Egoera okertuz doa Kongon gerrillak aurrera egin ahala

Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak eta kasko urdinek segurtasun neurriak indartu dituzte, erasoen beldur

arantxa elizegi egilegor
2008ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Iturri ofizialek egoera baretu dela dioten arren, lekukoen hitzak bestelakoak dira. Horien arabera, Laurent Nkunda jeneralaren gerrillariak Ipar Kivuko hiriburura gerturatzen ari dira. Lerro hauek idazteko unean, Kanyaboyangara bidean ziren, Goma hiriburutik 175 kilometro ingurura. Herri horren kontrola duenak Gomaranzko errepide nagusiak kontrolatuko ditu, eta, beraz, Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak eta NBEren misioak ehunka militar bidali ditu inguruetara, gerrillariek balizko erasoari aurre egiteko asmoz. Nkundak, jada, bere kontrolpean du Mirangi herria, Kanyaboyangarantz dagoen azken herria.

Aste honen hasieran militarrak izan ziren Kanyaboyangari eraso ziotenak, etxeetan lapurtuz eta zibilei erasoz. Gobernuak, ordea, nabarmendu du erantzuleak dagoeneko atxilotu dituztela, nahiz eta onartu duen herenegun gauean ere liskarrak izan zirela herrian.

Errefuxiatuak babesik gabe

Goma hiriburuan bizi diren milioi erdi lagunak ez ezik, handik kilometro gutxira dagoen Kibati errefuxiatu guneko biztanleak ere beldurrez bizi dira. NBE Nazio Batuen Erakundeko misioak bertan dituen segurtasun neurriak indartu dituen arren, kasko urdinen kopurua ez da nahikoa bertan daudenak babesteko. Horiek hala, NBEk iragarri du 3.000 militar gehiago bidaliko dituela herrialde hartara. Egun 17.000 kasko urdin daude Kongoko Errepublika Demokratikoan, beste inon baino gehiago. Eta, hala ere, hamar soldadu besterik ez daude 10.000 biztanleko.

Kasko urdinak ez dira, ordea, Kongon dauden atzerriko soldadu bakarrak. Gomako herritarren esanetan, Angolako militarrak sartu dira herrialdean. «Kongoko armadaren uniformea dute, baina ez dute gure hizkuntza bera hitz egiten. Ez dute frantsesa, swahilia edo lingala hitz egiten. Patruilatzen ari dira, baina ez dira herritarrekin hitz egiteko gai», dio Gomako bizilagun batek. Angolako Gobernuak, ordea, ukatu du soldaduak bidali izana, nahiz eta iragarri duen baduela Kongoko Gobernuaren laguntza deiari erantzuteko asmoa.

Azken abisua

Angola gatazkan sartzen bada, litekeena da beste herrialderen batek ere esku-hartzea erabakitzea. Ruandak, esaterako, tutsien aurkako erasoak amaitzeko ezer ez egitea egozten dio Joseph Kabilaren gobernuari. Hark, aldiz, Nkundaren gerrillariak sostengatzea leporatzen dio besteari. Azkenean, Ruandak gatazkan sartzea erabakiko balu, Afrikako bigarren gerra handia pizteko arriskua legoke. 1998an antzeko zerbait gertatu zen. Lau urte lehenago milaka tutsi eta hutu moderatuen heriotza eragin zuten gerrilla hutuei laguntzea egotzi zion Kigalik Kinshasari eta herrialdeari eraso zion.

Egun egoera ez da askoz hobea. «Ipar Kivuko errefuxiatu guneetan emakumeak bortxatzen dituzte elikagaien edo sua egiteko egur bila ateratzen direnean, eta haurrak bahitzen dituzte gerrillan sartzeko», dio Oxfameko buru Juliette Prodhamek. Horretaz gain, milaka dira ez aterperik ez janaririk gabe daudenak.



Duela hamar urte bezala, Kongoko Errepublika Demokratikoko gatazka nazioarteko bilakatuko den beldur dira asko; milioika lagun hil ziren orduan.

Hirugarren mundu gerra

A. E.

Ruandako genozidioak lau hilabete iraun zuen, 1994ko apiriletik uztaila bitartera. Ondorioak, ordea, gaur egun arte iritsi dira. Hutu eta tutsien arteko ezinikusia nabarmena da oraindik ere, bai Ruandan eta baita Kongoko Errepublika Demokratikoan ere, azken egunetan ikusi ahal izan denez. Orain, ordea, nazioartea beldur da Kongon piztutako gatazkak duela hamar urte hasitakoaren bidea hartuko duen.

Ruandako genozidioaren erantzule nahiz biktima askok Kongora egin zuten ihes, 1994an. Horiek hala, Paul Kagame Ruandako presidenteak herrialdeari erasotzea erabaki zuen 1998an, Laurent Kabilaren gobernuak, gerrilla hutuen aurka ezer egiten ez zuela argudiatuta. Kabilak, berriz, gerrara deitu zituen borrokatzeko gai ziren guztiak, hutu edo tutsi ziren begiratu gabe. Horrek Ruandaren haserrea areagotu zuen. Denborarekin inguruko herrialdeek ere esku-hartu zuten gatazkan, gerra erdialdeko Afrika osora hedatuz.

Irabazlerik ez

Afrikako gerra handia deiturikoaren ondorioak benetan lazgarriak izan ziren. 3,5 milioi hildako; milaka etxe eta familia suntsituta; haurrak borrokatzera derrigortuta; emakume eta adingabeak bortxatuta, eta abar eta abar. Gerra krimenak egitea ere egotzi diete alde bateko zein besteko gerrillari eta miliziei. Gaur arte, baina, inor gutxi epaitu dute.

2002an, su-etena hitzartu zuten alde guztiek, eta Kongotik erretiratu ziren atzerriko tropa gehienak. Aldiz, milizia tutsiak Ruandako mugatik gertu geratu ziren, herritarren segurtasuna bermatzeko argudioarekin. Duela bi urte, berriz, NBEk «egonkortasunerako arriskutsutzat» jo zituen gerrillari hutuak. Joseph Kabila presidentearen gobernuak haien aurka egingo zuela hitzeman zuen. Baina gaur arte ez du ezer egin.

Orotara, 1998tik bost milioi lagun hil dira Kongon; gerraren ondorioz batzuk, gaixotasunen batek jota besteak eta gosez gehienak. Beste milioika, berriz, inolako segurtasunik gabeko errefuxiatu guneetan bizi dira geroztik, etxera itzultzeko aukerarik gabe, nahiz eta Kongo Afrikako herrialderik aberatsenetako bat den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.