Draghik dimisioa eman du, baina presidenteak ez dio onartu

Italiako lehen ministroak kargua utzi nahi izan du, koalizio gobernuan dagoen alderdi batek, M5Sk, ez baitu parte hartu Senatuko bozketa batean. Mattarellak erantzun dio parlamentura joateko «egoera aztertzera»

Mario Draghi Italiako lehen ministroa —ezkerrean— eta Sergio Mattarella presidentea, iragan ekainaren 2an, Erroman, Errepublikaren Egunean. ETTORE FERRARI / EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 15a
00:00
Entzun
Italia, berriz ere, erabateko ziurgabetasun politikoan murgildu da. Mario Draghik lehen ministro kargua utzi nahi zuen atzo, M5S 5 Izar Mugimenduarekin eta batez ere indar politiko horren buruzagi Giuseppe Conterekin asteotan izan dituen desadostasunen ondorioz. Sergio Mattarella presidenteak, ordea, ez zion hori onartu, eta parlamentura joateko erantzun zion, «egoera aztertzera». Europa hegoaldeko herrialdea hamaikagarren krisian dago, eta orain ez dago batere argi zer gertatuko den, Italiako politika aurreikustea geroz eta zailagoa baita. Draghi, printzipioz, datorren asteazkenean mintzatuko da diputatuen aurrean.

Lehen ministroak iragarria zuen ez zuela karguan jarraitu nahi M5S gabe, eta adierazpen horrek garrantzi handia eman zion atzo Senatuan egin zuten bozketa bati. Gobernuak inflazioari aurre egiteko —%8koa da— aurkezturiko dekretuak berekin zekarren konfiantza mozio bat, baina Conteren alderdiko senatariak ez ziren goi ganberan izan —halere, onartu egin zuten—.

Hori kontuan harturik, Europako Banku Zentraleko presidente izandakoak argudiatu zuen orain arteko «baldintzak» ez direla betetzen agintean jarraitzeko: «Gobernu honen oinarri izan den batasun nazionaleko gehiengoa jada ez da existitzen».

M5Sren buruzagiarentzat, herritarrentzako laguntzak ez dira «nahikoak» izan, eta horren harira erabaki zuen Senatuko bozketan ez parte hartzea. Horren aurretik, baina, Contek zenbait desadostasun izan ditu Draghirekin: besteak beste, Ukrainara armak bidaltzeaz eta Erroma hiriburuan zaborrarentzako erraustegi bat eraikitzeaz.

Zazpi alderdik osatzen dute batasun nazionaleko gobernua. Iazko otsailean eratu zuten, COVID-19aren pandemiari aurre egiteko, eta, berez, M5Sren babesik gabe ere badu gehiengoa Diputatuen Ganberan eta Senatuan; oraindik ere lehen ministro denak, ordea, horien guztien babesa nahi zuen, eta, Conteren alderdia negoziatzeko prest dagoen arren, Draghik kargua uztea erabaki zuen. Oraingoz, baina, gobernuburu postuan jarraitu beharko du.

«Egunotan, nire partetik, bide komun batean jarraitzeko konpromisorik handiena egon da. Saiatu naiz ulertzen indar politikoek helarazi dizkidaten eskakizunak. Parlamentuko gaurko eztabaidak eta bozketak agerian utzi dutenez, hori ez da nahikoa izan», argudiatu zuen Europako Banku Zentraleko presidente ohiak Ministroen Kontseiluan.

Mattarellaren ezezkoaren ondorioz, Draghik lehen ministro karguan segitzen du, eta bost egun ditu gobernuarekin zer egin erabakitzeko; hau da, M5S botatzea edo bestelako koalizio bat eratzea. Hori lortuko ez balu, Italiako presidenteak bi aukera lituzke: beste lehen ministro bat aukeratzeko agindu lezake, edo bozetara deitu.

Estatuburua egonkortasun politikoaren aldekoa da, eta baliteke ahalik eta aldaketa gutxien nahi izatea, are gehiago kontuan harturik egungo nazioarteko testuingurua.

Italiako Anaiak, adi

Italiako alderdi nagusi guztiak daude gobernuan, eskuin muturreko FdI Italiako Anaiak izan ezik. Eta, hain justu, badirudi oposizioan geratu izanak mesede egin diola, YouTrend inkesta etxearen arabera babesik handiena jasoko lukeen alderdia bailitzateke hauteskundeak gaur egingo balituzte.

FdIk botoen %22,5 bilduko lituzke, eta Matteo Salvini Barne ministro ohiaren Legarekin (%14,5) eta Silvio Berlusconi lehen ministro izandakoaren Forza Italiarekin (%8,3) batera koalizio gobernu bat osatzeko moduan leudeke, Giorgia Meloni gobernuburu lukeena.

Beste aldean, PDk eta M5Sk elkarrekin aurkezteko asmoa dute, baina Enrico Letta lehen ministro ohi eta PDren buruzagiak esan zuen atzo gertaturikoak «egoera aldatzen» duela.

Berez, agintaldia datorren martxoan amaituko da, baina, egunotan, eta batez ere datorren asteazkenean gertatuko denaren arabera, baliteke Italiako presidenteak bozak aurreratzea, eta, kasu horretan, udazkenean egingo lituzkete. Iragan hauteskundeak 2018ko martxoan egin zituzten, eta M5S izan zen Diputatuen Ganberan ordezkaritzarik handiena lortu zuen alderdia —630 eserlekutik 227—.

Legarekin koalizioan gobernatu zuen 2019ko abuztura arte, Conte lehen ministro zela, eta, Salviniren hilabete horretako dimisioaren ondoren, PD Alderdi Demokratikoarekin eta IV Italia Bizirik-ekin ados jarri zen gobernatzen jarraitzeko —eta Askeak eta Berdinak ezkertiarraren babes parlamentarioarekin—.

Iazko urtarrilean, berriz, IV koaliziotik atera zen, eta horren ondoren osatu zuten batasun nazionaleko gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.