Mozambike

Dozenaka zibil hil dituzte Mozambike iparraldeko Palma herrian

Gas eta petrolioan aberatsa den Cabo Delgado eskualdean izan da erasoa. Herriarekiko komunikazioak etenda daudela esan dute agintariek.

Gerratik ihesi joandako desplazatu talde bat, Mozambikeko Chibuto herrian, Manica probintzian. ANDRE CATUEIRA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko martxoaren 29a
11:17
Entzun

Asteburuan eman zuten agintariek erasoaren berri. Datu zehatzik eman gabe, hildakoak «dozenaka» zirela jakinarazi zuten, gehienak zibilak. Cabo Delgado eskualdeko Palma herrian izan zen. Inguru hartan ugariak dira gas eta petrolio putzuak, eta nazioarteko enpresa ugarik dituzte bertan egoitzak.

Omar Saranga segurtasun indarren buruak atzo azaldu zuenez, ehundik gora lagun erreskatatu zituzten, tartean atzerriko langileak. Herriarekiko komunikazioak etenda daude oraindik, eta, beraz, segurtasun indarrek ez dute zehaztu ahal izan zenbat jende geratu den herrian harrapatuta. Palma herrian 75.000 lagun bizi dira, baina azken asteetan bertan hartu dute babes eskualdean zabaldu diren borroketatik ihesi joandakoek.

Iturri ofizialen arabera, joan den asteazkenean hasi zuten erasoaldia, herrian hainbat gunetatik sartuz. HRW Human Rights Watch giza eskubideen aldeko nazioarteko erakundearen arabera, erasotzaileek etxeetan eta kalean hil zituzten herritarrak, tiroz batzuk eta labanaz besteak. Hegoafrikatik, Frantziatik eta Erresuma Batutik joandako langileetatik askok hoteletan hartu zuten babes, baina haietara ere sartu ziren gerrillariak.

Nazioarteko Ikerketa Estrategikoetarako Afrikako Programako kide Emilia Columbok adierazi duenez, NBE Nazio Batuen Erakundeko kideei ukatu egin diete herrirako sarrera: «Uste dut egoerak okerrera egin duela urtarrilaz geroztik, eta matxinoek herrirako sarrera-irteeren gaineko kontrola bereganatu dutela».

NBEk ohartarazi du aurrez Palman babes hartutako hainbat iheslarik handik atera behar izan dutela, eta laguntzarik ez dagoen eskualdeetara jo, borroketatik ihesi.

Eskualde aberatsa da Cabo Delgado, besteak beste petrolio eta gas putzu handiak dituelako, eta multinazional ugari daude bertan lanean. Hain zuzen ere, aberastasun horrekin, edo, zehatzago esateko, aberastasun horren irabaziekin lotzen dute adituek azken hilabeteetako indarkeriaren gorakada. Izan ere, nazioarteko enpresek eta agintariek milaka milioi dolarren irabaziak izan dituzte, baina Cabo Delgado oraindik ere Mozambikeko eskualde pobreena da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.