EGIPTO

"Egiptoko egoeraren inguruan" hitz egin dute Mursik eta Ashtonek

Europako Batasuneko Kanpo Politikako ordezkaria bi orduz izan da egiptoko presidente ohiarekin. Hura ez dela preso politiko bat nabarmendu du behin-behineko presidentetzak. Alderdi islamistek salatu dute gobernua jarduera politikoak eta erlijiosoak kontrolatzen hasiko dela berriro ere. Protestara deitu dute gaurko Anaia Musulmanek.

jon olano
2013ko uztailaren 30a
19:31
Entzun

Europako Batasuneko iturriek Efe agentziari jakinarazi diotenez, Egiptoko presidente ohi Mohamed Mursirekin batzartu da bart gauean Catherine Ashton Europako Batasuneko Kanpo Politikako ordezkaria. Apenas eman duten xehetasunik batzarraren inguruan; Kairon elkartu zirela eta bi orduz izan zirela hizketan "Egiptoko egoeraren inguruan". Mursi "ondo dagoela dirudi", iturri horien arabera.

Mursi libre uzteko eskatu zuen EBk duela bi aste. Orduko hartan, Mursi bisitatzeko asmoz joan zen Ashton Egiptora, baina galarazi egin zioten. Atzokoan, Mohamed ElBaradei Egiptoko Atzerri ministroarekin ere batzartu zen.

Mursi kargutik kendu eta konstituzioa indargabetu zuen Egiptoko armadak uztailaren 3an. Harrezkero, atxilo dago Mursi, baina ez dute jakinarazi non. Iragan astean, hura hamabost egunez espetxeratzeko agindu zuen Kairoko epaile batek, Hamasekin elkarlanean aritzea eta 2011n espetxetik ihes egitean polizia ugari hiltzea egotzita.

Behin-behineko presidentetzak oroitarazi du epaileak delitu horiek egotzi dizkiola, eta azaldu du, horrenbestez, Mursi ez dela preso politiko bat. Ahmed al Muslimani presidentetzako bozeramaileak gaineratu du ez dagoela Mursi berriro presidente izateko aukerarik eta "inork" ezin duela atzera egin Adli Mansur egungo presidenteak ezarritako bide-orrian.

Halaber, Al Muslimanik esan du presidentetza prest dagoela "eskuak odolez zikinduak ez dituzten" Anaia Musulmanekin hitz egiteko. Mursi kargutik kendu zutenetik protestetan hildakoen inguruan hitz egin du: "Ez dugu inor babesten eta ez dugu inoren praktika okerrik estaltzen. Konfiantza dugu gure sistema judiziala inpartziala izango dela eta krimenen bat egin duen edonoren aurka neurriak hartuko dituela".

Jarduera politiko eta erlijiosoei kontrola

Anartean, alderdi islamistek salatu dute Egiptoko Gobernuko Barne Ministerioa jarduera politikoak eta erlijiosoak kontrolatzen ari dela berriro ere, 2011n Hosni Mubaraken erregimena amaitu ondoren kontrol hori bertan behera utzi eta gero.

"Erabaki horren helburua da islamistak jazartzea eta politikoki baztertzea. Euren askatasuna lortu duten herritarrek ez dute onartuko askatasun hori kentzea", esan du Al Nour alderdi salafistako idazkari nagusi Galal al Morrak.

Halaber, Askatasunaren eta Justiziaren Alderdiko idazkari Aiman Abdel Ghanik ohartarazi du "urtarrilaren 25eko iraultzak segurtasun estatuaren mitoa hautsi" egin zuela. Eraikuntzaren eta Garapenaren Alderdiko bozeramaile Jaled al Sherifek, berriz, esan du ministerioaren erabakiak "giza eskubideak eta demokrazia urratu" egiten dituela.

Protestarako deia

Anaia Musulmanek protestak antolatu dituzte gaurko, iragan astean Mursiren aldeko manifestazio batean 80 manifestari hil zituztela salatzeko. Kolpe militarraren martiriak lelopean kalera ateratzera dei egin dute. Kairon, Al Nur mezkitatik abiatuko dira Defentsa Ministeriorantz.

Bart gauean ere protestak izan dira, eta hamazazpi lagun zauritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.