Albistea entzun

Mozambikeko gatazka. Yussuf Adam. Ikerlaria

«Egiarekin irabazten da horrelako gerra bat»

Yussuf Adamek, Eduardo Mondlane unibertsitateko irakasleak, ohartarazi du Mozambikeko Gobernuak diskurtsoa aldatu behar duela eta segurtasun indarren gehiegikeriak epaitu.
BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Oskar Epelde -

2020ko abenduak 16 - Maputo

Yussuf Adam irakaslea ikerlari gisa iritsi zen Cabo Delgadora. Frelimo Mozambike Askatzeko Fronteak askatutako lurralde hartan, pertsonen arteko esplotaziorik gabeko gizarte justua sortzeko aukera zegoela sinetsiz, gobernantza alternatibo eta iraunkorrei buruzko lan handia egin zuen, eta oraindik ere uste du baldintzak sor daitezkeela muturreko indarkeria desager dadin.

Nondik dator muturreko indarkeria?

Musulman batzuk Indian eta Saudi Arabian hezi ziren, eta 1940ko eta 1950eko hamarkadetan heziketa wahhabiarekin [muturreko musulman kontserbadoreak] itzuli. Baina Mozambikeko islamaren eraikuntza talde suniten esku egon bada ere, populazioaren gehiengoa, XV. eta XVI. mendeetan konbertitu ondoren, norabide sufiko kofradietan bilduta zegoen. Gero, XIX. mende bukaeratik, kolonialismoa indar betean zela, Eliza katolikoa bihurtu zen erlijio ofizial. Landa eremuko gazte asko katoliko egin ziren hezkuntzan edo elizaren lurretan lan egiteko aukera izatearren.

2.000 hildakotik gora utzi dituzte borrokek eta 500.000 desplazatu inguru. %400 hazi da bortxakeria.

Ez dakigu teknika terroristak erabiltzen dituen gerrilla bat den, ala gerrilla teknikak erabiltzen dituen terrorista talde bat. Izan ere, alde guztiek jotzen dute indarkeriara, Euskal Herrian ere ondo dakizue, gobernuaren errepresioak insurgentzia indartzen eta elikatzen duela.

Zeintzuk dira indarkeria handitu duten faktoreak?

Lehenik, gazteak daude, zeintzuek ez duten lan finkorik, eta meatzaritzan edo kale salmentan diharduten, eta maiz bizi ahal izateko legez kanpoko lanak egin behar dituzten. Bestetik, azken hamarkadetan meatzaritza enpresak ezarri dira Cabo Delgadon. Urteetan hango lur jabeak izan direnak bota egin dituzte kalte-ordainik gabe, eta euren lurretik atera eta beste batera eramanak diren herritarrek matxinatzeko beharra sentitzen dute. Azkenik, ingurumen krisia dago. Gehiegi ustiatu dituzte baso baliabideak, horrek eragin ditzakeen kalteak ezagutu gabe. Horrek guztiak bultzatzen du indarkeria. Finean, matxinoek nahi dutena da gobernuak denen artean bana ditzala natur baliabideen ustiaketatik ateratako irabaziak.

Matxinadaren sakonean, aztertu beharreko bidegabekeriak daude. Nolatan ez dituzte negoziazioak bultzatu?

Bi aldeek onartu behar lukete elkarrizketa bidezko irtenbidea. Badakigu negoziazio batzuk izan direla adibidez milizianoek Moçimboa da Praian harrapatu zituzten bi ahizpa brasildarrak askatzeko. 24 ordu izan ziren matxinatuen esku. Basoa ondo ezagutzen duen pertsona talde batek zaindu zituela esan omen zuten. Irrati-komunikazio ekipo modernoak zituztela, satelite bidezko telefonoak, armak... eta 24 orduko txandak egiten zituztela. Baita begi argiko gizon zuriak ikusi zituztela ere, europarrak edo Ekialde Hurbilekoak.

