Ekialde Hurbila

Egiptoko Parlamentuak baiezkoa eman dio armada Libiara bidaltzeari

Al-Sisirentzat, marra gorri bat gainditzea da GNAk Sirte eta Jufra hiriak hartzea; orduan sartuko lituzke militarrak herrialde horretan.

Haftar Libia ekialdeko buruzagia —ezkerrean—, eta Al-Sisi Egiptoko presidentea —erdian—, iazko bilkura batean. EFE
ander perez zala
2020ko uztailaren 20a
20:56
Entzun

Abdel Fattah al-Sisi Egiptoko presidenteak badu dagoeneko herrialdeko armada Libiara bidaltzeko baimena. Ordezkarien Ganberak gaur arratsaldean egindako bozketan «beharrezko neurriak hartzeko» eskatu dio, eta, hortaz, Al-Sisi datozen egunetan zer gertatuko zain geratu da: Libiako Batasun Nazionaleko Gobernuaren (GNA) milizia aliatuek Sirte edota Jufra hiriak hartzen badituzte, orduan bidaliko ditu soldaduak Libiara, Khalifa Haftar ekialdeko buruzagiari babes militarra emateko.

Argudiatuta «Egiptoren segurtasun nazionala» defendatzeko neurri bat dela, Ordezkarien Ganberako diputatuen bi herenek herrialdeko presidenteari eskatu diote Libian «milizia kriminal armatuen eta atzerriko talde terroristen» aurka egiteko, horretarako beharra dagoelarik. Al-Sisik Sirte eta Jufra hiriak jarri ditu marra gorritzat, eta horien egoeraren arabera sartuko dira Egiptoko militarrak Libiako gerran; hori gertatuko balitz, gatazka beste fase batean sar liteke, Kairoren parte hartzeak GNAren milizia aliatuen hilabeteotako aurrerapausoak gelditzea baitu helburu.

Atzo, milizia horien bozeramaile Mustafa al-Mayaik adierazi zuen Sirte hartzetik «oso gertu» zeudela, eta Haftarren esku dauden petrolio putzuak ere bereganatzeko asmoa dutela: «Azken helburua matxinada amaitzea da, eta [GNAren] kontrola Libiako eremu osora hedatzea».

GNArentzat, Egiptoren esku hartzea legez kanpokoa da, eta gauza bera adierazi dute bere nazioarteko aliatuek, tartean Turkiak. Al-Sisik, ordea, ekialdeko Tobrukeko parlamentuak iragan astean egindako eskaria du argudiotzat, Libian sartzeko baimena eman diolakoan. Erabaki horretaz, Al-Sisik honako hau adierazi zuen iragan astean: «Egipto gai da Libiako egoera militarra aldatzeko; Afrikako eta mundu arabiarreko armadarik indartsuenetako bat du».

Egiptoko Ordezkarien Ganberaren bozketaren aurretik, Hulusi Akar Turkiako Defentsa ministroak adierazi du GNAri ematen dioten babesak bere horretan jarraituko duela: «Mundu guztiak zera jakitea nahi dut: beti izango gara gure anaia libiarren alboan. Gure xedea da Libian era baketsuan, lasaitasunean eta segurtasunez bizi daitezela».

Turkiaren esku sartzea

Haftarrek iazko apirilean hasi zuen Tripoli hiriburuaren kontrola bereganatzeko erasoaldia, baina, urtebeteren ostean, eta batez ere Turkiaren urte hasierako esku sartzearen ondorioz, Libia ekialdeko buruzagi militarrak ez du bere helburua lortu; are, atzera egin du hilabeteotan, eta horrek estrategia aldatzera behartu du.

Iragan hilabete hasieran, Egiptoren eta Tobrukeko parlamentuaren babesarekin, Haftarrek menia bat eskaini zion GNAri, baina erantzuna ezezkoa izan zen. Ordutik, Al-Sisik hainbatetan errepikatu du su-eten baten eta bakearen aldekoa dela, baina zehaztua du Libian sartzeko gai dela «talde terroristak» Egiptoren mugara hurbiltzen badira.

Bederatzi urte dira NATOren hegazkinek Muammar Gaddafiren konboiari eraso ziotela, eta hilketa horren ondorio da Libiaren egungo zatiketa. 2012an parlamenturako hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten onartu emaitzak, eta bitan zatitu zen herrialdea: bozen garaileak ekialdean gotortu ziren, eta Haftarrekin aliatzea beste aukerarik ez zuten izan.

Mendebaldean, Nazio Batuen Erakundeak trantsiziorako gobernu bat osatzea adostu zuen islamistekin, eta, urteak pasatu ahala, Fayez al-Serraj buru duen GNAn barreiatu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.