Eguberriak ezin ospatu Betleemen

Gazako sarraskia eta Israelgo armadaren oldarraldia direla eta, bertan behera utzi dituzte hirian egin ohi diren ospakizunak. «Ezinezkoa da gure haurrek Eguberriak ospatzea Gazakoak hiltzen ari diren bitartean. Doluminetan gaude», erran du alkateak.

Betleemgo basilika
Betleemgo Natibitatearen basilikatik (Palestina) ateratako argazkia. JOAN CABASES VEGA
Betleem
2024ko urtarrilaren 7a
05:10
Entzun

Eguberriak dira, eta Natibitatearen basilika huts-hutsa dago. Ez dago inor ere lerroan jarria, munduko tenplu kristaurik zaharrenetakoan sartzeko esperoan, nahiz eta urteko garai berezienetako bat den. Are, itxura guzien arabera, datozen egunetan ere ez da inor agertuko. Betleem —zeina Zisjordanian baitago, Palestinako lurralde okupatuetan— doluminetan da, Gazako zerrenda inarrosten ari den sarraskia dela eta. Azaroan izandako menia egun gutxi batzuk kenduta, 90 egun baino gehiago daramatzate eremu hori etengabe bonbardatzen, eta 22.000 lagun baino gehiago hil dituzte jada. Gainera, gosea ere gehitu behar zaio horri: orain arte, ez da halako giza krisirik erregistratu egundaino, ezta Yemenen eta Afganistanen ere. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, Gazako zerrendako herritarren laurdenak —600.000 lagun inguru— «gosez hiltzeko arriskuan» daude. Arrazoiak, hauexek: batetik, Israel misilak jaurtitzen ari da, eta, bertzetik, Erdi Arokoen pareko setioa ezarria du zerrendan, Hamasek urriaren 7an egindako erasoez mendeku hartzeko.

Ikusita Palestinako eremu txiki hori hondamenak hartua dela, Betleemgo palestinarrek diote ez dutela indarrik Eguberriak ospatzeko. Preseski, bertan behera utzi dituzte hirian egin ohi diren ospakizunak. Hanna Hanania da hiriko alkatea, eta honela azaldu du erabakia: «Egoera halakoa izanda, nola ospatuko ditugu, bada, Eguberriak Betleemen?». Bere bulegoan mintzatu da Hanania; leihotik, Natibitatearen basilika ikusten da, huts-hutsa. «Ezinezkoa da gure haurrek Eguberriak ospatzea Gazakoak hiltzen ari diren bitartean. Doluminetan gaude».

Hananiaren hitzetan, garai arrunt garrantzitsua da hau, eta, hala, Betleemgo herritarrek bakarrik ez, baizik eta zisjordaniar guziek dituzte gogoan gazatarrak: «Gazan hil direnetako anitz haurrak dira. Kiskaliak bukatzen dute, xehatuak... Gutarren aurkako genozidio bat da. Okupatzaile israeldarrek garbiketa etniko bat egin gogo dute, gure lurrez eta natura baliabideez jabetzeko».

«Urriaren 7az geroztik, turistek bertan behera utzi dituzte Betleemerako bidaiak. Gerra eta kontrolguneak direla eta, arriskutsua da hemen egotea». MAHMUDBetleemgo merkatari gaztea

Nolanahi ere, Israelen bortizkeria bera ere traba da Betleemen Eguberriak ospatzeko. Alkateak esplikatu du segurtasun arrazoi zenbaitek ere bulkatu dituztela Eguberrietako ospakizunak bertan behera uztera. Israelgo armadak noiznahi inbaditzen du Betleem, eta mehatxu horrek izutuak ditu herritarrak. «Ezin ditugu geldiarazi, ez baitugu horretarako ahalik. Gure hiriak inbaditzen dituzte, jendea atxilotu eta hil, eta ezin dugu zera bertzerik egin, nazioarteari eskatu Israel estu har dezala Palestinako Aginte Nazionalarekin egindako itunak betetzeko».

Hananiak aitortu du Betleemen botere handiagoa dutela soldadu israeldarrek berak baino. «Zernahi egiteko autoritatea dute beti. Nire hiria inbadi dezakete horretarako baimenik gabe, eta eraikinak bota ere bai. Zernahi egiten ahal dute. Eta ez dugu tresnarik haiek geldiarazteko», salatu du alkateak, etsita. Azaldu duenez, mundu zabaleko herritarrei dei egiten die horretarako aukera duen aldi oro: Palestina bisitatu dezatela nahi du, egoera bertatik bertara ikus dezatela, eta presio egin dezatela haiek ere, palestinarren eskubideak errespeta daitezen.

Hain zuzen ere, uste du palestinarrek bizirik irautea are zailagoa izanen dela hori egin ezean. Alkateak Betleem paratu du adibide gisa: «Legez kanpoko 23 kokalekuz inguratua dago. Legez kanpokoak direla diot nazioarteko legediari erreparatuta, ez Israelgoari. Israel palestinarren lurrak konfiskatzen ari da oraindik ere, kokaleku gehiago eraikitzeko, eta, Israelen arabera betiere, mundu zabaletik etortzen diren kolonoek eskubidea dute gure lurretan bizitzeko eta gure natura baliabideak erabiltzeko».

«Israelgo tropek basakeriak egiten dituzte»

«Urriaren 7az geroztik, turistek bertan behera utzi dituzte Betleemerako bidaiak», adierazi du Mahmudek, Natibitatearen basilikatik hurbil dagoen denda baten jabeak. «Gerra eta kontrolguneak direla eta, arriskutsua da hemen egotea», erran du merkatari gazteak.

«Israelgo indarrek hetsiak dituzte Betleemerako sarbide guziak. Ezin da inor sartu, ezta atera ere». Urtero Eguberrietan antolatu ohi diren herri jardueren harira, karrikak turistaz mukuru betetzen dira, eta, hain zuzen, jarduera horiek bertan behera utzi izana bertze kolpe bat da inguruko saltokientzat, jada hondoa jo baitzuten gerra hasi zelarik. Mahmudek zehaztu du jarduera horiek ez egiteak ez diela hotelei eta taxiei bakarrik eragiten, «hiri osoa» bizi baita turismotik. Bere burua paratu du adibide gisa. Dioenez, bi hilabete pasatxoan salmenta bakar bat egin du dendan.

Baina, urriaz geroztik, diru sarrerarik ez izatea ez da haren kezka bakarra. «Israelgo tropek, gauero Betleemen sartu, eta basakeriak egiten dituzte», kontatu du gazteak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.