Egonkortasunerako oztopoa

Pakistango talibanek gobernuarekin hizketan hasteko eta armak uzteko proposamen bat errefusatu duteAfganistanen bakea bideratzeko, AEBentzat beharrezkoa da Pakistanen giroa baretzea

mikel rodriguez
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
AEBek bi urte barru utziko dute Afganistan, eta ordurako gobernu egonkor bat utzi nahi dute Kabulen, nazioarteko tropen sostengurik gabe herrialde osoan agintea ezartzeko gai izanen dena. Talibanen indarrak, baina, hori oztopatzen du, eta, iaztik, Washington mugimendu islamistaren ordezkariekin harremanetan dago, gerraren bidea nahikoa ez dela ikusita, elkarrizketaren bidez Afganistango estatu egituran integra daitezen. Afganistanen egonkortasuna ezartzeko, ordea, beharrezkoa da Pakistango talibanek ere borrokatzeari uztea. Horiek, ordea, uko egin diote Islamabadekin hizketan hasteko plan bati.

Hainbat buruzagi tribalek aurkeztu diete plana talibanei. Elkarrizketak hasteaz gain, armak uztea proposatu diete. «Haientzat umiliagarria da. Elkarrizketak ez aitzinera ez gibelera daude», adierazi dio Reuters agentziari Pakistango Estatuko indarren ordezkari batek. «Talibanek sistema politikoan sartu nahi badute, bide horri jarraitu beharko diote».

Urte hasiera gatazkatsua

Talibanek iraganean ere harremanak izan dituzte Islamabadekin. 2009an, adibidez, Swateko bailaran (iparraldean) bake akordioa sinatu zuten. Negoziazioaren aurka dauden Pakistango sektoreen arabera, baina, talibanek berrindartzeko baliatu dute estatuarekiko akordio oro.

Urte hasierak, gainera, ez du ekarri elkarrizketa sustatzeko girorik egokiena. Iragan urte amaieran taliban talde batek Afganistango mugako Khyber probintzian paramilitarren zaintza postu bati eraso zion. Hainbat lagun hil, eta bertze hamabortz gatibu hartu zituzten. Urteko lehenbiziko egunean, berriz, armadak hainbat miliziano islamista hil zituen probintzia berean, eta, horri erantzuteko, handik egun batzuetara hamabortz gatibuak hil zituzten talibanek. Lehengo igandean, Hakimullah Mehsud talibanen buruzagia hila dagoela adierazi zuen Pakistango armadak. Iturri horren arabera, irrati bidezko elkarrizketa batean aditu zuten Mehsud Afganistanekiko mugako Ipar Waziristan eskualdean hil zuela AEBen piloturik gabeko hegazkin batek. Talibanek, ordea, buruzagiaren heriotza ukatu zuten, eta AEBek ez zuten berretsi.

Mehsud hila egoteak, baina, ez du indarkeria geldiaraziko. «Hakimullah bizirik edo hilda egon, berdin jarraituko dugu borrokan. Lehoi anitz daude oihan honetan, eta batak bertzea ordezkatuko du borroka noble honekin segitzeko», ohartarazi du Ihsanulla Ihsan talibanen bozeramaileak.

Talibanen batasuna: TTP

Hakimullah Mehsudek 2009an hartu zuen buruzagitza, Baittullah Mehsud haren aitzindaria AEBetako piloturik gabeko hegazkin batek hil zuenean. Islamabadek eta Washingtonek espero zuten hilketa horrekin talibanen batasuna deseginen zela, baina ez zen halakorik gertatu. Talibanen milizia gehienak TTP Tehrik-e-Taliban Pakistan erakundean elkartuta daude. TTPk iparraldeko eskualde tribaletan du presentzia nabarmenena, Afganistanekiko mugan, Islamabaden boterea ahulena den eremuan. Armadak erasoaldiak eta operazio zabalak egin ohi ditu TTPren aurka, baina estatuaren indarra segurtatzeko bertze bide bat tribuetako paramilitarrak dira.

Talibanak nagusiki pashtun etniakoak dira, Afganistangoak bezala; ondorioz, mugen bi aldeetako miliziek harremana dute elkarrekin. AEBekiko etsaitasuna elkarbanatzen dute, bertzeak bertze, Washingtonek mugaren bi aldeetan egiten dituelako erasoak. Hala ere, talde bakoitzak bere herrialdeari begirako estrategia du. Horregatik, Afganistango talibanek, borrokan jarraitzen duten arren, elkarrizketa onartu dute, baina Pakistangoek ez.

Muga irekita NATOrentzat

Pervez Musharrafen agintaldian AEBekin erabat lerratu zen Pakistan. 2007an Musharrafek boterea galdu zuenetik, ordea, Pakistango armada AEBetatik aldendu egin da; Washington kexu da armadak ez duela behar bertze egiten talibanen aurka, baina militarrak Washingtonen gehiegizko esku hartzeaz kexu dira. Iazko azaroan harremanek hondoa jo zuten NATOk 24 soldadu hil zituenean. Atzo, baina, Islamabadek jakinarazi zuen Afganistanekiko muga berriz irekiko diola NATOri, hornidurak jaso ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.