Bulgaria 2007an bihurtu zen EB Europako Batasuneko kide, Errumaniarekin batera. EBren historiako seigarren zabalkundea izan zen, azkena oraingoz, eta bi herrialde horiek batasunaren hego-ekialdeko muturra osatu zuten. EBko kide bihurtzearekin, komunismotik kapitalismoranzko trantsizioa betetzat jo zuen Bulgariak. Itsaso Beltzaren kostaldean kokatuta, Mediterraneotik gertu, eta Errusiaren, Turkiaren eta Europaren bidegurutzean, Bulgariako indar politiko nagusiek herrialdearen garapenerako ezinbertzeko aukeratzat jo zuten batasuneko kide izatea. Ordutik, ordea, Bulgariak ez du egonkortasuna lortu, eta herritarren egoera ekonomikoak ere ez du hobera egin.
Eurostat EBren estatistika bulegoaren arabera, batasuneko 27 kideen artean Bulgaria da pobrezia tasa altuena duena: 2011ko datuek adierazten dutenez, herritarren %49 daude pobrezia arriskuan, 2010ean baino %7 gehiago. Zerrendako hurrengoak ere ekialdeko herrialdeak dira: Errumania eta Letonia(%40), eta Lituania (%33). Eurostatentzat «pobrezia arriskuan» daude diru sarrerak herrialdeko bataz bertzekoaren %60tik beheiti dituztenak, «gabezia material larriak» dituztenak, eta urtebetean «lan ahalmena» %20 baino gutxiago erabili dutenak.
Ekonomiaren oinarri ahulak
1990ean sistema komunista desegin eta erreforma neoliberalei ekin zienean, Bulgaria egoera ekonomiko kaskarrean murgildu zen, bertze hainbat herrialde komunista ohietan bezala. 1990-1994 artean, produkzio industriala erdira murriztu zen, eta BPG barne produktu gordina laurden bat. Nazio Batuen Erakundearen giza garapenerako agentziak 1995eko txosten batean adierazi zuenez, Bulgariako ekonomia «maneiaezina» bihurtu zen. 1997an gobernuak monetaren kontrola ezarri zuen, eta horrek gutxieneko egonkortasun bat ekarri zion ekonomiari.
2004an etorri zen boom-a, EBn sartzea negoziatu zenean. Atzerriko kapitala sartu zen, eta kreditua anitz hazi zen. Estatistika Institutu Nazionalaren arabera, ordea, hazkunde horrek oinarri ahulak zituen, eraikuntzan, higiezinen negozioan eta finantza zerbitzuetan oinarritu baitzen. 2008an, Bulgaria EBn sartu berritan lehertu zen nazioarteko krisialdi ekonomikoa, eta ordutik bizi maila garestitu egin da etengabe.
Egonkortasuna, Europan bete gabeko promesa
Bulgaria 2007an egin zen EBko kide, baina ordutik herritarren egoera ekonomikoak ez du hobera egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu