Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ez du presarik gobernu berria osatzeko. Legez, gainera, ez du epe jakin baten barruan izendatu behar lehen ministroa. Horregatik, Frantziako tokiko prentsan gaur kaleratutako gutun batean, jakinarazi du Asanblearako hauteskundeen aurreko gobernuak jardunean jarraituko duela, eta, beste gobernuburu bat izendatu aurretik, denbora eskatu du «gehiengo sendo bat» eraikitzeko. Haren esanetan, «plurala» izan beharko du gehiengo horrek «ezinbestean». Alderdiei gogorarazi die, bide batez, hauteskundeetako emaitzak ikusita, inork ez duela gehiengorik, eta «zintzo» hitz egiteko deia egin die.
NFP Fronte Popular Berria ezkerreko koalizioa, bozen garailea, lehen ministro izateko hautagai bat proposatzekoa da asteon, joan den astelehenean, bozen biharamunean, iragarri zutenez. Frantzia Intsumisoa da ezkerreko koalizioan eserleku gehien duen alderdia, eta nagusitasun hori baliatu nahi du alderdikide bat Matignonen kokatzeko. NFPtik zein eskuinetik iristen diren mezuak, baina, bestelako bide bat jorratzearen aldekoak dira. Hala, Alderdi Sozialista izan da bere apustua sendoen aurkeztu duena, bere idazkari nagusi Olivier Faureren alde eginda. Izen zerrenda, baina, murriztu beharrean, areagotzen ari dela dirudi.
LFI Frantzia Intsumisoko kideak Macroni presio egiten ari dira, hark lehenbailehen egin dezan NFP Fronte Popular Berriaren hautagaia lehen ministro izendatzearen alde. Atzo, Mathilde Panot parlamentariak jarri zuen zalantzan Macronek igandeko bozetako emaitzak «errespetatzeko» asmorik ote duen. Baina bada Jean Luc Melenchonen alderdian presio hori areagotu nahi duenik. «Zergatik ez herritar martxa handi bat Matignonera bidean?», adierazi zuen Adrien Quatennens parlamentari ohi eta Jean Luc Melenchon alderdiko buruaren gertukoak X sare sozialean.
Hitz horiek zuzentzeko ardura hartu du gaur Manuel Bompard LFIko koordinatzaileak, baina alderdikideek azaleratutako kexari eutsita. Hau da, uste du Macron ahal duen guztia egiten ari dela «hauteskundeetako emaitzekin ez ikusiarena egiteko».
Hain zuzen, Melenchonen aukera ia baztertuta, Bompardena da lehen ministro izateko hautagai zerrendan ageri diren izenetako bat, baita Clemence Guette alderdikidearena ere. Horiek, baina, badute gainditzeko zaila dirudien erronka bat aurrez aurre: NFPk ez du gehiengo osorik, eta zentroko eta eskuineko alderdiek ez dute Frantzia Intsumisoa gobernuan ikusi nahi.
Hala adierazi dute Ensembleko zenbait kide esanguratsuk, eta ezkerreko alderdian asmo hori interpretatzen dute Macronek egindako urratsetan: ez du lehen ministrorik izendatzeko asmorik uztailaren 18an Frantziako Asanbleak bere lehen bilkura egin aurretik, eta ez zuen onartu Gabriel Attal lehen ministroaren dimisioa. «Egonkortasunaren» izenean.
Alderdi Sozialistak, ekologistek eta Alderdi Komunistak egin dute aliantza zabaltzearen alde, «ezkerreko macronismoari» erreferentzia eginda
Ensembleren barruan, badira Errepublikanoekin bat egitearen alde azaldu direnak, bien artean NFPk baino eserleku gehiago izango lituzketela argudiatuta, baina horrek ez lieke gehiengorik bermatuko. Hala, bestelako ideia batzuk indartu dira. Besteak beste, Benjamin Haddad Ensembleko parlamentariak atzo adierazi zuen, Batasun Nazionala bezala, Frantzia Intsumisoa ere gobernutik kanpo utzi behar dela: «Oposizioan egongo naiz NFPren gobernu batekin, eta LFI barne hartzen duen gobernu ororen kontrako zentsura mozio bat babestuko dut». Eta berdin mintzatu zen Renaissance alderdiko idazkari nagusi eta Atzerri ministro Stephane Sejourne ere Le Monde egunkarian. Gutxieneko programa bat egitea litzateke xedea, arku zabal bat barne hartzeko gai izango litzatekeena, Alderdi Komunistatik Errepublikano «moderatuetaraino». Baliteke Yael Braun-Pivet Frantziako Asanbleako presidente ohia izatea hura gidatzeko aurkeztuko duten hautagaietako bat.
Halere, NFP barruan argi dute ezkerreko lehen ministro bat egon beharko litzatekeela, nahiz eta hor ere badiren macronismora gerturatzearen aldeko ahotsak. Alderdi Sozialistak, ekologistek eta Alderdi Komunistatik egin dute aliantza zabaltzearen alde, «ezkerreko macronismoari» erreferentzia eginda. Marine Tondelier ekologisten buruak egoera «baretzen» lagunduko duen hautagai baten alde egin du. Eta Anne Hidalgo Parisko alkateak gogoratu du ezkerreko zein eskuineko hautagaiek eskuin muturraren kontrako «fronte errepublikanoari» esker eskuratu dituztela euren eserlekuak: «Egoera onartu behar dugu, eta elkarrizketatu».
Tondelier bera izan daiteke hautagai hori, baina badira beste zenbait ere. Faure Alderdi Sozialistako idazkari nagusia da nagusienetako bat, baina badira beste zenbait sozialista ere kinieletan: Boris Vallaud diputatua eta Raphael Gluksmann Europako Parlamenturako bozetarako zerrendaburua. Halere, bada alderdietatik kanpo ere begira ari denik: Laurent Berger CFDT sindikatuko idazkari nagusi ohiaren izena aipatu zen bozen aurretik.
Eskuina, begira
Badira logika horietatik urrun kokatzen diren ikuspegiak ere. Esaterako, Ile-de-France eskualdeko presidente eta LR Errepublikanoak taldeko kide Valerie Pecressek adierazi du eskuineko gobernu bat eratu beharko litzatekeela. «Logikoa dirudi, Frantzia inoiz ez baita hain eskuindarra izan». Hark NFPren programa «blokeatzearen» alde egin du. Alderdi horretako presidente Laurent Wauquiezek agerraldi batean argitu du, hori bai, ez dutela koalizio gobernu batean parte hartuko.
Marine Le Pen RN Batasun Nazionaleko buruak, berriz, eskuin muturreko alderdiak lortutako emaitzen garrantzia nabarmendu du, azpimarratuz haiek lortu zutela boto gehien joan den igandean. Hala, haren ustez, bozen ostean RNk gehiengo osorik eskuratu ez duen arren, ezkerrak eta macronistek haien kontra egiteko hartutako erabakiek eskuin muturra boterera iristea «atzeratu» besterik ez dute egin.