EB Marokorekin bilduko da abenduaren 13an, Saharako egoera aztertzeko

Aaiunen gertatutakoari buruzko «ikerketa independente bat» eskatu du Espainiako Atzerri ministroak

Erredakzioa
2010eko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Azkenean datorren abenduaren 13an bilduko da Europako Batasuna Marokorekin Mendebaldeko Sahararen egoeraz hitz egiteko. Hala jakinarazi zuen atzo EBko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Catherine Ashtonek. Bide beretik, Europako Parlamentuan datorren astean egitekoa zuten bozketa ere abendura atzeratu dute. Bozketaren helburua da Rabati azalpenak eskatzea Mendebaldeko Saharako gatazkaren eta giza eskubideen inguruan. Marokoko Atzerri ministro Fassi Fihrik, ordea, erabakia atzeratzea lortu du sozialista eta popularren babesari esker.

Bitartean, ordea, sahararrek errepresiopean jarraitzen dute. Human Rights Watch giza eskubideen aldeko erakundeak salatu duenez sahararrak beldur dira erietxera joateko Poliziak ospitaleetako sarrerak kontrolatzen dituelako. HRWeko ordezkari berezi Peter Bouckaertek eskatu dio Nazio Batuen erakundeari giza eskubideez arduratuko den talde bat bidaltzeko Marokok okupatutako lurraldera. «Sahararako misioa da giza eskubideak zaintzeko talderik ez duen bakarra». Bide beretik, Giza Eskubideen Urraketa Larrien Biktimen Saharako Elkarteko presidenteorde Galia Djimik salatu du azken egunetan atxilotutako 113 saharar eraman dituztela espetxeetara. Horiek hala, eta Agdaim Iziken eta Aaiunen gertatutakoa argitze aldera, «ikerketa independente bat» eskatu zuen atzo Espainiako Atzerri ministro Trinidad Jimenezek, baina ez zuen zehaztu nork arduratu beharko lukeen hortaz.

Oposizioko kide bat hil da

Marokoko oposizioko ikurretako bat, Abraham Serfati, hil zen atzo 84 urterekin. Alderdi Komunistako kide ohiari naziotasuna kendu zioten 1991n eta Frantziara erbesteratu, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazioaren alde hitz egiteagatik. 1926an jaioa Casablancan, hainbat urte egin zituen preso. Nelson Mandelaren ostean, espetxean denbora gehien egin zuen preso politiko afrikarretako bat zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.