egipto

Egiptoko armadak dio ez duela indarrik erabiliko herritarren aurka

Gaur ere milaka eta milaka egiptoar atera dira kalera Mubaraken dimisioa eskatuz. Apirilak 6 Oposizioko Mugimenduko kideek bihar milioi bat pertsona biltzea espero dute. Barne eta Finantza ministro berriak jarri ditu gaur Mubarakek. AEBek trantsiziorako bidea hartzeko eskatu diote Egiptoko presidenteari. Israelek, aldiz, babestu egin du.

2011ko urtarrilaren 31
20:23
Entzun
Egiptoko armadak gaur lehen aldiz esan du ez duela indarrik erabiliko herritarren aurka. Telebista kate publikoan egin du adierazpena, agiri bat irakurrita. "Ez dugu sekula erabili eta ez dugu sekula erabiliko indarra herri honen aurka".

Egiptoko kaleetan, baina, milaka militar daude, eta larunbatean dagoeneko ehun inguru ziren Hosni Mubaraken erregimenaren aurkako protestatan hildako lagunak. "Herriaren segurtasuna bermatzeko daude soldaduak kalean", armadaren arabera.

Egiptoarrek Kairoko kaleak hartu dituzte gaur ere, Mubaraken kontrako zazpigarren protesta egunean. Milaka eta milaka dira Tahrir plazaren inguruan bildu diren herritarak, nahiz eta armadak zaintzen dituen eta gaur Polizia kalera atera den berriro, lapurretak saihestu eta zirkulazioa zuzentzeko.

Militarrak, hala ere, protestagileengandik aldenduta daude, eta soilik plazara gerturatzen direnei poltsak miatu eta, batzuetan, nortasun agiriak eskatzeko gerturatzen dira horiengana. Armadaren helikoptero bat ere plazaren gainetik pasatzen da tarteka, eta protestagileek txistu egiten diote. Hala ere, albiste agentzien arabera, protestagileek begi onez hartu dituzte soldaduak, herritarren defendatzaile direlakoan.

"Sisteman oro legez kanpokoa da. Legebiltzarra legez kanpokoa da", oihukatzen dute Tahrir plazan bildutakoek. Mubaraken aurkako pankartak ere ikus daitezke: "30 urtez Mubarakekin agintean, eta egoera okerrera egiten ari da", dio horietako batek. Egiptoko presidentetzan 30 urte daramatza Hosni Mubarakek, eta epaitu dezatela ere eskatu dute zenbait protestagilek, errebolta honetan hil direnak gogoan.

Mubarakek lehen ministroa aldatu eta Ahmed Shafiq sartu berriari oposizioarekin negoziatzeko eskatu badio ere, bere dimisio eskaera ez da baretu. Anaia Musulmanak oposizioko taldeak uko egin dio negoziazioari: "Armadarekin bakarrik negoziatuko dugu, agintariek agintea modu baketsu batean utzi dezaten; herriaren konfiantza duen bakarra da armada", zioen atzo Mahmud Gazali Anaia Musulmanetako arduradunetako batek.

Barne eta Finantza ministro berriak

Mubarakek Barne eta Finantza ministro berriak izendatu ditu gaur: Barne sailekoa Mahmud Wagdi jenerala -espetxeetako buru ohia- eta Finantzakoa Gaudat al Malt -estatistika zentro nazionaleko zuzendari izandakoa-.

AEBak eta Israel, alde banatan

Hillary Clinton AEBetako estatu idazkariak goizaldean "trantsizio ordenatu eta baketsu baterako erreforma demokratiko eta ekonomikoak" bideratzeko eskatu die Egiptoko agintariei. Aurreko astean ez zen iritzi berekoa Clinton, baina AEBen diskurtso aldaketa bakarrik utzi du Mubarak. Israelen babesa du soilik, Simon Peres herrialde horretako presidenteak esplizituki agertu baitio. Gainera, Europako Batasunari, AEBei, Errusiari eta Txinari egonkortasunaren alde egiteko eta Mubaraki egiten dizkioten kritikan apaltzeko eskatu die Israelek.

"Beti agertu diogu errespetua Mubarak presidenteari. Ez dugu esan nahi egin duen guztia ondo dagoenik, baina gauza bategatik eskertuta gaude: Ekialde Hurbilean bakea mantentzeagatik", esan du Peresek gaur. Israelen eta AEBen lagun izanik, erreboltak Ekialde Hurbilean zer eragin izan dezakeen ikusteko dago. Egiptok Gazarekin duen muga itxita dago, eta tuneletatik jendea Palestinara sartzen ari dela jakinarazi dute. Egiptoren laguntza ezinbestekoa izan du Israelek Gaza blokatzeko eta Hamas isolatzeko, eta erne ari dira jarraitzen hor gertatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.