Egiptoren plana Gazako gerra amaitzeko: menia, bahituen eta presoen trukea, eta trantsizio gobernu bat

Kairoren proposamena atarikoa da, eta gatazkako aldeei iritzia eskatu die haren edukiaz. Israelgo armadak 106 lagun hil ditu bart zerrendan.

(ID_13450129) MIDEAST ISRAEL PALESTINIANS GAZA CONFLICT
Palestinar batzuk Israelgo armadak suntsituriko eraikin baten hondakinetan, gaur, Gaza hegoaldean. MOHAMMED SABER / EFE
ander perez zala
2023ko abenduaren 25a
18:10
Entzun

Gazako milizia palestinarren eta Israelen arteko gerra hiru hilabete betetzear den honetan, Egiptok, bi aldeen artean bitartekari lana egiten ari den herrialdeetako batek, plan bat osatu du gatazka militar hori amaitzea helburu duena. Proposamenak hiru ideia jasotzen ditu, oro har: su eten egonkor bat ezartzea, hiru fasetan antolaturiko bahituen eta presoen truke bat egitea, eta, azkenik, trantsizio gobernu bat eratzea Gazarako eta Zisjordaniarako. Testua atarikoa da, eta Kairok horri buruzko iritzia eskatu die jada zerrendako talde armatuei eta Israelgo Gobernuari; Europako Batasuneko estatu kideetako gobernuek eta Ameriketako Estatu Batuetakoak ere badute haren edukiaren berri. Anbizio handikoa dela deskribatu dute, nazioarteko zenbait hedabideren eta albiste agentziaren arabera.

Egiptok hiru faseko plan bat ondu du. Lehenik, zazpi eta hamar egun artean iraungo lukeen menia bat indarrean jarriko lukete —luzeagoa izateko aukera legoke—, eta, epe horretan, bahituriko berrogei zibil israeldar askatuko lituzke Hamasek; trukean, Israelek 120 preso palestinar libre utziko lituzke. Bigarren faseari dagokionez, su etena astebete luzatuko lukete, eta, egun horietan, milizia palestinarrak emakumezko soldadu israeldarrak aske utziko lituzke, eta Tel Avivek preso gehiago askatuko lituzke —ez dute kopururik argitara atera—.

Hori egin ondoren, hirugarren fasean, gerrako bi aldeek negoziazioak hasiko lituzkete, hilabete iraungo luketenak; elkarrizketa horietan eztabaidatuko lukete, batetik, nola askatu oraindik ere bahituta leudekeen soldadu israeldarrak, eta, bestetik, preso palestinar gehiago libre uztea. Horrekin batera, Israelgo armada Gazatik aterako litzateke, eta zibilak zerrendaren iparraldera itzuli ahalko lirateke, Al-Jazeera telebistaren eta Efe albiste agentziaren arabera.

Palestinako erakundeen eta alderdien arteko barne gatazka bideratzea ere aurreikusten du Egiptoren proposamenak, zeinak Qatarren laguntza eta oniritzia izan duen —bitartekari lanetan aritu da Qatar—. Bigarren faseko meniak iraun bitartean, Kairok Hamasen eta PAN Palestinako Aginte Nazionalaren arteko elkarrizketak sustatuko lituzke —Al-Fatahren kontrolpean dago PAN—, eta, negoziazio horiek arrakasta izanez gero, organizazio islamistak eta PANek trantsizio gobernu bat eratuko lukete Gaza eta Zisjordania gobernatzeko.

Gainera, plan horren arabera, hauteskundeak egingo lituzkete Palestinako bi lurralde horietan —azkenak 2006an egin zituzten—, eta Hamasi zera bermatuko liokete: ez dietela haren kideei jazarriko, eta ez dituztela inputatuko.

egiptoren plana:

  1. Zazpi-hamar eguneko menia bat ezartzea. Hamasek berrogei zibil israeldar askatuko lituzke, eta Israelek, 120 preso palestinar.

  2. Astebeteko su etena indarrean jartzea. Emakumezko militarrak askatuko lituzkete, baita preso gehiago ere. Hamasek eta PANek trantsizio gobernu bat eratzeko negoziazioak egingo lituzkete.

  3. Milizia palestinarrek eta Israelek elkarrizketak egitea, falta diren bahituak eta preso gehiago askatzeaz. Armada Gazatik aterako litzateke.

Israelgo Gobernua gaur da proposamen horretaz eztabaidatzekoa, baina badirudi, asteotako adierazpenak ikusirik, ez dituela jasotzen bere helburu guztiak; besteak beste, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak hainbatetan esan baitu Hamas «suntsitu» nahi dutela. Gaur, gainera, Netanyahuk soldaduei esan die «presio militarrari» eutsiko diotela: «Gerrak amaierara arte iraungo du».

Milizia palestinarren kasuan, gaur eguerdian Reuters berri agentziak argitara atera du jada ezezkoa eman diotela planari, baina, arratsaldean, Hamaseko buruzagitzako kide Izzat al-Rixqek, komunikatu baten bitartez, esan du hori ez dela egia, eta oraindik ez dutela ezer erabaki. Jihad Islamikoak erantzun berbera eman du Reutersen informazioaren inguruan.

20.670etik gora hildako zerrendan

Gazako Osasun Ministerioak gaur emandako datu eguneratuen arabera, Israelgo armadak gutxienez 20.674 lagun hil ditu zerrendan joan den urriaren 7az geroztik. Egun hartatik hona zauriturikoak 54.536 dira, gainera.

Israelgo militarren azken eraso sorta bart gauekoa izan da, eta gutxienez 106 palestinar hil dituzte Maghazi errefuxiatuen kanpalekuan —Gaza erdialdean— eta Khan Yunisen —hegoaldean—.

Sirian, Israelgo armadak Irango Guardia Iraultzailearen aholkularietako bat hil du, Reuters albiste agentziaren arabera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.