak izan ziren El Masbat auzora. Horien arabera, atzerritarrak ziren hildako asko. Egunotan ehunka dira Sinaiko penintsulara oporretara joan diren turistak. Horietako asko egiptoarrak dira, zeinak udaberriko oporrak baliatuz joaten diren Dahabera. Bestalde, gune turistikoen kontrako erasoak prestatzeaz akusatuta 22 lagun atxilotu eta gutxira egin dituzte erasoak.

Israeldar ugari

Kairotik 500 kilometrora dago Dahab, Sharm-el-Sheikh eta Taba hirien artean. Bi hiri horietan ere erasoak egin dituzte azken urteotan. Azkena Sharm-el-Sheikhekoa izan zen, non 88 pertsona hil ziren.

Israelek, berriz, alarma egoera ezarri zuen atzo erasoak zirela eta. Sinaiko penintsulan 20.000 israeldar daude. Oporretan batzuk eta lanean besteak. Hori dela eta, mugan dagoen Eliat hiriko erietxeak prest daude laguntza eske joan daitezkeen israeldarrak artatzeko. Horretaz gain, agintariek odola ematera joateko eskatu diete herritarrei. Israelgo Defentsa ministro Shaul Mofazek laguntza ere eskaini zien atzo Egiptoko salbamendu taldeei. Asko dira urtero Dahab hirira oporretara joaten diren gazte israeldarrak. Azken astean, esaterako, 25.000 israeldarrek igaro dute Egipto eta Israel banatzen dituen muga. Israelgo terrorismoaren kontrako borrokaz arduratzen den Dany Arditiren arabera, Tel Avivek bazituen Sinain erasoak egingo zituzten susmoak: «Al Kaedarekin lotutako talde txikiak aipatzen zituzten gure informazio iturriek. Horregatik Egiptora, eta batez ere Sinaiko penintsulara ez joateko ohartarazi genien israeldarrei». Horiek hala, inguru hartan zeuden israeldarrei etxera itzultzeko eskatu zien Arditik atzo. Israelgo lehen ministro Ehud Olmertek, berriz, Mubaraki deitu zion atzo «terrorismoaren kontrako borrokan» bat egiteko eskatzeko.

«Eraso kriminala»

Bestalde, Hamas talde palestinarrak gaitzetsi egin zituen atentatuak. Halaxe zioen komunikabideei bidalitako oharrak: «Jende errugabeen kontrako eraso kriminal hau gaitzetsi nahi dugu». Gauza bera egin zuen PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek ere. AEBetako presidente George Bushek ere gogor salatu zituen erasoak: «Gure doluminak agertu nahi dizkiegu biktimen familiei, eta hauxe hitz ematen diogu etsaiari: erasotzen jarraituko dugu, ez dugu etsiko eta ez gara nekatuko, guztiak justiziaren aurrera eraman arte».

Ez da Egipton halako atentatu bat egiten duten lehen aldia. Azkena, eta orain arteko odoltsuena iazkoa uztailekoa izan zen. Orduan, Sharm-el-Sheikheko hotel baten kontrakoa izan zen erasoa. Gutxienez, 88 pertsona hil eta 200dik gora zauritu ziren. Asko eta asko oporretara joandako turistak. Tartean, bi britainiar, italiar bat, ukrainar bat eta errusiar bat. Orduan, Al Kaedako Abdula Azam Brigadek bere gain hartu uzten erasoa. Hauxe zioen Internet bidez zabaldutako mezuak: «Egiptoko agintari torturatzaileek egurra emateari ez diogu beldur, eta zin egiten dugu tirano hauek hil dituzten martiriak mendekatuko ditugula». Hurrengo egunetan dozenaka lagun atxilotu zituzten.

Azken urteetako erasoak





1997: 58 turista hil zituen Egiptoko talde islamiko batek Hatshepsut tenpluaren atarian, Luxor hiritik gertu. Egiptoko Talde Islamikoari (Al Jemaa al Islamia) leporatu zioten erasoa.

2004ko urria: Ekintzaile batek bonba bat leherrarazi zuen Sinai penintsulan, Taban, eta horren ondorioz 24 turista israeldar hil ziren.

2005eko apirila: Ekintzaile suizida batek hiru turista hil zituen Egiptoko Kairo hiriburuan, bonba bat leherrarazita. Egun batzuk geroago, hilaren amaieran, egiptoar bat hil zuten hiriburuan, bonba eraso batean.

2005eko uztaila: Gutxienez 88 pertsona hil zituzten Egiptoko Sharm-el-Sheikh hiri turistikoan, hiru bonba leharrarazita.

2006ko apirilaren 24a: Dahab hiri turistikoan hiru bonba eztandarazi eta gutxienez 22 lagun hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.