Ecowasek Nigerren militarki esku hartzeko aukera handitu egin da

Blokeak esan du balizko operaziorako plan bat egin duela, eta estatuburuen esku dagoela erabakia. Bihar amaituko da militarrei ezarritako epemuga; juntak ez du amore emateko zantzurik eman

Ecowasek Nigerren militarki esku hartzeko aukera handitu egin da.
ander perez zala
2023ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Afrika mendebaldean eta erdialdean 2020tik hona izandako zazpigarren estatu kolpea da joan den astean Nigerren eman zutena. Kopuru hori eta herrialde horren kokapen eta garrantzi estrategikoa kontuan harturik, Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoak jarrera gogorragoa hartu du oraingoan, eta esku hartze militar baten mehatxua egin du, nahiz eta zehaztu duen «azken baliabidea» dela. Baina badirudi, asteon gertaturikoaren —eta gertatu ez denaren— ondoren, blokeko estatu kideak estrategia horren alde egitear daudela. Hori da, behintzat, adierazpenek eta bilkurek agerian utzi dutena, Ecowasek Nigerren militarki esku hartzeko aukera indartu egin baita egunek aurrera egin ahala.

Joan den igandean, blokeak astebeteko epea eman zion junta militarrari boterea utzi eta kargugabeturiko Mohamed Bazoum agintera itzularazteko —bihar amaituko da—. Kolpistek, ordea, ez dute horretarako asmorik erakutsi, eta behin eta berriz ohartarazi dute balizko atzerriko esku hartze militar baten kontra. Jarrera horren aurrean, Ecowasen misio diplomatiko bat militarrekin eta Bazoumekin elkartzen saiatu zen herenegun, Nigerko hiriburuan, baina ez zuen ezer lortu, eta berehala atera zen herrialdetik. Badirudi, hortaz, negoziazio politikoen bidea itxita dagoela, oraingoz bada ere.

Bien bitartean, blokeko armadetako buruek hiru eguneko bilkura bat egin dute, atzo amaitu zena, eta horretan esku hartze militar posible batez eztabaidatu dute, Nigerren «ordena konstituzionala berriz ezartzea» helburu lukeena. Esan zuten balizko operaziorako plan bat egin dutela, eta estatuburuen esku dagoela erabakia; gainera, atzo argitara atera zen Ecowaseko buruzagi eta Nigeriako presidente Bola Tinubu herenegun operazio posible horretaz aritu zela haren herrialdeko Senatuan; eta egunak dira sare sozialetan zera ikus daitekeela: Nigeriako soldaduak Nigerko mugara iristen.

Herrialde horretaz gain, Senegalek, Boli Kostak eta Beninek ere esan dute balizko esku hartze militarrean parte hartuko luketela, baina beste estatu kide batzuek kontrakoa adierazi dute, eta Ecowasen barne zatiketa baterako arriskua egiazkoa bilakatu da, Gineak asteon ohartarazi modura. Mali eta Burkina Faso dira, kasurako, kontrako jarrera dutenetako batzuk —junta militarrak daude agintean, eta blokeko kidetza eten diete—; ohartarazi dutenez, Nigerren sartzea haien kontrako «gerra deklarazio bat» litzateke. Eta ikusteko dago blokearen balizko indar militar hori nolakoa eta nork osatua izango litzatekeen, Nigeriak baitu armadarik handiena eta indartsuena, eta egun jihadisten kontrako operazioak egiten ari baita herrialdeko ia estatu guztietan.

Muturreko islamisten aurkako gatazkarekin lotuta, Nigerko kolpistek herenegun gauean erabaki zuten herrialdeak Frantziarekin sinatu zituen bost lankidetza militar akordioak bertan behera uztea. Parisek 1.500 soldadu inguru ditu herrialde horretan, eta, beraz, erabaki horren ondoren, ikusteko dago zer gertatuko den horiekin; Eliseoak atzo erantzun zion junta militarrari, eta esan zion itun horiek indarrean jarraituko dutela, «zilegizko agintariekin» adostu zituztelako, eta ez «Nigerko armadako kide batzuekin».

Bazoumen ohartarazpena

Frantziarentzat, eta, oro har, Mendebaldearentzat, Bazoum da Nigerko egiazko agintaria, «demokratikoki hautaturikoa»; eta, hain justu, kargutik kendutako presidentea, oraindik ere atxilotuta dagoen arren, nazioarteko estatuburuekin eta gobernuburuekin mintzatzen ari da egunotan.

Atzo arte, ordea, ez zuen adierazpen publikorik egin estatu kolpea eman zutenetik, eta, hori egiteko, The Washington Post egunkaria baliatu zuen; iritzi artikulu baten bidez, besteak beste, ohartarazi zuen «terrorismoak» indarra berreskura dezakeela junta militarrak agintean jarraituz gero, eta Errusiaren influentzia handitu daitekeela eskualdean.

Eta, Nigerko egoera humanitarioari dagokionez, FIDH Giza Eskubideen Nazioarteko Federazioak «kezka» agertu zen atzo, batez ere Mendebaldeko Afrikako Ekonomia eta Diru Batasunak herrialde horri ezarri dizkion zigor ekonomikoek eragingo dituzten ondorioengatik. «Oso kezkagarriak dira eraginak. Batez ere, ezinbestekoak diren elikagai produktuen horniduran, baita botikagintzan, medikuntza tresnetan, elektrizitatean eta petrolio produktuetan ere», azaldu zuen FIDHko idazkari nagusi Drissa Traorek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.