Egipto, Mubaraki buruzko epaiaren zain

Gaur dira Mubaraken aurkako epaiketako sententzia ematekoak Egipton, baina baliteke bozak igaro arte atzeratzea erabakiaBere aurkako protestetan 800 lagun inguru hiltzeko agindua ematea leporatzen diote

2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Diktadorea [Hosni Mubarak] nazioa txikitzeagatik eta jendea hiltzeagatik da erruduna, ez bakarrik manifestariak hiltzeagatik. 30 urteetako ustelkeriak eta tiraniak bizirik lurperatu gaitu», kexu da Abu-Ghenima Abul-Oeyun. Mubaraken aurkako protestetan, Poliziaren oldarraldian, semea galdu zuen iaz, buruan tiroa jasota, eta gaur Egiptoko presidente ohia heriotzara kondenatzea nahi du. Izan ere, gaur emango dute epaileek Mubaraken aurkako epaiketako erabakiaren berri. Dena den, ezkor agertu da, eta «zigor leuna» jarriko diotela dio. «Zantzu guztien arabera, barkatu egingo dizkiote krimenak», adierazi du hainbat biktimaren abokatu Ramadan Fathalak. Epaiketak ikusmin handia eragin du herritarren artean, epaileen erabakiak presidentetzarako hauteskundeak guztiz baldintzatu baititzake, eta baita trantsizio prozesua bera ere.

Iazko urtarrilean eta otsailean bere aurkako protestetan manifestari baketsuen aurka tiro egiteko agindua ematea leporatzen diote. Haren agintaldiaren amaiera ekarri zuten herritarren protestetan 800 lagun inguru hil ziren Poliziaren errepresioaren ondorioz, eta akusazioak dio Mubarak dela hilketa horien azken erantzulea. Horrez gain, ustelkeria eta botere gehiegikeria leporatu dizkiote. Urtarrilean Fiskaltzak heriotza zigorra eskatu zuen diktadorearentzat. Mubarakekin batera, Barne ministro ohi Habib al-Adli eta sei kontseilari eseri dira akusatuen aulkian. Haren bi semeri ere, Ala eta Gamal Mubaraki, ustelkeria eta legez kanpo aberastea leporatu diete.

Hauteskunde prozesua

Epaileen erabakia presidentetzarako bozen lehen itzuliaren ondoren iritsiko da, eta bigarrenaren aurretik. Hain justu, sententziak hauteskundeetan gertatuko dena baldintzatu dezake. Lehen itzulian babes handiena jasota, Mohamed Mursi Anaia Musulmanen hautagaia eta Ahmed Xafik Mubaraken lehen ministro izandakoa igaro dira bigarren itzulira. Hori horrela, islamismoaren edo Mubaraken ondorengoaren artean aukeratu beharko dute herritarrek.

Absoluzioak edo zigor leun batek Xafiki kalte egingo lioke presidentetzara bidean. Izan ere, Xafikek lehengo erregimena berriz ezarriko duela uste dute askok, hark iragana ahaztu eta aurrera begiratzeko eskatu badu ere. Mubaraki zigor gogor bat jartzeak, ordea, Xafiken «atzera itzuli ezinaren» promesari sinesgarritasuna emango lioke, eta lehen ministro ohiaren aukerak indartu.

Dena den, oposizioko ekintzaile askok esan dute Xafik presidente izatera iristen bada diktadoreari zigorra barkatuko diola. Lehen ministro ohiak ezetz esan du, ordea. Mursik, berriz, argi utzi nahi izan du hauteskundeetako lehia irabazten badu «betiko» edukiko duela espetxean Mubarak.

Geroz eta gehiago dira, dena den, erabakia hauteskunde prozesua amaitu arte atzeratuko dutela uste dutenak. «Zigorra arina bada, ebazpena hilabete bukaera arte atzeratuko dute, segurtasun egoera hauskorra eta giro politiko nahasia dela eta. Aldiz, zigorra gogorra bada, bihar [gaur] emango dute sententzia, herritarrak lasaitzeko», azaldu du hainbat biktimaren abokatu Asad Heikalek. Atef el-Banna zuzenbide aditua ere bat dator Heikalekin, eta giro politikoa egonkortu arte epaiketa atzeratzea «logikoena» dela dio. Dena den, Mubaraken zigorraren erabakia «denbora bonba» bat dela esan du.

Kontraesanak epaiketan

Mubarak kargutik kendu eta bi hilabetetara atxilotu zuten, herritarrek protesta egiten jarraitu baitzuten eskaera hori eginez, eta abuztuan hasi zen haren aurkako epaiketa. Agintaldiaren amaierara arte osasuntsu ageri izan zen Mubarak, baina epaiketako saio guztietan ohean etzanda agertu zen, atxilotu eta gero egin zizkioten galdeketetan bihotzekoa izan zuela esanda. Mubarakek manifestariak tirokatzeko agindua eman zuela frogatzen ahalegindu da akusazioa, baina lekuko askok euren testigantza aldatu dute azken orduan, eta adituek diote «froga ahulak» bildu dituztela.

«Presidente gisa, estatuburu gisa, armadaren buruzagi gisa, Poliziaren gidari gisa, eta abar, Mubarak izan zen manifestariak hiltzeko agindua eman zuen bakarra, eta Barne ministroa ondoren. Beraz, logikoki erruduna da», esan du Amir Salem biktimen abokatuak. Biktimek eta horien senideek, ordea, amorruz entzun dituzte Fiskaltzaren lekukoen esanak. Polizia batek, esaterako, manifestariak senitartekoak bezala tratatzeko agindua jaso zuela kontatu zion epaileari, eta beste batek armarik ez eramateko eskatu zietela. Fiskaltzaren lekukoek defentsarenak ziruditela salatu zuten akusazioaren abokatuek orduan.

Hussein Tantawi Kontseilu Militarreko buruzagiak sekretupean deklaratu zuen, baina, hedabideek zabaldu zutenez, Mubarakek erabakietan ez zuela parterik izan esan zuen. Kontraesanak sutan jarri zituen biktimak. Izan ere, presidente ohia kargutik kanporatu eta berehala manifestariak tirokatzeko agindua jaso zuela adierazi zuen publikoki.

Ezustekorik ezean, udaberri arabiarrak akusatuen aulkian eseri duen lehen estatuburuaren zigorraren berri emango dute gaur. Ikusmina handia da, iraultzaren arrakasta neurtzeko beste adierazle bat izango baita herritar askorentzat. Beste askok, ordea, egina dute epaia aldez aurretik. Mahmud Abdel Karim Mohamedek —iazko protestetan Tahrir plazan jaso zituen bi bala oraindik buruan eta begi gainean ditu sartuak— ez du sinesten Justizian: «Zer epaiketa? Hasieratik fartsa bat izan da eta».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.