Svetlana Tikhanovskaia oposizioko buruak Europako Batasuneko (EB) buruei eskatu die, gaur, Bielorrusiako hauteskundeen emaitzak ez onartzeko. Horrez gain, «iruzurra» salatu du, eta nabarmendu Aleksandr Lukaxenkok zilegitasuna galdu duela: «Lukaxenkok zilegitasun osoa galdu du gure nazioaren eta mundu osoaren aurrean».
Tikhanovskaiak Lituaniara alde egin zuen, eta handik mintzatu zaie EBko agintariei. Hain zuzen ere, Europar Kontseiluak ezohiko saio bat egin du gaur Bielorrusiako egoeraz, eta, haren ostean, iragarri du ez dituztela ontzat emango presidentetzarako bozen emaitzak. Baina, aldi berean, zehaztu du «barne krisi bat» dela Bielorrusiakoa, eta eskatu du has ditzatela alde guztien arteko elkarrizketak. Horrez gain, Charles Michel presidenteak berretsi du manifestarien aurkako indarkeria bultzatu duten «arduradun guztien aurkako» zigorrak onartuko dituela Bruselak. Goi kargudun horien artean Lukaxenko bera ote dagoen galdetuta, ordea, esan du «datozen ordu eta egunetan» zehaztuko dutela zigortuen zerrenda.
Hauteskundeetako garailea bera izan dela esan du Tikhanovskaiak, eta nazioarteko behatzaileekin berriz hauteskundeetara deitzeko nahia adierazi du. Lukaxenkoren aurkako protestak hauteskundeen emaitzak atera ondoren hasi ziren, eta ez dira gelditu. Hala ere, presidenteak baztertu egin du berriro ere bozetara deitzea, seigarren legealdia betetzeko asmoz.
Europako Batasunak joan den astean aho batez erabaki zuen manifestazioen aurkako oldarraldietan zerikusia izan zuten funtzionarioen aurkako neurriak hartzea. Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundeko (ESLA) kide moduan, Ann Linde Sueziako Atzerri ministroak bere burua eskaini du Minskera bisita egiteko. Lindek esan du Tikhanovskaiarekin hitz egin duela, eta «oso positibo» agertu dela ESLAren bitartekaritza lanetan aritzeko eskaintzaren inguruan.
Lukaxenkok Europako agintariei eta Ameriketako Estatu Batuetakoei esan die ez arduratzeko Bielorrusian gertatzen denaz, eta euren barne arazoetan jartzeko arreta. Herrialde horiek guztiek «arazo ugari» dituztela nabarmendu du eta Bielorrusiaz hitz egitean euren aferetatik «arreta desbideratzen» dutela.
Bestalde, Lukaxenkok gobernu berria osatu du, eta ekainetik gobernuburu lanetan aritu den Roman Golovtxenko izendatu du lehen ministro. Armamentu Militarrerako ministro izana zen aurretik Golovtxenko. Horrez gain, zenbait iturriren arabera, manifestazioak desegin eta antolatzaileak atxilotzeko ere agindu du estatuburuak. Lukaxenkok «atzerriko esku hartzeei» egozten dizkie protestak.
Errusiaren rola
Europan, herrialdeak Errusiarekin duen harremanari egin diote arreta. «Bielorrusia ez da Europa, baina Europaren mugan dago, Europaren eta Errusiaren artean, eta hango egoera ezin da alderatu Ukrainakoarekin edo Georgiakoarekin. Bielorrusiak lotura handia du Errusiarekin, eta herritarren gehiengoa harreman estu horren alde dago», esan du Thierry Breton EBko Industria Batzordeko kideak.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak laguntza militarra eskaini dio Lukaxenkori. Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin, Emmanuel Macron Frantziako presidentearekin eta Europako Kontseiluko presidentearekin hitz egin du Putinek. Ohartarazi die atzerritik ez esku hartzeko Bielorrusiako aferetan.