EBk gastu militarra 70.000 milioi euro handitu nahi du

Versaillesko adierazpenak subiranotasuna aldarrikatu du arlo militarrean, elikaduran, energian eta industrian. EBk ez du baztertu Errusiako gas eta petrolio inportazioa debekatzea.

Charles Michel, Emmanuel Macron eta Ursula von der Leyen, gaur, Versaillesko jauregian. IAN LANGSDON / EFE
Iker Aranburu.
2022ko martxoaren 11
19:47
Entzun

Europako Batasunak ikasgai batzuk atera ditu azken urteetako gertaerei buruz. Pandemiarekin eta ondoren etorri zen horniduraren krisiarekin ikasi zuen arriskutsua zela osasun produktuen eta osagai teknologikoen inportazioen menpe egotea; Ukrainako gerrarekin, berriz, EB ohartu da ez dela komeni kanpoko energia iturriekiko eta zenbait elikagaiekiko mendekotasun handia izatea. Gabezia horiei aurre egiteko subiranotasun aldarrikapen bat egin du: Versaillesko adierazpena. Horretan, EBk lehen lerrora ekarri du orain arte bigarren maila batean utzi izan duen gai bat: batasunaren dimentsio militarra. EBko agintariek agindu dute gastu militarra handituko dutela eta EB «indartsuago» eta militarki autonomoago bat eraikiko dutela, betiere NATOrekin «osagarria».

«Ziurgabetasuna, lehia estrategikoa eta segurtasun mehatxuak handitzen ari direla ikusita, erabaki dugu ardura gehiago hartzea geure segurtasunaren inguruan», esaten du EBko buruek Versaillesko goi bileraren ondoren kaleratutako agiriak.

Adierazpen horren lehen puntua da defentsa gaitasunak handitzea izenekoa. Horretan esaten du gastu militarra «modu nabarmen batean» handitu behar dutela, «hutsune estrategikoetan» mira jarrita. Gainera, elkarlanean egin nahi du. «Inbertsioak aukeratu nahi ditugu, modu koordinatuan egin nahi dugu», azaldu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak. Gastu hori finantzatzeko, EBren zorra jaulkitzea proposatu du Macronek, hau da, armagintzaren Next Generation baten modukoa, baina proposamen horrek ez du oraingoz aurrera egin.

Thierry Breton Industria komisarioak kopuru bat jarri du: gaur egun EBko herrialdeek, batez beste, beren BPGaren %1,5 bideratzen dute gastu militarrera , eta %2ra iritsiz gero —hori da NATOk proposatzen duena—, 65.000 eta 70.000 milioi euro artean beharko lituzke.

Zigor gehiago Errusiari

Versaillesko adierazpenak hitz gogorrak erabiltzen ditu Ukrainaren inbasioaren aurka. «Errusiak Ukrainaren aurka egindako probokazio eta justifikazio gabeko erasoak nazioarteko legedia hausten du [...]. Hitzez azal ezin den sufrimendua eragiten ari da ukrainarrei». Eraso horien aurkako hiru zigor sorta onartu ditu EBk, eta laugarren bat izango da gaur, G7ko taldearekin koordinatuta. «Errusiaren munduko ekonomiatik gehiago baztertuko dute» zigor horiek, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak esan duenez.

Von der Leyenek aurreratu duenez, oztopatu egingo dute Errusiak Nazioarteko Diru Funtsaren edo beste nazioarteko erakundeen finantzaketa lortzea, eragotzi egingo dute kriptodirua baliatzea, eta Errusiari merkataritza bazkide izaera kenduko diotenez, hainbat produkturen esportazioa debekatuko dute —AEBek, adibidez, vodka du begiz jota—. Gainera, Von der Leyenek iragarri du Europako luxuzko produktuak ez direla Errusiara esportatuko: «Errusiako eliteek ezingo dute beren bizimodu oparoa izan Ukrainan bonbak erortzen ari direnean».

Petrolioa eta gasa

Zigor horien artean ez dago oraindik EB Errusiaren gasa eta petrolioa erosteari uztea. Egunero 800 milioi euro ordaintzen dizkiote EBko enpresek Errusiari handik ekartzen duten hidrokarburoak ordaintzeko. Diru horrekin gerra finantzatzen dela argudiatuta, EBko herrialde batzuek ere eskatu dute Errusiako gasaren eta petrolioaren enbargoan parte hartzea. Halakorik egitea gerarazi du orain arte Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak, harekiko mendekotasuna handia duelako EBk. Baina Scholz bera eta Macron Vladimir Putin Errusiako presidentearekin telefonoz hitz egitekoak dira, eta hor adieraziko dute inbasioa eteten ez badu eta erasoak gogortzen baditu «animaleko zigorrak» hartuko dituztela. «Ezer ez dago debekatuta», ohartarazi du Frantziako presidenteak.

Neurri hori iritsi bitartean, Europako Batzordea plan bat prestatzen ari da udazkenerako Errusiaren gas eta inportazioak heren batera murrizteko.

Ikusi gehiago:

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.