Matxinoen ezaugarrietako bat da emakumeak bahitzen dituztela. 700 edo 800 neska bahitu dituzte. Familiako neskak itzuli ote ziren galdetu nion behin desplazatu bati, eta ezetz erantzun zidan. Nikah zeremonien bitartez matxinoen emazte bihurtzen direla uste dute. Neska gazteekin batera zaharragoak ere bahitzen dituzte. Gazteei massa deitzen diete, zaharrei sorgo. Milizianoek kontrolatzen dituzten lurretan haur kopuru handi bat dutela ere badakigu. 7-8 urterekin bahitu zituzten duela hiru urte. Trebatu egin dituzte eta ikasitakoa praktikan jartzeko irrikan daude.

Gatazkatik ihesi joan behar izan dutenentzat bizitoki berriak aurkitzea ere ez da erraza izaten ari.

Gobernuak barruti seguruetan birkokatu eta lurrak eman nahi dizkie, kanpoko laguntzen menpe bizi behar ez daitezen. Baina prozesuak ez dira errazak. Lehenik eta behin, hutsik edo okupatu gabeko lurrik ez dagoelako. Bitartean, genozidio isil baten biktimak sentitzen dira iheslariak. Ez dituzte hil, baina lurrik gabe geratu dira, eta ez dakite inoiz itzuli ahal izango diren.

Lur jabe izateari utzi diote, eta orain atzerriko estatuetara jo behar dute morroi edo epoth bilakatzeko. Cabo Delgadoko estatu -idazkariak ehun herri berri eraikitzeko asmoaren berri ere eman du. Armindo Ngunga linguista eta ikerlariak esan du herriek pertsonak ondo bizitzeko baldintza guztiak beteko dituztela, baina zalantzak daude. Argindarra eta ura duen auzo batean etxea eraikitzea, ez da hori bakarrik, herritarron ohiturak eta legeak aintzat hartu behar dira. Bertako nekazari eta arrantzaleek hainbat erritu egiten dituzte tokiz aldatzeko. Ura duten lur emankorrak ez daude hutsik, lur jabeak eta araudiak dituzte. Toki berri baten bila ateratzen direnean, nahiago izaten dute basoan finkatu, basoa garbituz jabetza eurena bilakatuko delakoan.

Zer garrantzi du erlijioak gatazka honetan?

Populazio dentsitate handia ez duten tokietan finkatu dira desplazatuak. Hainbat tokitan baliatzen ez ziren kolonia garaiko machamba edo uzta eremu zaharrak daude. Euren herrietan utzitako lurrak, berriz, jenderik gabe geratzen ari dira. Lur horiek erakunde erlijiosoek kudeatzen dituzte. Balio tradizionalarekin lotutako erakunde horiek komunitateko liderrek zuzentzen dituzte, eurak dira herritarrengandik gertuen dauden agintariak ere. Janzkera propioa eta onura ekonomiko batzuk izateaz gain, zergak biltzeaz ere arduratzen dira, baita dokumentuak egiteaz ere. Beste herri batera joateko dokumentu ofizial bat erakutsi behar da kontrol postuetan.

Tokian tokiko agintariek praktika sunitak dituzte, baina bestelako sinesmen eta fedeen ohiturekin nahastuta. Ondorioz, haien aurka daude islam garbia, zuzena eta kanokikoa ezagutzen eta praktikatzen dutela uste dutenak. Atzerrian hezitako gazteen artean intolerantzia oso zabalduta dago. Horietako batzuek herrialde musulmanetan egin dituzte ikasketak, eta ez daude iritzi desberdinak dituztenekin hitz egiteko prest. Ez dituzte desberdin pentsatzen dutenak errespetatzen, eta musulmanen nagusigoari eutsi nahi diote, estatu aparatuetan postuak izan eta kargu politikoak lotzeko.

Matxinada mendebaldera edo hegoaldera hedatzea gerta daiteke?

Bai, hegoaldera eta herri guztira heda daiteke, Mozambikeko Gobernuak ez baitu bermatzen herritar guztien integrazioa eta garapena eta aberastasunen banaketa zuzena. Eskandalu finantzarioak ere aurkitu dira. Adibidez, jakin berri da arrantzontzien garapenera zuzendutako 1.600 milioi euro armadara desbideratu dituztela.

