LONDRES. Herenegun alderdi barruko konfiantza mozio bat gainditu eta ordu batzuetara, Boris Johnson Alderdi Kontserbadoreko liderra eta Erresuma Batuko lehen ministroa bere ministroekin bildu zen. Downing Streeteko 10. zenbakiak ohar batean azaldu zuenez, adierazi zien «egoera gainditzeko», eta lanean jarrai dezatela eskatu zien.
Pandemian gobernuaren egoitzan egindako festen eskandaluaren harira erantzukizuna argitzeko egin zuten konfiantza mozioa, eta, Johnsonek gainditu egin zuen arren, Komunen Ganberako diputatu tory-en %41ek kontra bozkatu zuten. Horrek esan nahi du are gehiago ahuldu dela lehen ministroaren posizioa, eta hurrengo hilabeteetan presiopean egongo dela. Aintzat hartu behar da, gainera, Komunen Ganberak berak ikerketa bat hasi duela argitzeko zein izan zen Johnsonen erantzukizuna. Joan den urtarrilean hedabideak festei buruzko informazioa kaleratzen hasi zirenetik, barkamena eskatzea besterik ez du egin.
Alderdi Kontserbadorearen arautegiak dioenez, urtebete igaro arte ezingo dute berriro egin alderdiko liderraren aurkako mozio bat, baina The Guardian-ek kaleratu du diputatu tory batzuek arautegian aldaketa bat behartu nahi dutela, sei hilabete pasatuta egiteko.
«Egoera gainditzeko» eskatu die Johnsonek bere ministroei
Tory kritikoek alderdiaren arautegia aldatu nahi dute sei hilabete barru beste zentsura mozio bat egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu