mundua

Egiptoko armadak 48 ordu eman dizkie politikariei

Alderdiek herrialdeko krisi egoera bideratzen ez badute, kontrola bere gain hartuko duela egin du mehatxu armadak. Giroa gero eta nahasiagoa da herrialdean, eta gobernuko bost ministrok kargua utzi dute. 

2013ko uztailaren 1a
18:57
Entzun

Egipto sutan da: Anaia Musulmanak boterera heldu eta urtebetera, protestek hartu dituzte hiriak: dagoeneko, gutxienez hemezortzi pertsona hil eta 716 zauritu dira Mohamed Mursi presidentearen dimisioa eskatzeko manifestazioetan. Anaia Musulmanen egoitza hartu dute protestan ari direnek, eta bederatzi lagun hil dira oldarraldian.

Assiut hiriko Segurtasun arduradun Abou El Qassem Abou El Deifek ohar baten bidez jakinarazi duenez, manifestazio batean zeuden hiru pertsona hil ditu tiroz talde batek. Lehenago, Mohamed Hamed Egiptoko Osasun ministroak eman du 25 urteko Ammar Gouda gaztearen heriotzaren berri; Beni Suef hirian egiten ari ziren martxa batean zen Gouda, eta tiroz hil dute.

Halaber, osasun zerbitzuek jakinarazi dute bederatzi pertsona hil direla Kairon, Anaia Musulmanen egoitzaren aurka eginiko eraso batean. Ehunka lagunek molotov koktelak jaurti dituzte egoitzara, eta tiro egin dute egoitzatik. Egoitza hartu dute protestan ari direnek.

Manifestariek presidentearen dimisioa eskatzen ari dira, eta Turismoko, Parlamentuko Gaietarako, Telekomunikazioetako, Ur Baliabideetako eta Ingurumeneko ministroek kargua utzi dute. Gobernuko sektore teknokratakoak dira: ez dira Anaia Musulmanen gertukoenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.