Hilberria

Edmond Simeoni hil da, Korsikako nazionalismoaren buruzagi historikoa

1934an jaio zen, Corten, eta gaur zendu da, 84 urte zituela. Korsikako politikan eragin handia izan du, nazionalismoaren aitatzat baitute.

Edmond Simeoni, 2004ko argazki batean. PIERRE MURATI
ander perez zala
2018ko abenduaren 14a
07:16
Entzun

Simeoni 1960ko hamarkadan hasi zen militatzen Korsikaren eskubide politikoen alde, eta 1967an sortu zuen ARC Korsikako Ekintza Erregionalista, Max anaiarekin batera. Historikoak bilakatu diren aldarrikapenei hasiera eman zieten garai horretan: Parisi eskatu zioten irlaren berezitasunak kontuan hartzeko, batez ere kultura eta hizkuntzarekin zerikusia zutenak, arriskuan baitzeuden, besteak beste, administrazioan eta hezkuntzan ez zutelako presentziarik. Baina Frantziako Gobernuak ez zuen jaramonik egin, eta ekintza handiagoak egiteko beharra gailendu zen militanteen artean.

Ezagunena eta mediatikoena 1975eko udan egin zuen ARCk, Alerian, Korsika ekialdean. Abuztuaren 21ean eta 22an, pied-noir baten kobazulo bat okupatu zuten, protesta gisa; horien artean zegoen Simeoni. Bi hildako izan ziren bi aldeen arteko tiroketan —biak poliziak—, eta zauritu bat autonomisten aldean. Ministroen Kontseiluak ARC desegiteko agindu zuen abuztuaren 27an, eta horren ondorioz sortu zen FLNC Korsikako Nazioa Askatzeko Frontea.

[youtube]https://youtu.be/McRXGZs2Xgs[/youtube]

Simeoni 1977ko abuztuan atera zen kartzelatik, eta UPC Korsikako Herria Batzeko alderdia sortu zuen. UPCren zerrendetan aurkeztuta sartu zen lehenengoz erakundeetan: 1982an hautatu zuten Korsikako Asanbleako diputatu, eta hurrengo urtean Bastia hiriko kontseilari. Gutxi iraun zuen kontseilari gisa: bihotzekoak eman zion, eta politika uztea erabaki zuen.

Azken urteotan blog batean idatzi zuen Korsikako eta Frantziako politikaz. Haren familiak jakinarazi duenez, joan den astetik zegoen Ajaccioko ospitalean, bihotzean zituen arazoengatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.