Aminatou Haider (Aaiun, 1967) giza eskubideen aldarrian lanean ari da lurralde okupatuetan. Nazioarteak babesten du. Horregatik hitz egiten ahal du. Garai batean, baina, isilik egotera behartu zuten. Desagertuta egon zen hiru urte eta zazpi hilabetez. berriari gertatzen ari denaren berri eman dio.
Zein egoeran dago memento honetan Aaiunen?
Inoiz baino jazarpen handiagoa bizi dugu segurtasun indar ezberdinengatik. Marokok aldez aurretik prestatu duen ekintza militarra abiatu du sahararrak beldurrarazi eta protestak eragozteko. Jakinarazi gabeko etxeratzeko aginduan gaudela esan daiteke. Hay Maatal auzoan egoera are larriagoa da eta sahararrek ezin dute etxerik atera ere egin, janaria eta gauzak erostekoa arazoak dituzte bertan polizia gainean dutelako. Gazteak desagerrarazi eta torturatzen ari dira eta etxeak miatzen. Segurtasun indarrak alerta egoeran daude gau eta egunez.
Zenbat saharar bizi dira hiriburuan?
Ezin dugu jakin baina gutxiengo gara deportazio politikaren ondoren zonaldean ezarri dituzten kolono marokoarren aurrean. Gatazka politikoa dela edo baldintza ekonomikoak direla gazte askok immigratu egin behar izan dute eta gainontzekoak ikasten ari dira Marokon. Familien egoera ekonomiko eta soziala sostengaezina da. Lurralde okupatuetan eta errefuxiatu guneetan dauden sahararrak ezin dutela elkar ikusi ere gogorarazi behar da.
Zu hiru urtez eta zazpi hilabetez eduki zintuzten desagertuta...
Nire esperientzia ez da dozenaka sahararrek bizi izan dutenaren oso bestelakoa. Edadetuak, umeak eta emakumeak, haurdun edo edoskitze aroan daudenak tartean, ez dira libratu. Torturak, desagerpenak, bahiketak...
1987. urtean intifada prestatzen hasi eta ehunka saharar kartzela sekretu batera eraman gintuzten. Egoera umiliagarrian eduki gintuzten hiru urte eta zazpi hilabetez: eskuak eta hankak lotuta, begiak tapatuta, kukubilko... Gure senideak urtetan egon dira ordaintzen non geunden galdetu izana. Nazioartearen presioari esker jarri ziguten aske.
Zer eskatuko zenioke nazioarteko komunitateari?
Marokori aurre egiteko jarrera irmo bat hartu eta presio eraginkorra egiteko da nazioarteari eskatzen dioguna. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak erreferenduma egitea jasotzen duen ebazpena bete behar du. Nazioarteak autodeterminazio eta independentzia eskubidea bermatu behar digu sahararrei. Ahaztuta gaudela sentitzen dugu. Marokok ezarri duen blokeo militarra eta informatiboarekin akabatzeko neurriak hartu behar dira ere. Espainiako Gobernuaren presioa, ildo horretan, ezinbestekoa da. Giza eskubideen alde lanean ari diren pertsona ugari babestu behar direla uste dugu; izan ere, lan duina egiten ari dira eta horren truke torturak eta kartzela ezagutzen ari dira.
MENDEBALDEKO SAHARAKO GATAZKA. AMINATOU HAIDER
«Egoera umiliagarrian eduki gintuzten hiru urtez»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu