EBk ez ditu zehaztu etorkizuneko klima politikak, ezta emisioen murrizketa onartu ere

Alemaniak eta Frantziak egindako presioaren ondorioz, Europar Kontseiluaren esku utzi dute isurien murrizketari buruzko zuzenketa adosteko lana. COP30era eraman beharreko datozen urteetako klima politikarako proposamenak ere ez dituzte adostu.

BELGIUM EU COUNCIL
Ezkerrean, Eslovakiako Ingurumen ministroa, eta eskuinean, Hungariakoa. OLIVIER HOSLET / EFE
inaut matauko rada
2025eko irailaren 18a
20:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bi etxeko lan zituen Europako Batasuneko Ingurumen Kontseiluak aste honetarako, eta ez du bat ere bete. Azaroaren 10ean hasiko da Belemen (Brasil) COP30a, Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparru Hitzarmenaren urteroko bilkura, eta herrialde eta parte guztiek klima aldaketari aurre egiteko datozen bost urteetarako konpromisoak zehaztu behar dituzte aurten.

Europako Batasuneko 27 estatuek bloke moduan onartzen dituzte Nazioaren arabera Zehaztutako Ekarpenak (NDC), eta gaur Bruselan egin duten EBko Ingurumen Kontseiluan onartu behar zituzten, datozen bost urteetako klima konpromisoak zehazteko. Bada, ez dute konpromiso jakinik hartu; horren ordez, EBren ekarpenei buruzko «intentzio gutun» bat eramango dute datorren astean New Yorkera (AEBak), Nazio Batuen Batzar Nagusira.

Isuri murrizketarik ez

2020an, Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenek Europako Itun Berdea aurkeztu zuen, hau da, Europako Batasunaren ingurumen eta klima politiken gidalerro nagusia. Bertan, 2021ean onartutako direktiba batekin, 1990eko emisioak kontuan hartuta, 2030erako EBko karbono isuriak %55 murrizteko konpromisoa hartu zuten, eta 2050erako, berriz, karbono neutraltasuna: hau da, karbono emisioak adina karbono xurgatzea EBk. Bada, gaurko EBko Ingurumen Kontseiluan beste tarteko urrats bat egiteko zuzenketa bat onartzekoak ziren: 2040rako karbono isuriak %90 gutxitzea, baina ez dute araudia onartu azkenean.

Astelehenean aurreratu zuten hainbat egunkarik halako neurririk ez zutela hartuko, iturri diplomatikoak aipatuta. Estatuen artean ikuskera ezberdintasun handia dago karbono isuriak murrizteko politikaren inguruan. Batzuek ezinbestekotzat jotzen dute karbono neutraltasuna lortu eta klima larrialdia goxatzeko; beste batzuek, aldiz, uste dute Europako enpresen lehiakortasunaren kalteko neurriak direla, eta mugak ez jartzearen aldekoak dira. Europako Parlamentuko hauteskundeen ostean, parlamentuan eta Europako Batzordean alderdi eskuindar eta ultraeskuindarretako ordezkari gehiago daude aurreko legealdian baino, klima politiken kontrakoak gehienak.

 

«Ez gaude duda-mudan ibiltzeko moduan. [...] Aurrera egiteko bide garbi bat behar dugu.»ROMINA POURMOKHTARI

 Suediako Klima eta Ingurumen ministroa

2040rako helburu berria onartzearen kontra Europako Batasunean pisu handia duten herrialdeak daude, Alemania, Frantzia, Italia eta Polonia batez ere; horregatik ez du egin aurrera negoziazio horrek. 2025eko bigarren seihilekoan Danimarkak du Europako Batasuneko Kontseiluaren presidentetza, eta hark gidatu ditu negoziazioak. Wopke Hoekstra Klima komisario herbeheretarrak eraman zuen proposamena negoziazioetara, eta El País egunkariak sarbidea izan du planaren zirriborroa ikusteko. Bada, azaldu dute klima betebeharrak malgutuko dituztela; adibidez, karbono isuriak EBtik kanpo konpentsatzea eta karbono dioxidoa biltegiratzea. Hala ere, oraindik azken testua adostu behar dute.

Alemaniak eta Frantziak eskatuta, araudi horren eztabaida eta onarpena Europar Kontseilura pasatzea onartu dute; hau da, 27 herrialdeetako estatuburuak eta gobernuburuak elkartzen diren kontseilura. Urriaren 23an eta 24an egingo da Europar Kontseiluaren hurrengo bilkura. Alemaniak zuzenketa horren kontra egin badu ere, aurreko gobernuak, Olaf Scholzek gidatuak, lege bat onartu zuen herrialdearen isuriak 2040rako %88 murrizteko.

Suediako Klima eta Ingurumen ministroa, Romina Pourmokhtari, kritiko azaldu diren ministroetako bat da, hasierako emisioen murrizketa helburua ezartzea ez delako adostu: «Ez gaude duda-mudan ibiltzeko moduan. [...] Aurrera egiteko bide garbi bat behar dugu».

Beraz, 2040rako berotegi gasen isurketak murrizteko planak itxaron egin beharko du, eta urriaren amaierako bilkuran jarraituko dute eztabaidatzen. Aho batez onartu behar dute araudia, eta zaila dirudi hala egitea orain lantzen ari diren zirriborroarekin. Berandu doaz Europako erakundeak, otsailean onartuta egon behar baitzuen araudiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.