«Aurreneko aldia da nire bizitzan bozkatu dudana, eta ederra da, batez ere emaitza aldez aurretik ez jakitea da ederra». Ahmed Shaukik BERRIAri esandako hitzak nornahirenak izan daitezke, ezen diktadura luze honetan sekula bozkatu ez duten herritarrek behingoz botoa eman ahal izan dute Egipton —diktaduran egindako hauteskundeetan %7 eta %10 artekoa izan ohi zen parte hartzea—.
Konstituzioari egindako erreformen inguruko erreferenduma egin zuten atzo Egipton; Hosni Mubarak kanporatu eta bost astera. Orotara 45 milioi lagun zeuden deituta bozkatzera, eta aurreneko aldiz ilarak ikusi ziren bozkalekuen atarietan. Nortasun agiria erakustea aski zen botoa emateko, ezen duela bi aste egin zuten galdeketan parte hartzeko deia eta, ondorioz, ez dute hauteskunde errolda osatzeko astirik izan.
Mubaraken ostean agintea hartu zuten militarrek eratutako batzordea arduratu da erreformak egiteaz. 1971ko Konstituzioaren zazpi artikuluri egin dizkiote aldaketak, eta beste bat bertan behera uztea proposatu dute —179 artikulua, hain zuzen, presidenteari «terrorismoz» akusatutako zibilak epaitegi militarren eskura jartzeko eskumena ematen ziona—. Erreformak puntu nagusi hauek jasotzen ditu: presidentetza lau urteko bi agintaldira mugatzea, lehiatzeko baldintzak mugatzea, presidenteari salbuespen egoera ezartzeko eta luzatzeko boterea mugatzea, bozetara hautagai independenteak aurkeztea baimentzea, eta itun berri bat idazteko baldintzak ezartzea.
Herritarrek erreforma babestuko duten ikusteko dago orain, ezen iraultza sostengatu duten mugimenduek ezezkoaren aldeko botoa aldarrikatu dute, itunari egindako aldaketak nahikoak ez direla argudiatuta. Baiezkoak Tahrir plazako protestekin abiatutako iraultza baldintzatu eta trantsizioa kolokan jar daitekeen beldur da oposizioa, benetako aldaketa bat eragotziz.
«Egiptok demokraziarako beste urrats bat egin behar duelako bozkatu dut ezetz erreferendumean; Konstituzio berri bat nahi dugu, eta ez erreforma mugatu bat». Shaukiren hitz horiek beste askoren iritzia ere ordezkatzen dute. Konstituzioa erabat aldatu behar dela uste dute, oposizioko taldeek egindako emendakinakerregimena babesteko «itxurakeria» baino ez direla iritzita. El Uafd, Tagammu, El Gad, Fronte Demokratikoa eta Kifaja dira ezezkoaren aldeko botoa eskatu dutenak. Mohamed el Baradeik ere itun horri eustea iraultzarentzat iraingarria dela adierazi du —bozkatzera joan zenean harrika eraso zioten—. Eta Amro Musak berak ere erreformetatik haratago joateko mezua bidali du: «Konstituzio zahar honek botere mugagabea emango lioke etorkizuneko presidenteari ere, eta hori da demokrazia eta askatasuna aldarrikatzen duen herri honek nahi ez duena».
Diktaduraren arrastoak
Diktaduraren arrastoan erregimena babesten dutenei egingo lieke mesede baiezkoak; izan ere, behin ituna erreformatuta bozak antolatuko lituzkete trantsizioa bideratzen ari diren militarrek, eta hauteskundeak iragarritako sei hilabeteko epean egingo balira, horiek baino ez lukete izango programa prestatu, kanpaina antolatu eta alderdi sendo bat aurkezteko gaitasuna. Anaia Musulmanak ere lehia horretan aurretik doaz; izan ere, klandestinitatean aritu diren mugimenduek ez bezala, hauek antolatzeko aukera izan dute, jazarri egin bazaizkie ere —baiezkoa babestu dute—.
Shaukik dioen bezala, «benetako aldaketa» behar da Egipton: «Demokrazia izango badugu, alderdi guztiak sendoak izatea komeni da, eta denbora behar da horretarako».
Protestak herrialde arabiarretan
Egiptoko erreferendumak demokrazia baldintzatuko duen beldur da oposizioa
Konstituzioan egindako erreformak ez direla aski ohartarazi dute iraultza sostengatu duten mugimenduek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu