EBk eragin handiagoa izatea nahi dute Parisek eta Berlinek

Idazkari nagusiak barne gogoeta bultzatuko du Aliantza Atlantikoaren zereginak zabaltzeari buruz

Erredakzioa
2005eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
NATO, Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak Bruselan (Belgika) atzo egin zuen goi bileran Aliantza Atlantikoaren zereginak zabaltzeko helburua hitzartu zuten 26 herrialde partaidetako agintariek. Horretarako, Jaap de Hoop Scheffer idazkari nagusiaren ardurapean barne gogoetaldi bat bultzatzea ebatzi zuten NATOko kideek, baina ekimen honentzako ardatz zehatzik finkatu gabe. Anartean, Alemaniakoeta Frantziako agintari goren Gerhard Schroeder eta Jacques Chiracekberretsi zuten, NATOren baitan, Ameriketako Estatu Batuen eta Europako Batasunaren arteko elkarrizketa eta lankidetza arauak berritu egin behar direla, «Europan gertatutako aldaketak aintzat hartzeko gisan».

«Europako eta AEBak benetako lagunak dira; hori dela eta,gehiago elkarrizketatu eta elkar aditu behar dugu; era berean, Schroeder kantzilerrak azpimarratu duen bezala, Europan gertatu diren aldaketak ere aintzat hartu behar dira» adierazi zuen Jacques Chirac Frantziako presidenteak, NATOko goi bileran egindako hitzaldian. Zehatzago mintzatuz, hauxe gehitu zuen Chiracek: «Europako defentsa garatzen ari da eta bilakaera hau gure aliantzarentzat onuragarri da, zeren eta, Europa sendoago eta batuago batek Aliantza Atlantiko indartsuago eta eraginkorrago bat dakarkialako». NATOko kide diren beste 25 herrialdeetako agintari gorenen aurrean hauen artean zegoelarik George W. Bush, AEBetako presidentea egindako adierazpen hauekin, Chiracek lekukoa hartu zion Gerhard Schroeder Alemaniako kantzilerrari. Honek zituen lehendabizi aipatu NATOren baitan, haren ustez,gertatu beharreko aldaketak. Joan den otsailaren 12an, Munichen egin zituen adierazpenetan Schroederrek azpimarratu zuen AEBen eta Europako Batasunaren arteko elkarrizketak oinarri berrituetan bideratu beharko direla etorkizunean eta kontu militar edo estrategikoez gain, beste aipagairik ere aztertu beharko dela hauetan,hala nola klimaren beroaldia». NATOren barne jokaeretan zein kanpoko zereginetan nahitaezkotzat jotzen zituen aldaketa hauez gogoeta egiteko, aditu talde bat eratzea proposatu zuen Alemaniako kantzilerrak.

Irakez jokaera ezberdinak

Schroederren hitz eta proposamen hauek nahiko gaizki hartu zituen NATOko idazkari nagusi Jaap de Hoop Shefferrek. Honek bipil erantzun zion NATOk ez duela aditu talde batek kanpotik planteatutako egitasmorik onartuko eta aldaketarik egon beharrean, hauentzako gogoetak Aliantza Atlantikoaren baitan garatuko direla. Hain zuzen ere, atzoko goi bileran, NATOko partaide diren 26 herrialdeetako goi agintariek adostu zuten Jaap de Hoop Schefferrek abian jartzea gogoetaldia. NATOko idazkari nagusiak berak baretu egin zuen apur batSchroderrekin nabaritutako ezadostasuna, NATO erakunde politikoago bat bilakarazteko asmoarekin bat zetorrela ziurtatuta.

Bien bitartean, Washingtonek eta Londresek berretsi zuten Aliantza Atlantikoak geratu behar duela AEBen eta EBren arteko elkarrizketa eta harreman gune nagusia. «NATO da AEB eta Europaren arteko lokarri funtsezkoa eta hori zuzenbidezkoa da, zeren eta, gure segurtasunaren ardatza egon baita urtetan» adierazi zuen Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministroak.Irak, haatik, ezadostasun gai bat geratzen da NATOko kideen artean, zeren eta, AEBek lortu badute ere herrialde partaideek esku har dezaten hango segurtasun indarren sendotzean, molde ezberdinetan gauzatuko baita hori.Hala, Washingtonek gurako zuelarik NATOko partaideek Iraken bertan parte har zezaten hango Armadako ofizialak trebatzen, Alemaniak eta Espainiak esaterako lan hori bakoitzak bere etxean egitea ebatzi dute. Frantziak, aldiz, Irakeko 1.500 poliziaburu eta magistraturen trebakuntzan parte hartuko du.

-

UKRAINA



NATOn sartzeko nahia berretsi du Justxenkok



Aliantza Atlantikoaren goi bilera aurretik bildu zen atzo NATO eta Ukraina arteko lan batzordea. Honetan, Viktor Justxenko Ukrainako presidenteak berretsi zuen bere herrialdeak EBn zein ere NATOn kidetzeko asmoa duela. «Ukrainarrok Europan nahi dugu, ez Europako auzolagun» adierazi zuen Justxenkok, eta gaineratu: «NATOko kide bilakatzea ere gura dugu». Azken atal honi dagokionez, «Ukraina prest da NATOrekin ekinbide plan bat hitzartzera» gehitu zuen Justxenkok. Jaap de Hoop Scheffer NATOko idazkari nagusiaren iritzian, berriz, «Ukrainarekiko gure lankidetza sendotuta, gure nahikundea da herrialde haulaguntzea Europa batu, aske eta demokratiko batean bere lekua hartzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.