Espainiako Auzitegi Gorenak ostegunean erabakiko du Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde kargugabetua eurodiputatu gisa inhabilitatzen duen ala ez. Espainiako Hauteskunde Batzordeak joan den ostiralean ebatzi zuen ezin dela Europako Parlamentuko diputatu izan, Gorenak hamahiru urteko espetxealdira eta beste horrenbeste urteko inhabilitaziora zigortu zuelako urriaren 14an, sedizio delitua leporatuta. ERCko buruaren defentsak helegitea aurkeztu du gaur erabaki horren kontra, eta ebazpena urgentziaz baliogabetzeko eskatu dio Gorenari, auzitegiak Junquerasen eurodiputatu izaerari buruzko auzia argitu artean. Andreu Van den Eynde abokatuak nabarmendu du Junquerasek Europako Parlamentuan duen aulkia dagoela jokoan.
Europako Justizia Auzitegiak abenduan ebatzi zuen Junquerasek immunitatea duela maiatzean Europako Parlamenturako bozetan aukeratua izan zenetik. Beraz, adierazi zuen ERCko buruak immunitatea zuela Espainiako Auzitegi Gorenak zigortu zuenean. Joan den astean, ordea, PSOE eta ERC Pedro Sanchez presidente izendatzeko negoziatzen ari zirela, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Junqueras inhabilitatzeko agindu zuen.
Luxenburgoko auzitegiaren epaia nola gauzatu erabaki behar du oraindik Espainiako Auzitegi Gorenak, baina Junquerasen egoera zein den argitu aurretik erabaki du Hauteskunde Batzordeak hari europarlamentari izaera ukatzea.
Parlamentariak, webgunean
Europako Parlamentuak hilaren 13an egingo du urteko lehen osoko bilkura, eta Gorenak auzia ebatzi gabe jarraitzen du. Europarlamentuak, ordea, ez du denborarik galdu. Espainiako justiziak entzungor egiten segitzen duen arren, Oriol Junqueras, Carles Puigdemont eta Toni Cominen fitxak sartu dituzte gaur goizean parlamentuko webgunean, gainontzeko parlamentarien artean. Atzo aitortu zituen Europako Parlamentuak europarlamentari gisara. Fitxak osatu gabe daude, eta soilik Junquerasenak du argazkia, baina hor daude, eta Espainia gero eta gehiago geratzen ari da agerian.
Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena falta da; horri erantzunez eman zuen berea Europako justiziak. Atzo, edonola ere, europarlamentari gisara aitortuta, Espainiaren sinesgarritasunak beste kolpe bat hartu zuen. Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzi zuen arren Junqueras ezin dela eurodiputatu izan, Estrasburgon (Frantzia) egoitza duen parlamentuaren zuzendaritzak atzo jakinarazi zuen estatus hori aitortzen diola. «Ez dut besterik esateko», idatzi zuen atzo Kataluniako presidenteorde kargugabetuak Twitter sare sozialean.
Horrez gain, EAL Europako Aliantza Libreak bere parlamentari taldeko lehen presidenteorde izendatu du Junqueras.
Carles Puigdemontek eta Toni Cominek behin-behineko eurodiputatu akreditazioak jaso zituzten iragan hilabetean, eta, horri esker, bi politikariek datorren asteleheneko saioan parte hartuko dute; orduan bilakatuko dira ofizialki ganbera horretako diputatu. Europako Parlamentuaren arabera, bilkura horretan Oriol Junqueras izan behar dute alboan, espetxean dagoen Kataluniako presidenteorde kargugabetua.
Puigdemontek eta Cominek datorren astelehenean hartuko dute kargu politiko berria, baina, Junquerasen kasuan, Gorenak erabakiko du kartzelatik atera ahalko den saio horretan izateko: fiskaltzak espetxean mantentzeko eskatu zuen, eta Estatuaren abokatuak uste du europarlamentuko saioetara joateko aukera izan behar duela. Hori bai, Espainiako auzitegiari gomendatu zion immunitatea indargabetzeko prozesua «ahalik eta azkarrena» hasteko.
Herenegun, Junquerasek Espainiako Hauteskunde Batzordeari eskatu zion haren aurkako ebazpena indarrean ez jartzeko, erabaki horren aurkako helegite bat aurkeztuko duelako Auzitegi Gorenean, argudiatuta oinarrizko eskubideak urratzen dituela.
ERCren izenean, Pere Aragones koordinatzaile eta Kataluniako presidenteordeak Junqueras «berehala askatzeko» exijitu zuen atzo, eta Europako erakundeari eskerrak eman zizkion «zuzenbide estatuari eusteagatik». Puigdemontentzat, atzokoa «lur-jotze politiko-judizial baten epifania» izan zen; Quim Torra Kataluniako presidentea, berriz, «harro» agertu zen Kataluniako eta Europako parlamentuek hauteskunde batzordearen erabakiari «indarra kendu» ziotelako.
Espainiako eskuina
Espainiako eskuineko alderdiak haserre agertu ziren Europako Parlamentuko zuzendaritzaren erabakiarengatik, eta Jorge Buxade Voxen eurodiputatuak mezu elektroniko bat bidali zien atzo parlamentari guztiei, konbentzitzeko hauteskunde batzordearen erabakiak «guztiz» errespetatzen duela Luxenburgoren epaia.
PPren eledun Dolors Montserratek ere mezu bat bidali zion David Sassoli europarlamentuko presidenteari, Junqueras diputatu gisa onar ez dezala eskatzeko.