Liskarrak herrialde arabiarretan

Egiptoko Gobernuak armada bidali du protestak isiltzera

Laugarren protesta egunean, «haserrearen eta askatasunaren ostiralean», gutxienez sei lagun hil eta ehundik gora zauritu diraGobernuak etxeratze agindua eman du, baina manifestariek kalean jarraitzen dute

Samara Velte.
2011ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Egiptoko Gobernuaren aurkako manifestariek lau egun daramatzate kalean, eta istiluak gero eta handiagoak dira: Kairon bertan, lau manifestari hil ziren atzo, gehienak polizien gomazko balek gertutik jota; Suez hirian bi lagun hil ziren protestetan. Agentzien arabera, dagoeneko milatik gora dira manifestazioetan atxilotutakoak.

Egiptoko Gobernuak arratsaldeko seietarako etxeratzeko agindua emana du eta militarrak bidali ditu Poliziari laguntzera. Hala eta guztiz ere, manifestariek atzo iluntzean kalean jarraitzen zuten.

Eguerdiko otoitzaren ostean protestei ekiteko deia egina zuten antolatzaileek, atzokoa «haserrearen eta askatasunaren ostirala» izan zedin. Egipton jaieguna izanda, aurreko egunetan baino jendetza handiagoa espero zuten.

Hori jakinda, Poliziak goizetik hartuak zituen hiriguneak, baina manifestariek euren asmoari eutsi zioten; azkenean, harriak alde batetik eta gomazko balak bestetik, istilu handiak sortu ziren bi aldeen artean. Iluntzerako Poliziak Kairo erdialdeko Tahrir plaza utzi behar izan zuen. Mubaraken alderdiko egoitzari ere su eman zioten.

Protestetarako deia neurri handi batean Internet bidez hedatu dute; Twitter eta Facebook sare sozialen bidez, protesten abiapuntu gisa aukeratutako 30 mezkiten berri eman zuten. Hori dela eta, herenegun gauerako itxi zituen Egiptoko Gobernuak sare sozialak, eta atzoko goizaz geroztik Interneteko konexio oro etenda dago, baita Egiptoko bi operadore nagusien telefono lineak ere; Mobinil eta Vodafone konpainiek hasieran mezu laburrak eta geroago deiak ere debekatu dituzte, gobernuak hala aginduta.

Anaia Musulmanak oposizioko talde ilegalizatuak jakinarazi du atzo goizaldean bere alderdiko zazpi kide atxilotu zituela Poliziak. Manifestazioak bere interesetarako erabiltzea leporatu izan dio gobernuak talde horri.

Frantziako Atzerri Ministerioak jakinarazi zuenez, istiluen berri ematen ari ziren lau kazetari frantziar ere atxilo hartu zituzten, baina ordu gutxiren buruan gelditu ziren aske.

Oposizioko sinbolo eta Bakearen Nobel saridun Mohamed El Baradeiri eta oposizioko beste buruzagi bati mezkitatik irtetea eragotzi zieten, eta han eduki zituzten atxilo.

Mubaraken aurka protestan aritu dira milaka egiptoar astearteaz geroztik. Gehienak gazteak eta langabeak dira, eta erreforma ekonomiko, sozial eta politikoak eskatzen dituzte. Besteak beste, 1981az geroztik indarrean dagoen Larrialdi Legea bertan behera uzteko; lege horrek larrialdi egoera ezartzen du estatu osoan.

Hauteskundeak manipulatzea ere leporatzen diote Mubaraki; horren adierazletzat jotzen dute haren alderdiak legebiltzarrean botere absolutua izatea.

AEBetako laguntzak, kolokan

Beste herrialdeetan oihartzun nabaria izan dute Egiptoko istiluek. Nazioartetik presio garrantzitsuena AEBetatik etor dakioke Egiptori. Obamaren gobernuarentzat aliatu garrantzitsua da Egipto, eta urtero 1.500 milioi dolarreko laguntza ematen dio Mubaraken erregimenari. Orain, administrazio estatubatuarrak iragarri du datozen egunetako gertakarien arabera erabakiko duela laguntza horrekin jarraitzea edo ez.

Hillary Clinton estatu idazkariak esan du «oso garrantzitsua» dela gobernuak hartutako neurriak atzera botatzea; besteak beste, telefono eta Internet bidezko komunikazioaren zentsura.

Alemaniako bidaia agentzia nagusiek, esaterako, bertan behera utzi dituzte Egiptorako bidaia guztiak datorren astera arte gutxienez, eta Angela Merkel kantzilerrak gatazka konpontzeko bide baketsuen alde egin du: «Jendea espetxeratzeak eta informazioaren jarioa zentsuratzeak ez du ezertarako balio. Elkarrizketa baketsua behar da. Herrialdearen egonkortasuna oso garrantzitsua da, baina ez edozein preziotan, ez adierazpen askatasunaren truke».

NBE Nazio Batuen Erakundetik ere iritsi dira Mubarakentzako mezuak: Navi Pillay NBEko mandatari nagusiak protestetan hildako manifestarien heriotzak ikertzeko eskatu dio, eta «herritarren biltzeko, adierazteko eta informatzeko eskubidea» bermatzeko.

Ban Ki-moonek, erakunde horretako idazkari nagusiak, «herritarren eskakizunei kasu egiteko» eskatu dio Egiptoko Gobernuari: «Egoera hau aukera ona izan daiteke aldarrikapen horiek beteko dituen elkarrizketa sustatzeko».

Mubarakek ez du oraindik adierazpenik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.