Niassan ere egoera ez da askoz hobea.

Cabo Delgado, Niassa eta Nampulan asmo dira elikadura arazoak dituzten eta osasun arreta jasotzen ez duten edo eskolara joan ezin diren adin txikikoak. Niassan milizianoen eraso batzuk izan dira. Matxinoek diote sistema aldatu nahi dutela, baliabide naturalek bertakoen esku egon behar dutela, eta ustelkeriaren eta injustiziaren aurka mintzo dira. Baina ez dira oso sinesgarriak, kontuan hartzen baditugu euren aurkako tortura eta bahiketa salaketak.

Muidumben sartu eta atera dabiltza. Moçimboa da Praia euren esku dago abuztutik, LNG proiektuaren egoitzatik 60 kilometrora. Armadak hiria gaur hartuko balu,hari eusteko gai izango litzateke?

Matxinoak lurralde zabalean dabiltza. Hegoaldean Quissangatik Moçimboa da Praiara, gero Angatik Marerera eta orain lautadan Muidumberaino. Gerrilla gerra batean gerrillariek ez dute base egonkorrik. Gerra mugituz doa. Armadak kuartelak ezartzen ditu koadrante bakoitzean gerrilla geratzeko, gerrilla berriz sartu, jo eta atera egiten da. Matxinoak ez dira nekazaritzan iaioak. Ez dute administrazio alternatiborik sortu. Lortu dute estatu administrazioa, bankuak eta sare komertzialak suntsitzea.

Orain Mozambikeko armadaren soldadu gehiago trebatu dira AEBetako segurtasun pribatuko enpresen laguntzaz. Duela egun batzuk Iboko bizilagun batek esaten zidan Defentsa eta Segurtasun Indarren unitateek harreman hobeak dituztela orain bertakoekin, eta ordena eta segurtasuna bermatzen dutela, baina orain artekoek herritarrei ez zieten inongo begirunerik. Tortura salaketa ugari bildu dira. Oraintsu, Muedako lautadan, milizien erasoen ondoren edo haien erasoen beldurrez hainbat herri hustu dira, eta soldaduek gero herriak arpilatu dituzte.

Gobernua ADIN Iparraldeko probintzien garapena bultzatzeko agentzia sortu du. Baina zer nolako garapena behar da matxinada bat indargabetzeko?

Argi geratu da matxinada armen bitartez bakarrik ezin dela bukatu, horregatik sortu da ADIN. Armez gainera, garapen eta ekintza psikosozialak behar dira. Garapen alternatibo eta iraunkorra behar da, nekazariek euren ekoizpen gaitasuna landu dezaten, taldeka, kooperatibekin edo nahi duten eran, baina euren etekinak hobetu eta aberastasuna jasotzeko. Agentziak bederatzi hilabete ditu. Baliabideen mobilizazioa ez da lan erraza, baina uste dut ahal duena egiten ari dela.

Bestalde, maiz, estatuaren ekintzak ez datoz bat bere diskurtsoarekin. Estatua bere burua antolatzen ari da, ez da lan erraza. Deszentralizazioa era erabakigarrian burutu behar da helburua betez, tokian tokiko organoei boterea itzuliz alegia. Talde eta komunitateei bidea ireki behar lieke planifikazioan, inplementazioan eta proiektuen emaitzak aurrezagutzen parte har dezaten. Baina jarduera horiek ohiko politikak aldatzea eskatzen dute. Alderdia eta estatua ezin dira nahastu justizia edota kontu publikoen erakundeek zuzen jokatuko badute.

Gasa ustiatzeko proiektuaren segurtasuna beste ezer baino gehiago zaintzen dute. Multinazionalek errepideak eta klinikak eraiki dituzte komunitateentzat.

