Tamara Capeta EB Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko abokatu nagusiak gaur eman du bere iritzia EBk Marokorekin sinatutako arrantza akordioaren inguruan. Uste du bertan behera utzi beharko litzatekeela. Izan ere, haren iritziz, hitzarmenak ez ditu lurralde ezberdin gisa hartzen Maroko eta Mendebaldeko Sahara, eta horrela sahararren «autodeterminazio eskubidea urratzen» du. Hortaz, arrazoia eman dio Fronte Polisarioari.
2019an sinatu zuten Arrantza Jasangarrirako Lankidetza Hitzarmena. Mendebaldeko Saharako urak ere barne hartzen ditu itunak; horregatik, Fronte Polisarioak —Mendebaldeko Sahara askatzeko erakundeak— helegitea jarri zion. EBko Auzitegi Orokorrera jo zuten —lehen auzialdiko epaitegia da, eta haren gainetik dago Europako Justizia Auzitegia—, eta 2021ean arrazoia eman zieten. Epaitegiak argudiatu zuen hitzarmena Fronte Polisarioak ere onartu behar zuela. Erabaki horri, ordea, alegazioa jarri zioten Europar Kontseiluak eta Europako Batzordeak, arrazoituz Polisarioa ez dela zilegi sahararrak nazioarteko auzitegietan ordezkatzeko.
Alegazio horien ostean, auzia Europako Justizia Auzitegiaren esku dago. Hark izango du azken hitza, eta, dirudienez, Fronte Polisarioari emango dio arrazoia, gehienetan azken erabakia ez baita asko aldentzen abokatu nagusiak esandakotik. Azken epaia auzitegiak berak hartuko du.
EBko Auzitegi Orokorrak 2021ean hartutako erabakiaren alde agertu da Capeta; eta Europako Justizia Auzitegiari proposatu dio alde batera uzteko EBko estatu kideek eta Europako Batzordeak jarritako alegazioak. Jakinarazi du sahararrek ez dutela ordezkaritza ofizialik errekurtsoak jartzeko. Halere, abokatuaren ustez, Fronte Polisarioak «gutxienez sahararren zati baten» asmoak eta interesak islatzen ditu. Gainera, azaldu du arrantza akordioak ez dituela bereizten Marokoko eta Mendebaldeko Saharako lurrak, eta hori sahararren autodeterminazio printzipioaren aurka doala.
2021eko epaiak Fronte Polisarioari arrazoia eman bazion ere, arrantza hitzarmenak martxan jarraitu zuen Europako Justizia Auzitegiak bere erabakia argitu bitartean. Halere, iazko uztailean amaitu zen hitzarmenean ezarritako lau urteko epea. Ordutik, Europako arrantzaleek ezin izan dituzte baliatu arrantza akordioaren abantailak. Justizia Auzitegiak epaia eman arte ezingo dute ituna berritu.