Gerra Ukrainan

EBk Errusiako ikatza enbargatuko du, eta gasa eta petrolioa ditu jomugan

AEBek Moskun inbertsioak egitea debekatu dute. Kremlinek adierazi du Mendebaldearen zigorrak ez direla erantzunik gabe geratuko. Ukrainak herritarrei eskatu die Kharkiv eta Donbass uzteko

Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyen, atzo, Europako Parlamentuan, Estrasburgon. RONALD WITTEK / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Mendebaldea gero eta gehiago ixten ari zaio bidea Errusiari, nazioarteko merkatuan «erabat bakartzeko». Hain zuzen, EB Europako Batasuneko 27 estatuetako enbaxadoreek gaur erabakiko dute Europako Batzordeak mahai gainean proposatu dien bosgarren zigor sorta onartu ala ez, Ukrainako Butxa herrian gertatutako «sarraskien» ondotik. Aldaketa batzuk egingo dituzten arren, okerrik ezean, Errusiako ikatzari enbargoa jartzea adostuko dute. Aitzitik, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek atzo Europako Parlamentuan gogorarazi zuen «lehen neurria baino ez» dela, eta zehaztu zuen litekeena dela Errusiaren aurkako «zigor gehiago» heltzea, petrolioa eta gasa jomugan jarrita.

Bide beretik jo zuen Europar Kontseiluko Charles Michelek ere, eta ez zuen baztertu «luze gabe» kontinenteko herrialde erraldoiko erregai fosil gehiagoren aurkako neurriak hartu behar izatea. «Ahal dugun guztia egin behar dugu Errusiaren basakeriak geldiarazteko. Zigorrak indartzen ari gara Kremlinen gainean presioa mantentzeko».

Nolanahi ere, EBko bazkideek Errusiako energiarekiko duten menpekotasun maila desberdinek oztopatu egin dute gerraren hasieratik sektore horretan zigorrak ezartzea; izan ere, Errusia munduko ikatz ekoizle handienetako bat da. Munduko Energiaren Txostenaren azken alearen arabera, 2020an munduan ekoitzitako ikatzaren %5,2 egin zuen Errusiak. Haren aurretik daude Txina (%50,7), Indonesia (%8,7), Australia (%7,8) eta AEB Ameriketako Estatu Batuak (%6,7). EBk Errusiatik inportatzen du ikatzaren %46,7, gasaren %40 eta petrolioaren %27. Horiek horrela, EBko estatu kide batzuek, Alemaniak eta Hungariak esaterako, ez dute erraza energia iturri hori luze gabe ordezkatzea. Halere, Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak bere gobernuaren asmoa berretsi zuen atzo: Errusiako energia menpekotasunetik «askatzea», eta erregai berriztagarrien «garapen azkarrean» aurrera egitea, erregai fosilak alde batera uzteko.

Aldiz, Victor Orban Hungariako lehen ministroa gogor mintzatu zitzaien atzo EBko ordezkariei, energiaren prezio altuengatik. Budapest Errusiaren aurkako zigor energetikoak gogortzearen aurka azaldu da behin baino gehiagotan, eta zehaztu zuen ez duela arazorik energia errubloetan ordaintzeko, Moskuk eskatu bezala. Ukrainara armak zuzenean bidaltzearen kontra ere azaldu da, eta Orbanek belarrietatik tira egin zion Ukrainako presidente Volodimir Zelenskiri: «Jende guztiari zer egin behar duen esateko ohitura txarra du».

Hori bai, Hungariako lehen ministroak Errusiako presidente Vladimir Putini eskatu dio Ukrainan «berehalako» su etena ezartzeko eta Zelenskirekin batzartzeko Budapesten. Biek ez dute eskaera baztertu, Orbanen arabera.

EBren gisan, AEBek ere beste zigor sorta bat ezarri dute indarrean, eta oraingoan arlo pertsonalera jotzea erabaki dute: Putinen bi alabak zigortuen zerrendara sartu dituzte, eta alabetako baten izenean dagoen Miarritzeko (Lapurdi) etxebizitzari eragingo lioke. Errusiako Atzerri ministro Sergei Lavroven emazteari eta alabari ere zigorrak ezarri dizkiote. Horrez gain, Sberbank Errusiako bankurik handienak eta Alfa Bank herrialdeko finantza erakunde pribaturik handienak ezingo dute Washingtonekin transakziorik egin.

Bada, atzo Kremlineko bozeramaile Dmitri Peskovek adierazi zuen Mendebaldearen zigorrak ez direla erantzunik gabe geratuko. «Errusiak gasa eman diezaieke beste herrialde batzuei, mundua Mendebaldea baino askoz zabalagoa baita». Halere, Moskuk bere kontrako zigor ekonomikoak salatuko ditu nazioarteko auzitegietan.

Gerra frontean, borroka nagusiak Ukraina ekialdean izaten ari dira, Errusiako tropek eremu horiek hartzeko asmoa dutela eta. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Luhansk oblasta ia bereganatuta dauka; Donetsk oblasta, erdia baino gehiago. Jokaleku horretan, Ukrainako lehen ministrorde Irina Verextxukek herritarrei eskatu die Kharkiv, Luhansk eta Donetsk uzteko, ahalik eta lasterren. «Ezingo dizuegu lagundu, ia ezinezkoa izango baita erasoa gelditzea», esan zuen Verextxukek.

Guda, «fase berri batean»

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbergek berretsi zuen Ukrainako gerra «fase berri batean» sartu dela, eta «premiazkoa» dela laguntza militar gehiago bidaltzea. «Errealistak izan behar dugu: gerrak hilabete edo urteak iraun ditzake», ohartarazi zuen, aliantza militarreko kide diren herrialdeetako atzerri ministroen bileraren aurretik.

Butxa herrian (Kiev oblasta) laugarren egunez jarraian ari dira gorpuak kaleetatik eta hondakin artetik jasotzen. Oraingoan, Polizia ari da lan hori egiten, gorpuei autopsia egin eta jazotakoa ikertu ahal izateko. Kremlinek, ordea, ikerketa «inpartzial eta independente bat» egitea eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.