Nire ustez, multinazionalen lehen helburua gasa ahalik eta azkarren ateratzea da. Eraikuntzaren erritmoa mantentzeko miliziei zergak ordaindu behar balizkiete ere, egingo lukete. Erietxeak, eskolak eta abar eraikitzeaz gainera, komunitateekin batera lan egin behar lukete. Multinazionalak ez dira karitateak deituta etorri, baina elkartasuna ere ez da euren berezitasuna. Estatuaren legeak errespetatu behar dituzte, eta ustelkeriaren aurkako borrokan jardun. Bestalde, ez dute ahaztu behar agindutakoa betetzen ez badute herritarrak euren aurka matxinatuko direla.

Zer ondorio izan ditu harribitxien ustiaketak?

Muturreko taldeak Balama eta Namunoren arteko mugako meskita batean agertu ziren estreinako aldiz. Errubiaren ustiaketa eta meatzari artisauen bazterketa gerrarekin oso lotuta dagoela diote batzuek. Inguruko nekazariak ez zeuden ados euren lurrak galtzearekin eta estatuaren zapalkuntzarekin. Hamasei urteko gerrak zauri sakonak eragin ditu. Londresko auzitegiek lortu zuten Leigh Day enpresa zigortzea, eta bide batez legeak aplikatzea eta meatzariei lana egiten uztea ingurumena babestuz.

Non jarri behar dira indarrak?

Egia eta justizia dira bakea eraikitzeko behar diren oinarriak. Duela urte batzuk Cabo Delgadon kartzelara joateak heriotza zigorra zekarren. Segurtasun indarren gehiegikeriak epaitu behar dira. Estatuaren diskurtsoa aldatu behar da. Hark dio matxinoek ez dutela aurpegirik, ez direla existitzen, «terroristak» direla, dena suntsitzen dutela, baina bera ere ez da saiatu erasoak argitzen, ez du benetako ahaleginik egin gatazkari irtenbide negoziatu bat emateko.

Gobernuaren kontrapropagandak, bere milizia zibernetikoak onurak baino kalte gehiago ekartzen ditu, denek ontzat ematen dutena ezeztatzen saiatzen baitira. Populazioaren kontrolerako garapenaren eta prentsaren poliziek ez garamatzate inora. Gerra bat demokrazia areagotuz irabazten da, askatasuna areagotuz, eta egia areagotuz. Azalpen ideologikoek ez dute herria konbentzitzen.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©MARCO SANTOPADRE

«Itsasoan hiltzen direnak dira larrialdia, ez bizirik iristen direnak»

Marco Santopadre

Ekintzailearen esanetan, «bisa politika bidegabeen biktima» izaten jarraitzen dute oraindik ere joan-etorriak libre eta seguru egiteko eskubidea behar luketen milaka pertsonak.
Alemaniako armadako bi soldadu, ariketa militarrak egiten, urtarrilen, Marienbergen, Alemanian. ©MARTIN DIVISEK / EFE

Alemaniak Leopard 1 tankeak bidaliko ditu Ukrainara

Mikel O. Iribar

‘Süddeutsche Zeitung’-en arabera, Berlinek 88 tanke emango dizkio Kievi. EBko zenbait goi kargudun Ukrainako hiriburuan dira, Zelenskirekin batera.

Italiako Polizia hilik aurkitutako zortzi migratzaileen gorpuak daramatzan ontziaren zain. / ©Concetta Rizzo, EFE

Kostazainek 42 pertsona erreskatatu dituzte Lampedusatik gertu

Arantxa Elizegi Egilegor

Zortzi lagun hilik atera dituzte ontzitik. Erreskatatutako migratzaileen esanetan, hotzez hil ziren. Beste bi desagertutzat jo dituzte.

Montanako zeruan ikusi duten ustezko globo espioia. ©BERRIA

AEBek Txinako ustezko globo espioi bat atzeman dute beren aire eremuan

Berria

Txinak «ez espekulatzeko» eskatu du, baina gertakariak korapilatu egin dezake igandetik aurrera Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria Txinara egitekoa den bi eguneko bisita.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.