Nazioarteko eragileen bitartekotasunarekin, negoziatzeko prest dagoela adierazi du Defentsa Nazionalerako Kontseiluak, "epe zehatz eta mugatuan" eginez gero. Azken orduetan gobernuarekin eta islamistekin AEBetako Estatu idazkariorde William Burns, EBko Mediterraneo Hegoalderako ordezkari berezi Bernardino Leon eta AEBetako enbaxadore Egipton Anne Pattersoni egin die erreferentzia Defentsa Nazionalerako Kontseiluak. Arabiar Emirerri Batuetako Atzerri gaietarako ministro Abdula Bin Zayed al-Nahyan jekeak ere parte hartuko du bitartekari lanetan.
Burns eta Leon, batetik, Abdel Fatah el-Sisi armadaren buruarekin elkartu ziren atzo eta, bestetik, Jairat el-Xater Anaia Musulmanen bigarren gidari espiritualarekin. Azken hori Torako espetxean dago, eta fiskal orokorrak baimena eman ostean elkartu ziren Burns eta Leon harekin: bisitan present izan ziren, baita ere, Zayed al-Nahyan eta Jaled Bin Mohamed al Atia diplomatikoa. Zilegitasunaren Defentsarako Koalizio Nazionalak nazioarteko ordezkariak El-Xaterrekin elkartu izana kritikatu dute, horren ustez Mursi baita "herri egiptoarra ordezkatzen duen bakarra". Mohamed Mursi behin-behineko agintarien esku dago, uztailaren 3an armadak estatu kolpearen bidez kargutik kendu ondotik, baina oraindik ez da ezagutzen non dagoen.
Al-Nahyan eta Leon, gainera, Hazem al-Beblaui behin-behineko lehenengo ministroarekin elkartuko dira, eta Burns beste eragile egiptoar batzuekin elkartuko da. Bitartean, Lindsey Graham eta John McCain senatari errepublikarrak, Barack Obamaren enkarguz, gaur gauean Egiptora iristea aurreikusten da.
Atzo Kairoko auzitegi batek jakinarazi zuenez, Mohamed Badie Anaia Musulmanen buruzagia eta El-Xater epaituko dituzte, ustez Mursiren kargugabetzearen aurreko istiluetan heriotzak eragiteagatik. Mursi presidente zela armadako buruzagi zen Rifaa el-Tahtawi atxilotzeko agindu du Egiptoko fiskaltzak, 2012an manifestariak atxilotu, torturatu eta galdekatzeagatik.
Bitartean, Rabea al-Adauiya eta Nahda plazetan uztailaren 3tik dauden kanpalekuek bere horretan jarraitzen dute, Egiptoko behin-behineko gobernuak horiek sakabanatzeko mehatxua egin arren.