DVD berrien lehen irakurgailuak salgai jarri ditu Sonyk AEBetan

Sonyren Blu-ray formatuak Toshibaren HD-DVDarekin lehiatzen ari da, DVDaren ondorengoa aukeratzeko

Edu Lartzanguren.
2006ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
DVD diskoen oinordekoa zein izango den jakiteko lehiak beste atal bat du gaur. Sony etxeak bultzaturiko Blu-ray diskoak irakurtzeko lehen tresna gaur jarri dituzte salgai Ameriketako Estatu Batuetan. Lehiakideak, ordea, aurreratuta dabiltza. Datorren hilabetearen erdialdera HD-DVD diskoak irakurtzeaz gain, grabatuko dituen tresna saltzen hasiko da Toshiba etxea. 1980ko hamarkadan VHS eta Beta bideo formatuen arteko borroka dakar gogora egungo lehiak. Sonyk galdu zuen hura, Betaren aldeko apustua egin zuelako. Ikusteke dago nork irabaziko duen oraingoa, bi diskoak ez baitira bateragarriak. Blu-rayren ahalmen handiagoa HD-DVDaren prezioa merkeagoaren aurka, horretan datza erabakia.

Sony etxeak Blu-ray Disc formatua aurkeztu zuen 2002. urteko otsailean, filmak bereizmen handian eta bestelako datuak gordetzeko modu gisa. Berritasun teknologiko nabarmenak ditu Blu-ray sistemak. Oraingo DVDak irakurtzeko laser izpi gorriak erabiltzen dira, eta Blu-rayk laser izpi urdin-moreak erabiltzen ditu. Laser urdinaren uhin luzera motzagoa denez, datu gehiago gorde ahal dira leku berdinean. Disko bakarrean 25 gigabyte sar daitezke, hau da, 13 ordu telebista, bi ordu bereizmen handian. Egungo DVDetan 5 GB baino ez dira sartzen. Bi geruzako bertsioek, aldiz, 54 GB memoria izango dute. Urraduren eta hatz marken aurkako babes kutxa bat ere izango du. Baina horrek eragozpenak ere baditu: Blu-ray irakurtzeko tresnak ezingo ditu oraingo DVD eta CDak irakurri. Produkzio koste altuak izango dira, gainera. Sony etxearen Blu-ray Disc formatuaren egitasmoak 75 etxeen babesa du: Hitachi, LG, Pioneer, Philips, Samsung, TDK, Thompson Multimedia, Dell eta Hp, besteak beste. berriki Applek bat egin du formatuarekin. Columbia TriStar zinema estudioek,20th Century Foxek eta Disneyk sostengua eman diote.

Samsung etxeak egin ditu lehen Blu-ray irakurgailuak, eta 1.000 dolarretan (794 euro inguru) salduko dituzte AEBetan. Datua garrantzitsua da, lehen HD-DVDek erdia balio dutelako.



HD-DVD, LEHIAKIDE MERKEAGOA. Toshiba etxeak 2002ko irailean aurkeztu zuen HD-DVD formatua NEC, Sanyo eta Memory Tech etxeen babesarekin. HD-DVDa egungo DVD teknologiaren oinordekoa da, eta hau du abantaila nagusi: oraingo formatuekin bateragarria da. HD-DVD sistemak laser izpi gorri eta urdinak ditu eta izpi gorriekin oraingo DVDak irakurri ahal izango ditu. Baina Blu-rayrekin alderatuta, gabezia teknologiko nabariak ditu: HD-DVD formatuak 15 gigabyte gordetzeko gaitasuna izango du, eta 30 gigakoa bi geruzako diskoetan. Grabazioak ere mantsoago egingo ditu.

Bestalde, produkzio kostuak Blu-ray Disc sistema baino askoz merkeagoak izango dira. Gainera, zinema estudioen artean, babes handiagoa du HD-DVD formatuak: Warner Bros, Universal, Columbia, MGM, eta Paramount, besteak beste. Microsoftek ere babesa eman dio.

Sonyk Blu-ray grabagailuak saldu ditu Japonian 2003. urtetik, baina eskaera txikia izan da, eta salneurriak handiak. HD-DVD grabagailuak uztailaren 14an helduko dira Japoniako dendetara, eta 398.000 yenetan salduko dituzte (2.724 euro inguru).

Martxoan hasi zen Toshiba HD-DVD irakurgailuak saltzen Japonian, eta apirilean AEBetan.



JOKOEN GERRA ZELAIA. Baliteke formatuen borroka bideo jokoen eremuan erabakitzea. Izan ere, Sonyk PlayStation gailuaren bertsio berria plazaratuko du azaroaren erdialdera, eta Blu-ray diskoak irakurtzeko tresna ekarriko du. Horrez gain, disko formatu berria duten ordenagailuak salgai jarriko ditu hilabete honen bukaerarako. Microsoften Xbox 360 bideo jokoetarako tresnaren jabeek, haatik, aparte erosi beharko dute HD-DVD irakurgailua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.