Egiptori oinordetzan demokrazia utziko diola esan zuen behin Hosni Mubarakek (Kafr-El Meselha, 1928). 30 urtez botereari errepresioaren eta borra kolpeen bidez eutsi dion agintariak, baina, ez du orain arte demokraziari aterik irekitzeko keinurik egin. Presidentetzara ere faltsututako aukeraketa baten ostean heldu zen, 1981ean, talde islamista batek Anuar El Sadat presidentea hil ostean.
Aurtengo irailerako deituriko hauteskundeetara begira, boterea Gamal Mubarak semeari eskualdatzen saiatuko dela uste dute gehienek, eta hori saihes- tea da orain matxinatu diren herritarren helburuetako bat. 80 urtetik gora dituen arren eta gaixo dagoen arren, Egiptoko azken faraoiak ez du bozetara beste behin aurkezteko aukera baztertu.
1981etik 2005era Egipton egin diren hauteskundeetan Mubarak izan da hautagai bakarra. Hautesleek hura presidente izatea nahi zuten edo ez soilik erabaki zezaketen. HRW Human Rights Watch erakundeak, gainera, zenbaketak zalantzan jarri izan ditu maiz. 2005. urtean, Egiptoko historian lehen aldiz, hainbat hautagaik hartu zuten parte hauteskundeetan. Guztiak, baina, Mubarakek aukeratu zituen.
Inoiz ez da agintari herrikoia izan. Izan ere, adiskide gehiago ditu kanpoan, bere herrialdeko mugen barruan baino. Egiptoko klase pribilegiatuen alde gobernatu du urteetan, horien oparotasuna bermatuz. Herritarrak bitartean baztertuak sentitu dira. Hori horrela, azken urteotan oposizioa indar hartzen ari da. Oraingoz, errepresioarekin eusten dio aginteari, azken egunotan batik bat.
AEBen aliatua
Aire berrituekin heldu zen agintera Mubarak 1981ean. Dirulaguntza publikoen lepotik sektore pribatuaren hazkundearen gehiegikeriak mugatu nahi izan zituen presidente izendatu berritan. Gobernuaren ustelkeriari amaiera emateko neurriak ere hartu zituen eta preso politikoak askatzea erabaki zuen. Ez zuen, ordea, luzaroan iraun armadako jeneralaren jarrera onberak. Izan ere, urteekin eta terrorista islamistak itotzeko aitzakiarekin, autoritarioago bilakatzen joan zen.
Mendebaldearen eta batik bat AEBen aliatu erabakigarria da Mubaraken erregimena arabiarren artean. Izan ere, orain arte, demokrazia falta ez da oztopo izan diktadorearekin harremanak estutzeko. NDF Nazioarteko Diru Funtsak ere Egiptoren liberalizazio ekonomikoa gogo onez babestu du. Israelen hurkoa ere bada Egipto 1979ko bake akordioez geroztik.
Mendebaldean hain maitatua den diktadoreari, ordea, etxekoak zaintzea ahaztu zaio. Hori horrela, tunisiarren garaipenak adoretuta, egiptoarrak kalera atera dira eskaera garbi batekin: Mubarak agintetik kentzea eta demokraziari bide egitea. Bere aurkako eskariei indarkeriarekin erantzun die Mubarakek.
Azken egunotan, Tunisiako iraultzaren ostean, Zine El Abidine Ben Ali kargutik kendutako presidentearekin alderatu dute Mubarak. Izan ere, herrialde arabiarretako herritarren artean zabaldu den haserrearen hurrengo biktima izan daitekeela amestu dute askok eta askok. Mubarakek bere alde ditu armada, Mendebaldeko herrialdeak eta elite aberatsak, oraingoz. Ben Alik duela hilabete eskas zituen bezalaxe.
Liskarrak herrialde arabiarretan
Egiptoko azken faraoia
Mendebaldeko herrialdeen, armadaren eta Egiptoko aberatsen babesa dauka Hosni Mubarak diktadoreak. Herritarrek haren dimisioa eskatu dute egunotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu