Adli Mansur presidenteak hala aginduta, Egiptoko trantsizio gobernua osatzeko bilerei ekin die aste honetan Hazem al-Beblaui lehen ministroak, eta estatu kolpe baten ondorioz sortutako exekutiboaren «zilegitasuna» nabarmendu nahi izan dute bi agintariek, orain arteko adierazpen guztietan. Herrialdeko egoera «zaila» denez, denbora beharko duela adierazi du lehen ministroak, sail bakoitzeko arduradun nor izendatuko duen aztertu nahi baitu lehenengo. «Ongi egin nahi ditugu gauzak», azaldu du Al-Beblauik.
Gobernu berria «plurala» izanen dela eta islamistek bertan parte hartzeko ateak zabalik dituztela adierazi dute behin eta berriz Mansurrek zein Al-Beblauik. Lehen ministroak atzo esan zuenez, musulmana izatea edo ez izatea ez da izango ministroen hautaketarako oztopo: «Profesionaltasuna eta sinesgarritasuna baloratuko ditut». Anaia Musulmanek, ordea, uko egin diote negoziazioetan parte hartzeari, haien kontrako «jazarpena» salatu nahi baitute; eta Egiptoko bigarren indar politikoa den Al-Nur alderdi salafistak ere ez du ordezkaririk izanen behin-behineko gobernu berrian, horren ordez, afiliazio politikorik gabeko teknokraten kabinetea osatzea proposatu baitute. Islamisten jarrera kritikoa ikusita, baliteke Mansur eta Al-Beblauiren asmoak ezerezean gelditzea.
Hain zuzen, herrialdeko 40 mugimendu islamista biltzen dituen plataforma batek hainbat manifestazio antolatu ditu gaurko, estatu kolpearen kontra protesta egiteko eta Mursi presidenteari kargua itzul diezaioten exijitzeko. «Kolpe militar odoltsuen aurka, batera» izango du leloa Hauteskunde Zilegitasunaren Defentsarako Aliantza Nazionalak deitutako martxak.
Bestalde, estatu kolpea babestu zuen SFN Salbaziorako Fronte Nazionala ere kritiko agertu da azken egunetan Mansur presidenteak aurkeztutako bide orriarekin, eta testuari zuzenketak aurkeztu dizkio. Koalizio laikoak ohar batean azaldu duenez, «alderdi edo indar politiko bakar batek ez luke proposamen eta erabakiei betoa jartzeko eskubiderik izan behar, prozesu politikoaren garapena eta balio handiko pertsonen parte hartzea oztopatzen duelako horrek».
Kabinetea osatzeko, 2011ko urtarrilaren 25eko iraultzaren «bihotzean» izan ziren ekintzaileak izendatzea proposatu du SFNk, baita iragan astelehenean Kairon 51 islamisten heriotza eragin zuen tiroketa ikertzen ari den batzorde judizialari laguntza ematea ere, «sarraskiaren errudunak auzibidean jarriak izan daitezen».
Golkoko laguntza
Alderdien arteko harremanak «zailak» diren arren, estatu kolpearen ondoko Egiptok aliantza berriak egin ditu Ekialde Hurbileko herrialdeekin. Hosni Mubaraken alde eta Anaia Musulmanen kontra zeuden Kuwait, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak, eta sostengua eskaini diote orain Mansurren gobernuari. Sostengu morala eta, batez ere, ekonomikoa. Kuwaitek 4.000 milioi dolar emango dizkio Egiptori maileguan; 5.000 milioiko laguntza emanen du Saudi Arabiak; eta emirerriek, berriz, 1.000 milioiko donazioa eta interesik gabeko 2.000 milioi dolarreko mailegua. Guztira, 12.000 milioi dolar. Herrialde horietako gobernuek badakite Egiptoko egoera ekonomiko larria izan zela Mursiren gobernua amildu izanaren arrazoi nagusietako bat, eta trantsizio gobernua blindatu nahi dute, estatu kolpetik sortutako erregimenari gauza bera gerta ez dakion.
Zalantza handiagoak ditu Etxe Zuriak. Atzo, AEBetako presidente Barack Obamak Egiptoko gobernuari bideratutako laguntzak gainbegiratzeko agindu zuen. Europako Batasuneko herrialdeek bezala, Egiptokoari ez diote «estatu kolpe» deitu nahi AEBek: hala aitortuko balute, diru laguntzak —1.300 milioi dolar, urtero— legez eten beharko lituzkete. Horrez gainera, lau F-16 gudu hegazkin abuztuan ematea pentsatua dute, eta abenduan, halako beste zortzi.
Egipto, zilegitasun bila
Trantsizio gobernua osatzeko bilerak hasiak dira, eta Salbaziorako Fronte Nazionalak zuzenketak aurkeztu dizkio bide orriariSaudi Arabiak, Arabiar Emirerri Batuek eta Kuwaitek diruz lagunduko dute herrialdea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu