EB Europako Batasunean babes politikoa eskatu duen Afganistango errefuxiatu baten kasuaren ebazpena eman du Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak. Bertan, zalantzan paratu du kasu horietarako EBk aplikatzen duen araua, Dublin II izenarekin ezagutzen dena. Ebatzitako azken kasu honetan, errefuxiatuak Greziari eta Belgikari egin zien babes eskaria. Tribunalaren arabera, arauak ez du kontuan hartzen sistemak Grezian aplikatzeko dauzkan «zailtasun praktikoak». Epaiaren arabera, Belgikak 32.250 euroko kalte-ordaina eman beharko dio errefuxiatu afganiarrari, eta Greziak 5.725 eurokoa. Epaia jakin ondoren, Europako Batzordeak adierazi du 2012rako espero duela 27 estatuek adostutako arau berria.
Dublin IIren arabera, babes eskaera EBn ailegatutako lehen herrialdean egin behar da. Horrela, estatuek saihestu nahi dute lagun bakarrak herrialde batean baino gehiagotan eskaera egitea. Horren ondorioz, babes eskaera gehienak EBren mugan dauden herrialdeek jasotzen dituzte.
Dublin II eta Greziako egoera
Greziaren kasuan, Turkiako mugatik urtero milaka etorkin sartzen dira, horietako anitz Asiako gatazka politikoetatik ihesi —berriki, etorkinen sarrera oztopatzeko harresi bat eraikiko duela iragarri du Greziak—. Atenasek, ordea, soilik babes eskarien %0,7 onartzen du bataz bertze, EBko datuen arabera. Horregatik, errefuxiatuek bertze herrialde batera jo ohi dute eskaera egitera; arauaren arabera, baina, lehen eskaera egin duten herrialdera kanporatu behar dituzte eskatzaileak. Europako Batzordeak dio arau berriaren proiektuak hori saihestu nahi duela, eta bigarren eskaera jaso duen herrialdeak hura tramitatzeko aukera izanen luke, errefuxiatua kanporatu gabe. Grezian babes eskaera egin duten etorkinak, ordea, ez daude gehiago itxaroteko prest. Haien egoera eta salatzeko asmoz, 250 errefuxiatuk jakinarazi dute heldu den asteartetik aitzinera gose greban hasiko direla, babes politikoa eta lanerako baimena lortzeko.
EBren babes politikorako araua zalantzan jarri du Estrasburgok
Babesa eskatu zuen errefuxiatu afganiar bati kalte-ordaina eman beharko diote Belgikak eta Greziak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu